Gogoan dut, pleistozeno betean, amak Donostian jarri zuten lehen superra ikustera eraman gintuela. Grosen zegoen eta esperientzia iltzaturik gelditu zitzaidan burmuinean, oraindik ere memoriaren araberako kokalekutik pasatzen naizen bakoitzean gogoratzen naiz. Ez nekien orduan bisita hura urteen poderioz egingo nituen enegarrenen artean lehena izango zenik.

Publicidad

Ferietarako esperientzia baino bitxiagoa, ferietara urtero joaten baikinen. Baina apaletan antolatutako oparotasun hura, sarritan guk ezagutzen ez genituen produktuz osatua, hartu eta sarreran ordaintzeko modu hura, gure ohiko janari dendan gertatzen ziren elkarrizketarik gabe… Guk ez genuen ezer erosi, baina luzaroan ibili ginen bueltaka apal artean. Amak esan zigun ez ukitzeko ezer.

Halako batean, denda osoan entzun zen bozgorailu batetik hitz egin ziguten bertan geundenoi. Kristal batez estalia zegoen leku altu batetik egiten zuen hitz gizon batek, aldamenean emakume burumakur bat zuela. Ahotsak esan zigun emakume hura lapurretan harrapatu zutela eta segituan bidaliko zutela poliziarengana. Memoriak esaten dit mezuak ez zuela bukaerako erakutsirik, baina seguru guztiok ulertu genuela esanahia.

Groseko super haren tamainako mordoska bat dago orain herri eta auzo guztietan, hiperrak ere edonon eta oraindik ez dute asmatu lapurretak guztiz ekiditeko bidea. Bitxikeria izatetik erosteko modurik arruntena izatera, buelta bat baino gehiago eman du gure erosteko moduak eta orain, gurean behintzat, aspaldian herriko plaza edo parrokia zirenaren ondorengoa da superra. Han egiten duzu topo aspaldian ikusi ez duzun adiskidearekin, zure irakasle izandakoarekin edo bikote ohiarekin.

Eta hori ez da aldaketa bakarra. Horrekin batera erosketak egiten dituzten gizonen kopurua aldatu da nabarmen. Hemen ere, salbuespen izatetik ia parekidetasunera heldu dira gizonak, batzuetan emakume batekin batera, askotan bakarka eta adin guztitakoak, erretiratu izateko adina dutenekin hasi eta gizon gazteekin buka, koadrilarekin festaren bat antolatzeko osagaiak erosten dituzten gaztetxoak ahaztu gabe.

Publicidad

Ez genuen hori pentsatu lehen super hartan, baina erosleoi gero eta zeregin gehiago ematen zaigu, salmenta gehiago, langile gutxiago. Guk hartu, guk pisatu, gero eta maizago makina baten bitartez ordaindu. Hori bai, egunotan kontatu zaigu beste zerbaiterako ere baliagarri direla superrak, nesketan edo mutiletan egiteko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad