Ezkurra erein genuen eta artea jaio zen. Lehenengo hosto ttikia bistaratzean, zalantza egin genuen artea edo haritza ote zen jaiotzen ari zena. Bi motatako ezkurrak sartu genituen lurpean eta batek ikusi zuen argia. Lau urte beteko ditu udazken honetan. Tente dago, beso luze, lur eremu zabalago baten gosez. Tarteka ondoan esertzen natzaio eta kontatu egiten dizkiot kontuak: Tuterako zezenak non behar lukeen, selektibitateak noiz utziko dion selektibitate izateari, Arrasateko gurutzearen gurutzea, etxebizi- tzek nolakoak eta norentzat behar duten izan, Kongresuko barre negargarriak, Euskadi Literatura Sarietan finalista izan dela Nor eta ze poza eta ze pena, Gasteizko Guardia Zibilak esan beharrekoak esango balitu, ile-apaindegira joan beharko nukeela, La Cumbrek behar duela gune eta orain dela unea... Entzun egiten dizkit. Eta hostoak mugitzen ditu. Eta gero agur eta agur.

Publicidad

Quercus generoko zuhaitza da artea, hosto iraunkorrekoa. Zuhaitz sakratu- tzat hartzen da artea hainbat tradiziotan; besteak beste, euskal mitologian. Sendotasunaren eta bizitza luzearen sinbolo da: 1.000 urte baino gehiago bizi daiteke.

123 urte ditu Altzagakoak. 3,6 metroko zirkunferentzia du eta 16 metro da luze. Orain bera dagoen toki berean, aurrez, 300 urtera iritsi zen beste arte zahar bat egon zen. Pasa den ostiralean beso artean estutzen saiatu nintzen. Enbor gogorra eta azal zartatua du ordea; laztan zakarra eskaintzen du bueltan. Larunbatean itzuli nion bisita bigarrenez. Artéa eta ártea elkartu ziren tokian zerbait lehertu zen pox-pox. Udazken kulturala antolatu du aurten lehenengoz Altzagako Udalak. Bejondeiola. Olatz Salbador, Ines Osinaga eta Gari joan dira bisitan Gipuzkoako Goierriko herri ttikira. Ines entzuteko aukera izan nuen, eta zer nahi duzue esatea politok... Artéaren ondoan Ártea egiteak horrelako zerbait izan behar du. Begietara begirako kontzertu bat izan zen, asmatu zuen entzuleetariko bakoitzaren lotsa, beldur, nostalgia, kezka eta gainerako guztiekin saltsa-maltsa ederra sortzen.

Txikiak salbatuko gaitu, bota zuen zapla Inesek. Txikitik gutxi izan zuen, ordea, Altzagan bizitakoak. Artéa erraldoiaren babesean, Árteak erraldoi irentsi gintuen. Gozoa eta interesgarria da ondorengo egunetan liseriketa indibidual eta kolektibo baten parte sentitzea eta emozioak eta burutazioak eztenka somatzea.

Txikiak salbatuko gaitu. Handi izaten asmatzen badugu. E, Tutera, Arrasate, Kongresua, Guardia Zibila, La Cumbre...

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad