Secciones
Servicios
Destacamos
Gorputz hautsi hori. Gorputz ubel hori. Gorputz etzan hori. Ez dagoen gorputza da hori. Egurtua. Zapaldua. Garrasi isila da bere horretan. Gorputz hori. Gorpu hori. Ezkutatua. Estalia. Itxia. Zuloan. Ezerezera murriztua. Berrogeita lau urte dira gaur Joxe Arregi Espainiako Polizia Nazionalaren torturen eraginez hil zela. Hil egin zen. Hil egin zuten. Hil egin zioten. Bizia.
Hala erabakita. Torturatu, erabakita egiten da. Nor bere ekintzen jakitun dela. Eman eta eman eta eman. Sartu eta sartu eta sartu. Itxi eta itxi eta itxi. Biolentziaren basatikeriatik. Urtetan eta urtetan aitortu ez den errealitate krudelaren sokak tenkatu ditu azken-azken-azken urteotan hari solteak. Hari-matazak onartu nahi zena baino bolumen handiagoa du. Korapilo gehiegi eztarrian, urdailean, garun-burmuin-memorian. Orain dela urte gutxi pentsaezinak ziren eta beharrezko eta ezinbesteko diren pausoak ematen ari dira erakundeak. Hitz-hartze publikoak behar dira, ordea, arduren eta erantzukizunen agerikotasuna. Egiaren borobiltzea. Duintasunaren oinarriak finkatzea. Eta hori, etortzekotan, indarkeriaren aho-beteko deslegitimaziotik etorriko da.
Mahaikide bati entzun nion behin. Amari ezin ziola kontatu. Beste inori ere ez, baina amari ezin izan diola sekula torturaren zehaztapenik eman. Nola kontatzen diren unekako desagerpenak. Ordutik horrela bizi dela, orain bai, orain ez, orain bai, orain ez. Saiatzen dela amari eusten, baina ikusezina den zerbaitek ihes egiten diola. Eta ez dagoela eskubiderik. Hain zuzen ere. Ez dagoela eskubiderik.
Arrastaka bizi dela entzun nion beste bati. Arrastaka daramatzala oihuak eta garrasiak. Une askotan bere minaren itzal bihurtu zela. Hiltzea, ez zuela besterik desio. Saiatu ere saiatu zela hiltzen. Baina hori ere tortura bihurtu zutela. Ezin hila. Eta orain apenas egiten duela lo. Goizak beldurra ematen diola. Esnatzeko moduak. Kolpeka irekitzen zaizkiola begiak eta argiak burla egiten diola. Ea hori zer den.
Emakumeak eta tortura. Gorputzaren erabateko lapurreta. Eta hiru puntu suspentsibo. Esan dit hirugarren batek: Irati, emakumeak eta tortura, hori da hiru puntu suspentsibo.
Torturaren aurkako Euskal Herriko eguna da gaur. Egiaren borobiltzea. Duintasunaren oinarriak finkatzea. Hori, etortzekotan, indarkeriaren aho-beteko deslegitimaziotik etorriko da. Eta etorri, etorriko da, baldin eta ekartzen badugu. Lana dagoela egiteko, alegia.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
El origen de la expresión 'joder la marrana' y su conexión con el vino
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.