Borrar

Hor konpon! Kito!

Nekatu da Justizia. Hemendik aurrera, gu geu konpondu behar. Errege emerituak eta Revilla jaunak erakutsiko digute bidea

Gaizka Lasa

San Sebastián

Viernes, 4 de abril 2025, 02:00

Udaberria, nerabezaroa, bigarren hiruhileko amaigabea, nekea... Auskalo! Kontua da etxeko liskarrek gora egin dutela eta lehendik ere nahiko lan bazuen epaitegiak gainezka egin duela. Txepelkeria txikienarekin ere auzitara jo behar. Hori txiki-txikitatik datorkigu, nonbait: «Aita! Ama!». Hobe esanda: «Ama, ama, ama! Aita, aita, aita!». Eta noski, bi epaile gajoak ezinean. Karga gehiegi eta baldintza kaskarrak. Oso kaskarrak. Hori gutxi ez balitz, kritika bortitzenaren jomuga, eta arrazoi osoz gainera.

Izan ere, gurason epaia ez da sekula justua –auzitegiena ez den bezalaxe–, baina nolabait itxi behar kasua, kasu gutxi eginez bada ere. Eta hor dago koska, hain zuzen ere. Arreta ahalik eta finena eskaini nahi izate horretan. Salako atea bortitz samar itxi eta aberetxo maitagarriei arazoa euren artean konpontzeko eskatzea eraginkorragoa ez ezik, bidezkoagoa ere bada. «Hor konpon!» hitz magikoek dute sarri irtenbidearen giltza.

Halaxe deritzo nekea jasan ezin duen Justiziak. Atzotik indarrean den erreformaren baitan nahitaezkoa da epaitegian demanda jarri baino lehen auzia konpon-tzeko ahalegina. Aita eta ama hor egongo dira gero ere. Aurretik baina, joka ezazue gizalegez. Ume izateari utz diezaiozue, alajaina!

Manuel Lasartek iragarri zituen heldutasunaren bi gakoak honako bertsoetan: Lehenengoa. «Konfiantza galduta or gabiltz nasketan/ardi galduen gisan guziok pusketan/denbora gutxi galtzen da alkarrizketan/okerrik aundina au da nere ustetan». Eta bigarrena. «Gixatxarrari ematen dizka naiko lanak/beste batzuen ona ezin eramanak/gauza gogorrak dira gertatzen diranak/ezagueraren faltaz datozkigu danak». Kontuen ezagutza eta hitz egiteko borondatea legearen aurretik jarriko bagenitu...

Bada, kontu honi argia jarriko dion kasu eredugarriak harrapatuta nauka. Juan Carlos Borboikoa errege emerituak iragarri du Miguel Angel Revilla Kantabriako presidente ohiaren aurka salaketa jarriko duela, bere aurka egin dituen «adierazpen iraingarriengatik». Baina hara non, salaketa jarri aurretik, abokatuak adiskidetze-ekitaldia egitea eskatu du. Baietz izan mahai eder baten inguruan eta ardo garestia tarteko! Ez dago bitartekaritza hoberik. Ezezkoan nago, baina nahiago nuke haserreak iraungo balu. 50.000 euroko ordaina, kalte moralengatik, Caritasi emango bailizkio Juankarrek.

Eta konponduko ez balira? «Hemen bakoitzak bere poesia bere politika bere bibolina bere arpegioak bere idiarena eta bere larrua jo ditzala. Eta kito. Behin eta betirako kito. Kito. Ecuador capital Quito», Xabier Lete dixit. Zauden tokian zaudela, biharko partez zorionak, Xabier.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hor konpon! Kito!