Borrar
Bai Horixe

Txertoen kontrakoak

Gogora etorri zitzaidan Osakidetzak udazkenean kaleratutako kanpaina

Lunes, 13 de enero 2025, 01:00

Oporretan egon ote zen galdetu nion topo egin genuenean, ez nuelako azken asteotan lanean ikusi. Ezetz, esan zidan, gripeak jota egon zela, hamar egunez lanera joateko ezgai. Aldizkako lankide dut eta gure arteko harremana azalekoa da. Berrogei urte inguru izango ditu eta ezer gutxi dakit bere bizitzaz, ez dakit ezkondua dagoen, ezta ama ote den ere. Izena dakit, abizena ez dut gogoan.

Galdetu nion hartua ote zuen gripearen aurkako txertoa eta ezetz esan zidan, nazka edo beldurra adierazten zuen keinu eta guzti. Ezetz eta ezetz. Aspaldian ikasi nuen ez duzula beste inoren bizitzan sartu behar, behintzat horretarako baimena izan arte. Eta, halere zergatia galdetu nion, zer zuen txertoen kontra, zergatik ez zuen txertoa jarri aldez aurretik.

Berehala etorri zen erantzuna, zer esan behar zuen pentsatua zuenaren seinale. Esan zidan ez zuela kimikarik sartu nahi bere gorputzean. Egun aldrebesa izango nuen, baina gauza da isildu beharrean beste galdera bat bota niola. Alegia, ez ote zuen botikarik hartu gaixorik egon zen bitartean. Baietz esan zidan eta bizpahiru izen zerrendatu zituen. Ondoren, protesta indartsua egin zuen Osakidetzaren kontra, zenbat kosta zitzaion dagokion sendagilearekin hitz egitea, ze kasu gutxi egin zioten gripea zuela esan zuenean, nola utzi zuten bakarka bere gaixotasunarekin. Behintzat kilo pare bat jaisteko balio izan dit, esan zuen hitz-atze gisa.

Azkenean zuhurtziak itxi zidan ahoa handik aurrera, baina bakoitza berera itzuli aurretik egiaztatu nuen aurpegia ohi bezala makilatua zuela, masailak eta ezpainak gorri, betazalak beltz, ilea horiz tindatua eta tabako usaina zeriola. Hori guztia ere kimika duzu, adiskide, pentsatu nuen isilean.

Eta nire mahaira heldu aurretik Osakidetza izan nuen gogoan. Gogoratu nuen udazkenean plazaratu zuten kanpaina handia, iragarkiak bazter askotan, etxera bidali zidaten gutuna barne. Gogoratu nuen ze ondo antolatuak zeuden txertoa hartzeko ilarak, ze modu profesionalean jokatzen zuten prozesuan parte hartzen zuten guztiek, nola errespetatzen zuten bakoitzaren hitzordua.

Nire lankidea lizentziaduna da, ez da ikasketarik gabeko norbait, bere burua aurrerakoitzat du eta inoiz aipatu izan dit zenbat jarraitzaile dituen ez dakit ze sare sozialean, milaka bere esanetan. Eta, halere, egunero bere gorputzari gehitzen dizkion kimika guztien artean txertoena da nahi ez duen kimika bakarra.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Txertoen kontrakoak