Secciones
Servicios
Destacamos
Notre Dameko plazan kantuan hasten denean, Arantxa Iturbe uhinetan zehar solasean, Rozalén Xalbadorren heriotzean kulunkan, Leire Bilbao errezitatzen, Elvira Sastre poesia biluzten, Aitziber Garmendia publikoarekin jolasean, andereño ahots gora irakurtzen, Maialen Lujanbio hitzekin magia egiten, Silvia Intxaurrondo eztarriak eta tripak estutzen, Ane Irazabal esana begiradan korapilatzen, Ainhoa Garmendia giroa zulatu eta betetzen... une horietan aireak musuak marrazten ditu eta plas-plas-plas bularrarteak hegan egiten du hara eta hara. Han edertasuna dago. Eta irribarre bat iristen denarentzat zorion.
Altu barre egitea gustatzen zait. Ozen. Eskandaluka. Ahoa eztarriraino irekitzea. Besteen argietara iristea. Barrez bada, besteen isiltasuna urratzea. Esatea bagarela. Atera egiten zait. Askotan ez, baina tartean-tartean maiz. Gustatu egiten zait. Behin batek esan zidan (behin bakarrik, batek bakarrik) baxuago egiteko barre. Algaraka aritzea ez zela femeninoa. Hortzak erakutsi nizkion. Irriz eta malkoz. Irriz niregatik. Malkoz beragatik. Gajoa. Altu barre egitea gustatzen zait. Ozen. Diskreziorik gabe. Eztarria saltoka. Kalean. Jendaurrean.
Beti egin daiteke oin-zolarekin kris-kras. Gehiago zapaldu lehendik zapaldua zegoena. Lehen irrati ibiltariak ziren Afganistango emakumeak. Ahotsa debekatu diete orain, publikoki ahots soinua aske bibratzea. Eta, noski, ahotsaren bidez adieraztea, hurbiltzea, ukitzea, emozionatzea, maitatzea, eztabaidatzea. Ahotsaren bidez nor izatea. Lehen irrati ibiltariak ziren Afganistango emakumeak. Orain itzal dira. Laster harrizko estatua bihurtuko ditu. Afganistango Gobernuak. Legez.
Eta guk betikoari helduko diogu. Zutabeak idatziko ditugu egunkarian eskubide urraketa larria dela salatuz, txioz eta mezuz josiko ditugu sare sozialak, egoera arbuiatzen dugula adierazteko irudiak asmatuko ditugu gure profil digitaletarako, NBEak Afganistanerako duen kontalariak Afganistango emakumeen egoera genero apartheid gisa definituko du, ahots gorako protesta bateratuak egiteko nazioarteko deialdiak egingo dira. Garrasi egingo dugu. Baina beste behin (beste behin, beste behin, beste behin), munduak (nik, zuk eta hark) ez du bidegabekeria onartezin honen aurrean egin beharrekoa egingo. Eta gainera, ondoan ditugun ume eta emakumeak (bai, batez ere ume eta emakumeak) isilaraziko ditugu (guk, guk, guk) behin eta berriz. «Zu isilik!». Zenbatetan esaten eta entzuten dugu halakorik? Ahotsa askatasuna da.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.