Moskuko kontzertu-areto batean modu indiskriminatuan tirokatzea dozenaka pertsona erailez terrorismoa da. Lur hiztegi entziklopedikoak honela definitzen du: «politika helburu bat lortzeko izua sistematikoki erabiltzea». Atentatua erreibindikatu duen ISIS edo Estatu islamiarra taldeak zenbait atentatu egin ditu bere ibilbidean populazio zibilaren aurka, izua sortuz eta ... inor bereizi gabe erailez. Helburu edo motibazio politikoa dute bere ekintzek, neurri handi batean mendekua. Talde terroristak, ekintza erreibindikatu duenean, kristauen aurka jardun zuela esan du. Deigarria da hori. Atentatu terroristak egin aurretik, etsaitzat hartzen den talde bat identifikatzen da, eta haren aurka gorrotoa zabaltzen da, indarkeria erabitzen duen taldearen ekintzak justifikatzeko eta bere jarraitzaileen apoioa mantentzeko.

Publicidad

Errusiak ekintza armatu oso bortitzak egin ditu populazioaren gehiengoa musulmana den zenbait herrialdetan, hala nola Txetxenian edo Sirian, edo bere interesak Afrikako Sahel erregioan defenditzeko ISISen aurka jardun du. Ekintza horietan oinarrituko du seguruenik talde horrek bere atentatu basatia. Argi eduki beharko genuke ezein indarkeriak giza eskubide oinarrizkoenak urratzen dituela eta, hartaz, gaitzesgarria dela. Eta, bestetik, azpimarratzekoa da kristauen aurkako gerra bat bultzatu nahi duela ISISek, errusiar ortodoxoen aurka, baina baita estatubatuar ebanjelikoen edo europar katoliko zein protestanteen kontra.

Estatu batzuek ere praktikatzen dute terrorismoa. Israel Gazan egiten ari dena, adibidez, horrela kalifikatu behar da, edo EABk edo Errusiak hainbat kasutan egin dutena ere bai. Terrorismo batek ezin du, dena den, inoiz beste bat justifikatu; denak dira arbuiagarriak. ETArena gaitzesgarria zen, eta GALena ere bai. Hori argi ez duenak arazo larri bat du giza eskubideak ulertzeko edo defenditzeko. Ekintza terroristei aurre egiteko orduan, dena dela, gorrotoa eta gizatalde oso baten aurkako jarrerak ekidin behar dira; hala nola, islamofobia edo antisemitismoa.

Halaber, terrorismoaren definizio juridiko edo politikoak ondo neurtu eta mugatu beharko lirateke. Puigdemontekin gertatzen ari dena, adibidez, esperpentikoa da. Errusian ni terrorista izan ninteke gay aktibismoa egingo banu. Hango Auzitegi Gorenak eta Gobernuak kategoria horretan sartu dituzte hango LGTBI taldeak. Eliza ortodoxoaren doktrina ultrakontserbadorearen eragina gero eta handiagoa da Errusian, agintari politiko eta epaileengan. Ikaragarria da noraino iritsi daitekeen homofobia.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad