Secciones
Servicios
Destacamos
Ahalegintzen zara handik edo hemendik datozen berriez jabetzen, ez dezala zure salabardotik ezerk ihes egin, irakurtzen duzu egunero egunkari bat baino gehiago, entzuten dituzu irratiz nahiz telebistaz ematen dituzten albistegiak, tarteka sare sozialei ere begirada bat luzatzen diezu eta, halere, badakizu ez zarela alde guztietara heltzen.
Agian erabakitzen duzu zure arreta esparru zehatz batzuetara bideratzea, kentzen dituzu zerumugatik alor batzuk, demagun kirola edo ustez famatu diren pertsonen bizitzen gorabehera hutsalak eta, halere, ez zara nahi duzun guztira heltzen eta, gainera, bilatzen ez dituzun notiziak zuregana helduko dira, futbol partida bat, ezkontza bat edo dibortziorik famatuena. Notizia batzuen atzetik zoaz, beste batzuetan notiziak doaz zure bila. Soinu zuzena ez bada, haren oihartzuna helduko zaizu edo oihartzunaren oihartzuna.
Ahalegin horretan, halako batean jabetzen zara duela ez hainbeste lehen orrialdeko berri zirenak, albistegietako lehen minututan aipatzen ziren kontuak, ia desagertu direla edo, gutxienez, itzaltzen ari direla, auskalo ze orrialdeko bazterrera pasa direla edo albistegietatik desagertu direla. Ukraina edo Gaza, adibidez. Eta aipatzen ez dena ez da existitzen.
Itsasoa titare batez hustu nahi zuenaren pare sentitzen zara. Halako batean ulertzen duzu aspalditik notiziei kasu egiten ez dietenen jarrera. Total, zergatik ahalegindu inoiz arrakastatsu izango ez den bilaketan. Zirrikitu horretatik helduko da zuregana norberekoikeriaren tentaldia. Ni, nirera, niretzat, nirekiko.
Zertarako ahalegindu munduaren norabidea ulertzen eta ulertutako hori ekintza bilakatzen. Gotortu zeurean, da agindua, hori da zure eskutan egon daitekeena, utzi gainerakoa agintarien, adituen esku. Mezu arrakastatsua, gero eta gehiago omen direlako sekula santan egunkari bat irakurtzen ez dutenak, albistegi konbentzional bat begiratzen edo entzuten ez dutenak.
Bitxia da. Inoiz baino eskurago dugu mundua esaten zaion horretan gertatzen dena eta gero eta gutxiago interesatzen omen zaio gehiengoari. Eta bitartean, gero eta gehiago bidaiatzen dugu lehen mapetan soilik zeuden lekuetara. Goaz, begiratzen dugu, ateratzen dugu hamaika argazki, bidaltzen ditugu bertatik dozenaka mezu, eta ginen horretan izpirik aldatu gabe itzultzen gara gure gotorlekura.
Ez baduzu Trumpen azken zorokeriaren berri izan nahi, hor duzu printzesaren bikinia.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.