Secciones
Servicios
Destacamos
Nik ez dakit zer ari zaigun gertatzen. Bai, badakit, lehen ez ziren hobeak eta orain ez dira okerragoak. Umeak. Edo zaharrak. Edo gazteak. Emakumeak edo gizonak. Emakume ez direnak eta gizon ere ez. Lehen ziren zirenak eta orain dira direnak. Baina hariak hari dira eta korapiloak korapilo, eta gertatzen direnak ez dira ezerezetik sortzen. Alegia, direnak zirenetik sortuak direla. Lehen subnormal eta marikoi egiten zen oihu eskolako patioetan, orain autista eta transexual. Bere harridura ikur eta guzti, bere mingain-zimur eta guzti, begiak atera beharrean. Oihuka egiten da irain. Botaz. Barruak. Norabait.
Semea etorri zait galdezka ea autista hitzak zer esan nahi duen. Seigarren mailako ikasle batek esan diola hirugarren mailako bati. Ez dela lehenengo aldia. Maiz zabaltzen omen da oihartzuna. Iraintzeko erabiltzen dutela. Zerbait txarra da, ezta, ama? Umearen logikak horrela hartzen du su eta lur. Transexual! egin zion oihu hirugarren mailako beste ikasle batek transexualitate egoeran ez dagoen seigarren mailako beste bati barne haserrea askatzeko. Oihu. Irain. Zerbait txarra da, ezta, ama? Eta horrela handitzen dira elur-bolak, eta horrela bihurtzen dira umeak gaztetxo, eta gaztetxoak heldu. Baina ume izan aurretik, zer ziren «autista» eta «transexual» oihukatzen duten ume horiek ume izan aurretik? Irainka ari den horren ondoan pertsona autista edo transexuala eseriz gero, irainka ari den horren hitz parrastak zein norabide hartuko du?
Nik ez dakit zer ari zaigun gertatzen. Autista eta transexual hitzek zer esan nahi duten ez dakiten umeek autista eta transexual egiten diote oihu etsaitzat hartzen duten parekoari. Halakorik dioenak eta halakorik entzuten duenak barneratzen duena pozoia baino ez da, eta errealitateari haginka egiteko itsutasuna.
Plazako eserlekuetako batean eseri gara semea eta biok. Plazari begira asko ikasten da. Ikasten da egoten eta aritzen, begiratzen eta ikusten, izaten. Ume bat aireari ari zaio aho-bete, esku-bete, beso-bete. Umea aireari ari zaio barre-bete. Badirudi lekuz kanpo bezala dagoela, badirudi bera ez dela puzzleko piezetako bat, badirudi itsasoa duela esku artean. Hurbildu eta zerbait esan digu. Zerbait esan digu bekainartearekin. Plaza isilik dago gainerakoan. Inork ez dio ezer esaten ume horri. Eta hori da arazoa, inork ez diola ezer esaten ume horri. Nik ez dakit zer ari zaigun gertatzen. Subnormal eta marikoi iraintzat erabiltzen genituenon seme-alabak autista eta transexualka ari dira.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Los libros vuelven a la Biblioteca Municipal de Santander
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.