Maiz, maizegi, gertatzen da munduko lekuren batean gizakiek, familiek, beren etxea utzi behar izatea, eta etorkin edo errefuxiatu bilakatzea egun batetik bestera. Batzuetan, goseak, pobreziak edo etorkizun hobeago baten itxaropenak bultzatzen ditu gizon-emakumeak (adingabekoak barne) atzerriratzera. Beste batzuetan gerrak izaten dira populazio-mugimenduak eragiten dituztenak. Erbesteratze kasu batzuk ez dira oraingoak, eta haiek sortutako eraso eta arazoek ez dute konponbiderik aurkitu orain arte. Hor jarraitzen dute, adibidez, milaka pertsona askok Palestina edo Mendebaldeko Saharatik kanpo, derrigorturik. Beste herri edo etnia batzuetako gizon-emakume eta ume asko erbesteratu behar izan dira azken hamarkadetan: bosniar musulmanak, siriarrak, kurduak, eritrearrak, kongoarrak eta abar. Ikaragarria da deserriratzea, norberaren etxea eta herria derrigorrez utzi behar izatea.

Publicidad

Nagorno-Karabakh, Artsaj edo Karabakh Garaia Kaukason dagoen lurralde bat da. Azerbaijanen barruan dago, baina biztanle gehienak armeniarrak dira. Sobietar Batasuna desegin ondoren, Armenia eta Azerbaijanen arteko etengabeko gatazka egon da lurralde haren kontura. Gerrak ere bai. 1994an amaitu zena karabakhtar independentistek eta armeniarrek irabazi zuten, baina 2020an Azerbaijan irten zen garaile. Azken hau asko indartu da militarki (petrolioa eta gasaren diru-sarrerengatik), Turkiaren apoio estua lortu du, eta beste potentzia batzuen inhibizioa (Errusiarena eta EBrena, nabarmenki). Gertatutako gerrek exodoak eta hilketak ('garbiketa etnikoak' askoren esanetan) eragin dituzte. Bere burua fuerte ikusi du azeriar gobernuak, eta puntilla eman nahi izan dio Nagorno-Karabakhen egoerari, operazio militar azkar baten bidez. Armeniako armadak ez du esku hartu, gudua galdu egingo zuelakoan. Pashinian armeniar gobernuburuak negoziaziorako bidea hartu du, eta, EBren bitartekaritzari esker, badirudi Granadan hasiko dela hori. Artsaj lurraldeak bere autogobernua galduko du, eta dozenaka mila karabakh-armeniarrek bere lurra utzi beharko dute. Gatazka eta ezegonkortasun handiak sortuko ditu horrek Armenian. Badirudi Pashinianen helburua dela AEB eta EBra hurbiltzea (eta, azken finean Armenia EBn sartzea Georgiarekin batera). Nola erreakzionatuko dute Errusia eta Turkiak? Ez ondo.

Otomandar inperioak armeniarren aurkako genozidioa egin zuen XX.ean. Horregatik eta beste hainbat arrazoirengatik, armeniar jatorria duen diaspora jendetsua da, batez ere AEBn, Errusian eta Frantzian, baina eragin gutxikoa.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad