Borrar
Egin kontu

Azpimarrak

«Inoiz pentsatu al duzue etorkizunari ze arrasto utzi nahiko zenioketen?» Zer pentsatua ematen du...

Jueves, 27 de febrero 2025, 01:00

Orain dela hogeita bost urte, norbaitek edo norbaitzuek, ETAren izenean, herri honen izenean (benetan?), herri honen askatasunaren izenean (sinesten lanak), gorrotoak (edo auskalo zerk) barruak janda, Fernando Buesa Blanco eta Jorge Díez Elorza hiltzea erabaki zuten. Lehergailua eztandarazi eta ihes egin. Herri honen askatasunaren izenean, herri honen izenean, auskalo zerenean. Hogeita bost urteren ondoren, modu bateratu eta irmoan, altu eta ozen, hilketa haiek bidegabeak izan zirela, ez zutela gertatu behar, ez zutela ezertarako balio izan, eta eragin zuten eta oraindik eragiten duten sufrimendu eta minaren aurrean banako eta herri gisa bat egin eta gizatasuna adierazteko gai ez gara. Zeren beldur gara? Zein da gure miseria? Ederra herria gurea!

Pasa den larunbatean Fernando Buesa Fundazioak antolaturiko 'Etorkizunerako argi' ekitaldian parte hartzeko zoriona izan nuen. Zoritxarrez zorion. Eseri eta aurrean egokitu zitzaizkidan Marta eta Sara Buesa eta bien ama. Esku horiek. Ekitaldiak iraun bitartean elkarri korapilatuta bat egin zuten hatz horietan pausatu nituen begiak. Non bestela? Mina ikusi egin behar da. Hatz horien korapiloan bizi da Fernando. Sarak eszenatokian hitza hartu zuenean soilik goratu nuen begirada. Eta gogoa. Arrosa gorri-gorri eder bat eskuetan hartu eta zuzen-zuzenean hitz egin zion hari. Aitari. Batzu-batzuk, asko batzuk, baginen arren, herri oso bat falta zen Gasteizko Europa Biltzar Jauregian eta Sarak esanak guztiok entzun beharrekoak iruditu zitzaizkidanez, hona azpimarra batzuk:

«Zaila da zauriaren sakontasuna adieraztea, hutsunea ariman, zu ez egotearen mina. Izugarri sentitzen dut zure hutsa...». Isilik jarraitu behar du herriak? «Orain hobeto gaude, baina oraindik oso presente ditugu tribuaren pentsamoldea, gorroto-txingarrak eta bestea baztertzea. Sentipena dut elkarrekin harremantzen ez diren geruzak dituela gure gizarteak. Ez dute elkar aintzat hartzen. Zirkulu itxiak dira, elkarrenganako axolagabeak». Beldurgarria dirudi, ezta?

«Batzuetan sekulako zama sentitzen dut sorbalden gainean, memoria egiteko eta adiskidetzeko ardura biktimena balitz bezala. Batzuetan sentitzen dut errealitate gogaikarria garela». Ez ote digu lotsarik ematen? «Inoiz pentsatu al duzue etorkizunari ze arrasto utzi nahiko zenioketen?» Zer pentsatua ematen du... Galderei erdizka, hanka-motz, hitz-motz, maitasun-motz erantzuten dien herria da gurea. Erdizka egiten duena argi. Ez ote diogu geure buruari puska bat gehiago eskatuko!

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Azpimarrak