Borrar
Egin kontu

Eskale

Begiratu, eskua luzatu eta dirua eskatzen duenak, lurrean eserita egon arren, pentsatu egiten baitu

Jueves, 20 de febrero 2025, 01:00

Egunero ikusten dut lurrean eserita. Abiadurari bultzaka lanera bidean noala, ikusi egiten dut. Nahiago nuke ikusiko ez banu. Begiratu arren, ikusiko ez banu. Kontzientzia lasaiago nuke. Baina ikusi egiten dut. Eta gainera, begiratu egiten diot. Eta kaixo esaten. Zer gutxiago. Begira-begira izaten duzunari egun onak ematea. Irribarre egiten diot gainera. Uste dut irribarrea ateratzen zaidala kaixo esaten diodanean. Ez ote du gaizki hartuko. Barrerik gabeko irribarrea izaten da. Ikusten zaitut esateko nire modua. Auskalo zer pentsatzen duen. Begiratu, eskua luzatu eta dirua eskatzen duenak, lurrean eserita egon arren, pentsatu egiten baitu.

Banoala, banoala, pentsatzen dut gustura eseriko nintzatekeela bere ondoan. Eta hitz egin, eta jardun, eta elkarri bizitza puska bat eman. Izena galdetu. Nor den galdetuko nioke gustura. Kartoi zati horretan zer ez den kabitzen. Esango nioke baietz, badakidala nire lagun-min batek termoan ur beroa eraman ziola bizpahirutan poltsa berorako. Niri lotsa emango lidakeela hori egiteak. Marka dela gero, laguntzeak lotsa ematea. Baietz. Lotsa dela, edo, auskalo zer. Joan beharraren presa aitzakia dela. Eta, hala ere, sinetsarazi egiten diogula geure buruari. Joateko gaudela bizitzan. Ahal dela, korrika txikian. Eta nola geratuko garen kalean eskean dagoen baten ondoan. Lotsa, erreparoa. Pentsatu nahi dut ez dela axolagabekeria. Baina auskalo. Karitatea, sistema, estruktura, erakundeak, erantzukizunak, dena pila-pilan jarri eta aurrera egiten dugu. Lasai edo. Goazen toki horretara garaiz iristea, ez dugu besterik buruan. Eta oinetan.

Gaur zure ondoan eseri naiz. Pentsatu gabe. Hurbildu eta eseri. Esan dizut ez dudala txanponik poltsikoan. Ur berorik ere ez. Esertzeko makurtu naizela. Sentitu nahi dudala zer ikusten den behetik. Oinek airean egiten ote duten korrika. Yaribel duzula izena esan didazu. Eguzkiaren pareko distira egiten duena. Zer?, galdetu dizut. Hori esan nahi duela zure izenak, zuk bueltan.

René Robert argazkilariaren historia kontatu dizut. Duela hiru urte Pariseko kaleetan hil zela, izoztuta. Axolagabekeriak hil zuela. Erori eta konorterik gabe geratu zela bederatzi orduz. Eta inork ez ziola lagundu. Etxerik gabeko pertsona zela pentsatuta, inor ez zela laguntzera hurbildu.

Ea horrelakorik gertatuko zaizun galdetu didazu. Kaleak abandonatzen banau, orduan zer? galdetu didazu. Eta nik betaurreko beltzen atzetik begiratu dizut, eguzkiaren pareko distira egiten duzula sinetsarazi nahian.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Eskale