Borrar
Ixo! Ea kukua entzuten den

Ixo! Ea kukua entzuten den

Udaberrian batzuk bizitza berri bila dabiltzan bitartean, guk berri bizi-biziak, suspergarriak, pizgarriak desio ditugu

Gaizka Lasa

San Sebastián

Viernes, 21 de marzo 2025, 01:00

Hortxe dago, kilometro eskasera, beraien udaberria. Frantzia dute jomuga. Adinez nerabe baina izatez ondo zailduta dauden gazte hauek kukua dakarkite gogora. Itxaropena iragarriz bisita motza egiten digute eta hegan doaz. Gure artera etortzeko, txori txikiak bezalaxe, ez dute lan makala hartu. Kukuak negua Afrikako hegoaldean igarotzen du eta 9.000 kilometroko bidaia egin behar izaten du. Normalean, gainera, bide guztia gauez eta bakarrik. Hor nonbait Irunen ezagutu ditudan bi mutikoak ere. Boli Kostatik datoz, oroitzapenen ilunpetan. Udaberria parez pare dutela sinistuta daude behinik behin, guk kukua entzuten dugunean bezalaxe. Arrazoiak, ordea, oso bestelakoak dira. Bizitza berri baten bila dabiltza haiek, gu aldiz, berri bizigarriak topatu nahian: suspertuko gaituzten pizgarriak. Batzuk bizipozaren bila besteak biziarekin konformatzen direnean.

Euskaltzaindiak plazaratu duen Euskal Herri Hizkeren Atlasean, Leitzan jasotako ohitura zaharra aipatzen da: kukua lehenbiziko aldiz aditzen zenean, segituan poltsikotik dirua atera behar zen eta, bigarrena entzun baino lehen, dirua kukuari erakutsi. Nekez erakutsiko diote bi hauek ezer hegazti kantariari. Ez dutelako, batetik. Merezi ez duelako bestetik, oker jo baitie gehienetan, oso oker ere.

Urte sasoi berriaren etorrera aspaldi honetan iradokitzailea izan da bertsozaleontzat. Gaurko egunez hil zen Xanti Zabala 'Lexo' duela hamahiru urte. 'Auspoa' sailak jasotako haren bertso bildumak 'Udaberriz' izenburua du. Pello Esnalena da hitzaurrea: «Profeta baten ahotsa entzuten da Lexoren mintzoan. Egunerokoak hozka eginda egiten du Lexok hoska». Bada, hoska gehiegirik egin gabe joan dira bi afrikarrak Hendaiaruntz. Hozka latzak jasotakoak. 'Izango al dute udaberri berririk?', pentsatu dut neure artean, Lexoren bertsoarekin gogoratuz: «Zein mezuren udaberri ote dakarzu, Kuku?/Zure ku-ku hotsak badu horrenbeste ezkutu/Misterio barru hori nahi nuke ezagutu/Berri onik ez baduzu, egon zaitea mutu».

Nolanahi ere, isiltasuna da kukuaren kantua entzuteko ezinbesteko baldintza. Isilik egon ezean, nola sumatu ku-kua? Ez txoriarena, ez migratzaileena, ez langabetuena, ez hizkuntza gutxituena, ez inorena! Maialen Lujanbiok Chillidaren hutsuneen harira halaxe abestu zuen: «Begiratu gaur egun zer nola gabiltzen/ tenpo patsadatsuan ez zait iruditzen/ ze zarata musiken/ ze zarata hitzen/ eta mugimenduen eta argi printzen/ ta publizitateen/ ta soinuen izen/, ia isiltasuna ez da existitzen».

Ixo! bada, ea kukua entzuteaz gain, beste premiazko garrasi batzuk ere iristen zaizkigun.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ixo! Ea kukua entzuten den