«Ez da tuntuna, alferra baizik». «Ikasteko gaitasuna badu, baina lan egitea kostatzen zaio». «Ez du arretarik jartzen gelan, berehala despistatzen da». Halakoak eta antzekoak behin eta berriro entzun behar izan zituen Maitek bere alabaren irakasle eta tutoreen ahotik haiekin biltzen zenean. Urtero diskurtso bera. Eta, urtero emaitza kaskar berberak buletinean. Berak, ama arduratsua izaki, behin eta berriz kargua hartzen zion alabari. Irakasleak esandakoari adi egoteko, arduratsuagoa izateko, gehiago ikasteko. Zigor ezberdinekin ere egin zuen proba. Orduak eman zituen, halaber, bere alboan eserita etxekolanak egiten laguntzen; behin eta berriro lezioa errepasatzen. Baina ezer ez zen aldatu horren guztiaren atzean diagnostikatu gabeko arazo bat zegoelako: arreta defizitaren nahasmendua.
Publicidad
Duela 30-40 urteko istorioa izan zitekeen hauxe. Halako nahasmenduak gehientsuenontzat ezazagunak ziren garaikoa, alegia. Ez, bada. Maiteren alabak 16 urte ditu eta bere eskola ibilbidearen amaieran, ia unibertsitate atarian, diagnostikatu berri diote ibilbide osoa baldintzatu dion defizita. Deigarria iruditu zitzaidan Maitek kontatu zidanean. Horrenbeste gazteri eragiten dion arazoa izanik –zenbait ikerketaren arabera, Euskadin gazteen %5ak du arreta defizitaren nahasmendua–, hedabideetan behin eta berriro aipatzen dena, irakasle eta tutoreek geletan edozein seinale antzeman ahal izateko erramintak izango dituztela segurutzat jotzen da. Hala beharko luke, behintzat, baina Maiteren alabaren kasuan inor ez da ohartu hamalau urtetan, edo ez du bederen eskua altxatu. Aldiz, duela 30-40 urteko «alferra da» hori entzun behar izan du maiz.
Hori bai, Maite eskolara diagnostikoarekin joan eta berehala dena erraztasunak izan dira; azterketak egiteko denbora gehiago, galdetzeko modu ezberdinak... Hau da, halako kasuetarako protokoloa egon badago eta azkar asko jarri dute martxan. Denbora galdu izanaren sentsazioa gainetik kendu ezinik dabil Maite.
Bere lagun Gorka bezalaxe. Hark bere semeari nolabait huts egin diola sentitzen du. Izan ere, hura oso azkarra zela ia betidanik jakin izan du baina adimen-gaitasun handikoa izan zitekeenik ez zitzaion burutik pasatu ere egin, familian halakorik ez zuten-eta. Ikasle aparta zela esaten zioten irakasleek, bai, baina bestelakorik ez. Semeak, berriz, gelan aspertzen zela, irakasleek gauza bera gehiegi errepikatzen zutela, berak lehenengoan ulertu arren. Orain, semea jada Batxilergoan dagoenean, probak egin ostean, jakin du adimen-gaitasun handia duela eta estimulu egokiak jaso izan balitu ahalmen horri etekin gehiago ateratzeko aukera izango zukeen. Probak lehenago egin ez izanagatik damu da: «Irakasleren batek pistaren gainean jarri izan baligu».
Beraiek ez ezik hezkuntza sistemak ere euren seme-alabei nolabait huts egiten diela sentitzen dute Maitek eta Gorkak. Ez diela behar bezainbesteko atentzioa eskaini. Izan ere, ez dute fokua euren seme-alaben irakasleengan jartzen; orohar sisteman baizik. Irakasleei ikasleen behar bereziak antzemateko erramintak, prestakuntza edo denbora ematen ez dion sistema horrengan, hain zuzen.
Publicidad
Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Hezkuntza lege berriaren lanketan makina bat kontzeptu aipatzen ari dira eragile ezberdinak azken hilabeteotan: publikotasuna, zaurgarritasuna, oreka, hizkuntza, bikaintasuna... Guztiak ere oso garrantzitsuak, ziur, edozein legeren oinarrian ezarri beharrekoak. Alabaina, horiek denak gero eskoletako eguneroko errealitatera eraman behar dira. Eguneroko borrokara. Eta hor, gelan, irakasleari bere ikasleen berezitasunak, talentua, arazoak, beharrak... hezkuntza premia bereziak antzemateko eta haiei erantzun egokia emateko baliabideak jartzen ez bazaizkio, edozein itun edo legeren atzean egon daitezkeen xede eta desioak garatzea zaila izango da.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.