Borrar
Egin kontu

Itzala

Baina itzalean gaudenez, zuk hogeita hamaika eskutik. Itzala erreala da, benetakoa, ukitu eta zeharkatzen zaituena Potolo horietakoa

Jueves, 25 de julio 2024, 02:00

Gaurkoa oporretako zutabea da. Nagoen honetatik idazten dizut. Nire ondoan eseri nahi baduzu, harrizko eserleku hotz-fresko honetan badago zuretzat tokia. Isilik egon gaitezke nahi baduzu, beti ez dago zerbait esaten aritu beharrik. Nahi izanez gero, itxi begiak, nik idatziko dizut-eta betazalez bestaldekoa. Zu eta ni. Ez dago beste inor inguruan. Ederra dago giroa.

Eguzkia borobil. Esfera perfektuaren argitasunak su-printzak askatzen ditu; txinparta iheslariak dira, azal gaineko izerdi zipriztinei kilima itsaskorrak egitera datozenak. Ez fidatu maitasun keinuaz, baina bizkarrik ere ez eman, badaezpada ere. Bizitza hor ere badago. Baina itzalean gaudenez, zuk hogeita hamaika eskutik. Itzala erreala da, benetakoa, ukitu eta zeharkatzen zaituena. Potolo horietakoa. Bistan-bistan beroa. Eta ez da iristen. Itzal lodia da hau. Izango da agian metro bete eskasera dugun iturri parrastariarengatik. Iturri zirkularra. Erdiguneko indarretik ari du ura gora eta gora. Erori egiten da gero alboz eta ipurdiz. Soineko busti dantzaria dirudi iturriak, gonak aske. Begiak sartu ditugu bertoko uretan. Paisaiak merezi du negar pixka bat. Hartu arnasa. Nahi duzun tokiraino.

Urdin dago zerua. Urdin naturala da. Hatz erakuslearekin arrastoa utz zenezake. Zeruan. Esnegaina dastatzen ariko bazina bezala. Zu aurretik. Plazera bikoitza. Urdina ez da haserretuko. Orbandu lasai. Eta zurrupatu hatz punta. Balkoi bat dago hor aurrean, zuhaiztiaren mugan. Eta gero zuloa. Auskalo nondik, batek jakin nora. Begiradak zintzilik egin ditzake segundo bat, bi, hiru eta salto han goiko mendi garaietako belardietara ondoren. Ez dago esan beharrik: oinutsik gaude. Urarena da inguru hau. Belarra bera ere edangarria da bi mila metrora. Belarra bera ere ur jauzi bat da. Eta ze polita! Mendi jarioa lagun kuadrilla bat da, besoa besoari emana, sorbalda gainetan korapilo. Mendi-lagun-katea argazkia atera diezaiogun prest dago. Irribarretsu. Pa-ta-ta. Ez, ez hartu mugikorrik. Ez duzu zertan argazkirik atera. Oroituko zara. Oroituko duzu. Ze ordu den ere ez begiratu. Eguzkia altu dago. Eta borobil. Ez dizut esango non gauden. Berdin dio. Bagaude. Eta bagara.

Eta kitto. Honaino oporretako zutabea.

Sentitzen dut, baina akabo magia. Palestina negarrez ari da. Han ere esfera perfektuaren argitasunak su-printzak askatzen ditu. Eta haiek ere eguzkiarenak izan nahi dute. Erantzuleak erantzule, ez ote garen ari denok itzal potoloegia sortzen.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Itzala