2015eko irailean hasi nintzen egunkari honetan aldiro idazten, gehien bat nazioarteko politika eta Europar Batasunari buruz. Gauza guztiek dute amaiera, eta zutabe honi iritsi zaio agur esateko unea.
Publicidad
Munduaren eraldaketa oso sakon baten lekuko izan gara azken 35 urtetan, gertakari hauei esker: internet, Sobietar Batasunaren suntsipena, globalizazioa, sistema finantzarioaren eta bere produktuen hazkunde ikaragarria, informazio- eta komunikazio-bide berriak sare sozialen bitartez, Txina superpotentzia bilakatzea... Datozen bizpahiru hamarkadetan eraldaketa hori areagotu egin daiteke: Inteligentzia Artifiziala, robotika, krisi klimatikoaren ondorio izugarriak, demografia (Europaren zahartze geraezina, besteak beste) eta immigrazio-mugimenduen gorakada izango dira faktore nabarmenenak.
Horrek guztiak politikagintzan izan du eragina, jakina. Mendebaldea kontzeptu politikoaren barruan dauden herrialdeetan eskuin muturra asko indartu da, hiru lelo politiko hauekin: immigrazioari stop, ultranazionalismoa eta balio 'tradizionalei' eustea (familia-eredu sexistarenei, adibidez). Balio sozialak ere aldatu egin dira. Diruzalekeria eta hedonismoa (dibertsioa eta bidaiatzea, batez ere) sendotu egin dira, eta lanari eta esfortzuari lotutako balioak, berriz, ahuldu. Gazteek etorkizuna ilun ikusten dute (lehen ziurtasuna ematen zuten lan iraunkorra eta etxebizitza eskuraezintzat jotzen dituzte). Bestetik, demokrazia prestigioa eta efikazia galtzen ari da, eta autoritarismo politikoa, berriz, indartuz doa.
Paradoxa deigarriak ari dira gertatzen. Komunista deitzen den alderdi batek dominatzen du kapitalismoaren logikan murgilduta dagoen Txina. Komunismoaren nostalgikoek tsarren garaiko Errusia inperialista eta kontserbadorea berrezartzen ari den Putin gurtzen dute. Eta Holokaustoaren biktima izan zen judutar herriak sortutako Israel (bere gobernua) palestinarrak hiltzen ari da.
Europako estatuak (Erresuma Batua, Frantzia eta Alemania, nagusiki) gainbeheran daude. Hori sozio-politikoki gestionatzea konplikatua da, eta ondorioak izango ditu EBn (lehena izan du: Brexita). Bestetik, EB irautea ez zaie batere interesatzen munduko potentzia handiei. Testuinguru horretan, mugakide dituen Errusia, Turkia, Erresuma Batua eta Magrebeko herrialdeekin harreman seguruak eta emankorrak finkatu beharko ditu EBk. Erronka horrekin batera, badira beste bi inportante: Estatu soziala mantentzea, eta etorkin-kopuru gero eta handiagoak dituzten gizarteen dibertsitate etnikoa eta kulturala kudeatzea.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.