Borrar

Hemen bertan irakurri dut Joxan Ormazabalen omenezko ekimena jarri duela abian Elkar argitaletxeak. Hamar urte baitira hil zela. Bizi izan balitz, maiatzaren 2an 72 urte beteko zituen eta hamaika izango ziren lantokitik erretiratuta bizi zela. Baina orain dela hamar urte alde egitea erabaki zuen, bere buruaz beste egin zuen eta pena galanta izan genuen.

Honezkero jakingo duzue: hamaika liburu publikatu zuen umeentzakoak, Pernando Amezketarrari buruzko liburu oso-oso irakurria ere taxutu zuen, eta hiru hamarkadatan zehar Elkar argitaletxeko editorea izan zen, hainbat autoreren liburuez arduratu zelarik. Gizon oso atsegina zen. Beharbada biok Aizkorpekoak garelako, bera zegamarra ni Legazpikoa, bageneukan halako lotura afektibo oinarrizko bat, automatikoa, eta harremana gutxitan izan bagenuen ere nahikoa zen, nire aldetik behintzat, adiskidetzat edukitzeko. Behin esan zidan «profeta» nintzela, euskarazko liburu guztien aurkezpenetara azaltzen nintzelako, gero albiste emateko. Harro sentitu nintzen, ez baitzen edonork esandako hitza.

Behin, nik esan nion Oa mendi aldean ibili berria nintzela (hango harrobiko harriekin egin zuten Legazpiko parroki eliza) eta erantzun zidan berak ere paseoa eman zuela inguru hartan esandako igande horretan. Oker ez banago, bere baserria alderdi hartan baitzegoen. Pentsatzen dut paseo hartan izadia janez ibiliko zela, txorien kantuak bereiziz, loreei erreparatuz, gero bere liburuetan ederki sumatzen zenez.

Bere belaunaldiko ohiko kurrikuluma izan zuen: lehenbizi seminarioa, gero Magisterioa, gero ikastolako irakasletza, geroago kultur arloko profesionalizazioa. Oso zegamarra zen, baina ezkonduz geroztik Tolosan bizi zen. Hiltzera, berriz ere Zegama aldera egin zuen.

Normala denez, urteak aurrera joan ahala, liburu hobeak eta hobeak publikatu zituen. Nik bi gomendatzen ditut, 2007ko 'Ilunorduak eta argilaurdenak' eta 2010ko 'Ehun ipuin hitz gutxitan'. Hona hemen azken honetako aletxo bat, non heriotzari buruz ari den:

Heriotza ikusi dut

neure aurretik,

atzetik korrika.

«Geldi hor!

Ez, ez, horri ez!« esan diot.

«Baietz, ba, baietz»,

erantzun dit.

Azkar harrapatu zaitu

mamu beltzak atzetik.

Ez dakusat geroztik

nire aurrean inor.

Atzetik datorkit Herio.

2007an 'Ilunorduak eta argilaurdenak' publikatu zuen, haurrentzako poesia-liburua, baina helduontzat ere liburu egoki askoa. Han, igarkizuna publikatu zuen heriotzari buruzkoa:

Etortzen direnak

joan bai;

joaten direnak

etorri ez.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Joxan eta biok