Aleka hartu zuen motorrak

Bost penaltiak ·

Europan benetan lehiatu ahal izateko, aurrerapausoa eman behar da; autoari beste abiadura bat eman, seigarren martxa ipini, eta Realak oraindik ez du asmatu nola. Aukera bakarra geratzen zaio

Viernes, 26 de noviembre 2021, 07:26

1

Europan ezinbestekoa den jauzia eman ezinik

Hamahiru partida jokatu ditu Realak azken bi urteotan Europan eta hiru garaipen besterik ez ditu lortu, balantze kaskarra txuri-urdinek egiaztatuta duten kalitaterako, baita zelai gainean erakutsi ohi duten jokorako ere. Alabaina, jauzi hori eman ezinik jarraitzen du taldeak. Eta Europan aintzakotzat har zaitzaten ezinbestekoa da zeozer gehiago erakustea, exijentzia maila igotzea, autoaren martxa 5etik 6ra aldatzea. Eta Monako kotxea ziztu bizian jartzeko leku aproposa izan zitekeela bazirudien ere, motorrak aleka hartu zuen. Europan aurrerapausoa emateko ez da nahikoa Sturm, Rijeka edota AZ bezalako taldeak soilik gailentzea.

Publicidad

2

Denok espero genuen hamaikakoa, luxuzkoa, baina...

Luxuzko hamaikakoa atera zuen atzo Imanolek Louis II zelaira, denok espero genuena -Ryanen salbuespenarekin ziurrenik-. Min hartutakoen zerrenda murriztuz doa eta behingoz titulartzat jotzen diren horiek hautatzeko aukera izan zuen Imanolek: Zubimendi, Merino, Silva, Oyarzabal, Janu, Isak... zer irten zitekeen gaizki? Ba, ia dena. Makina-gelan trabaturik ibili ziren gehientsuenak, batez ere lehen zatian. Desagerturik momentu askotan eta horiek gabe Realak ez du zentzurik, ez du nortasunik. Datu positibo gisa, Januren jarrera beste behin eta Isaken eraginkortasuna Europan, hiru irteeretan markatu baitu suediarrak.

3

17 partida galdu gabe, Denoueixen markatik urrats batera

Ahaztuta genuen jada zer den Reala partida batetik esku hutsik bueltatzen ikustea. Abuztuan Barcelonaren aurka galdu zuenetik bolada ikusgarria zeraman taldeak, partida kaxkarragoetan ere puntuak lortuz. 17 norgehiagoka izan dira jarraian galdu gabe, iazko marka bikainak ere hautsiz. Alabaina Imanolen mutilek ezin izan dute txapeldunorde geratu zen Denoueixen talde hark lortutako 18 partidako balentria berdindu, urrats bakarrera gelditu da. Agian momenturik okerrenean, min gehiago egin dezakenean. Ezin taldeari ukatu, ordea, orain arte egindako lan aparta. Txalotzekoa.

4

Lehenengo edo bigarren izatearen garrantzia

Oraindik ez dago sailkapena erabakita, baina Realak badaki dagoeneko lehenengo postua Monacorena izango dela, eta, bai, garrantzitsuena hurrengo faserako pausoa ematea da, baina alde handia dago lehenengo geratzetik bigarren izatera. Eta ez soilik dagoeneko partidaz gainezka dagoen egutegian beste kanporaketa bat sartu behar duzulako; baita joan-etorriko lehia horretan izen handiko aurkariren bat topa dezakezulako ere. Izan ere, jakina da jada kanporaketa horietako batean Borussia Dortmund egongo dela; baita Real Madridi amesgaiztoak eragin zizkion Sheriff berezia eta Zenit errusiarra ere. Eta zerrenda hori osatuko dutenen artean Leipzig, Milan, Benfica eta Atalanta bezalakoak ere badaude. Hobe zen ekiditea baina...

5

Cornellá puntuak batzeko, Las Palmas amesten hasteko

Abenduaren 9an ezagutuko dugu Realak aurreantzean Europan jarraitu beharko duen ibilbidea, baina ordura arte beste hiru hitzordu garrantzitsu ditu taldeak. Bata, oso erakargarria, datorren astean Las Palmasen duena. Izan ere, duela bi urte Palentzian abiatutako abentura dakarkigu askori burura Panadería Pulidoren aurkako norgehiagokak. Bestea, Espanyolen etxean igandean jokatuko beharrekoa. Lidertza galduta, puntuak batzen jarraitzea izango da erronka -bai, Imanol, badakigu Realak bosgarren amaitzeko aukera baino ez duela, baina badaezpada ere hobe partidak irabazten joatea...-. Eta hirugarrena, agian erakargarriena: Real Madriden bisita.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad