Borrar
Etxekoak. Donostiarra bere hiriko estropadan historia egiteko gertu. LOBO ALTUNA
Donostiarra!

Donostiarra!

2015ean idatzi nuen manifestu bat sinatu beharko genukeela esanez, ez ginela hilko, mehatxatuz, Donostiarrak Kontxan Bandera irabazi arte. Pare bat irabazi ditugu eta bizirik gaude oraindik

Ramon Etxezarreta

Donostiako zinegotzi ohia eta idazlea

Sábado, 31 de agosto 2024, 02:00

Hizketak, hitzak, hizpideak, etengabeak izan ziren. Gaiztoak asko eta asko, oso. Jende lerdoaren faltarik ez baita inon izaten. Erreakzionarioek, madarikatuak haiek!, onbera itxuran egiten ziguten galdera, sano. Eta itsaso txarra bada? Eguraldi nahasia? Aterako dira neskak? Ez zitzaigun galdera mingarriagorik, ernegagarriagorik. Eta meteorologiak biziki hartu zuen parte, eguraldi ideologikoa egin zuen, petrala, gaiztoa, zakurra gutxitan bezalakoa, deabruaren arima bezain beltza. Eta, hala ere, epaile koadrila baten nahiz eta ukoa, emakumezkoen berdintasunaren premiaren premiaz, eskubidetan bezala lanetan, baietz erabaki genuen, ez zirela olatuaren kiribilek menderatuak izateko edo laino beltzetan galtzeko jaioak. Ondorioz itsasora bota genituen, literalki, arduragabeki, bota. Guztiak itzuli ziren bizirik, zoriontsu.

Gogoan dut, oraindik, kaian, lehenbiziko palada jo zutenean nola Jon Lasa adiskideak betondoa eskuturrarekin igurtzi zuen irrist egiten zion malko lodiaren aztarna ezabatu asmoz, nola jendeak oihu egiten zuen, nola ikara estaltzen genuen, nola sentimendua kizkurtu, bihotza guztiz beratu eta barne malkoei hozka egin nien. Nola eguraldi zerri hark eta itsaso ezin gaiztoagoak ez ziguten barkatu nahi. Emakumezkoen Kontxako Bandera betirako erein eta erneta gelditu zen Donostiako badian. Ordudanik aurrera emakumezkoen arraunketa ez zen inoiz txantxa izango, jokorik biziena baizik. Trapailaz trapaila, olatuz olatu, ekaitz eta baga, gaur arte, hamalau.

Bi mila eta hamabostean idatzi nuen manifestu bat sinatu beharko genukeela esanez, ez ginela hilko, mehatxatuz, Donostiarrak Kontxan Bandera irabazi arte. Pare bat irabazi ditugu eta bizirik gaude oraindik. Baina hasia naiz beldurtzen ikusi beharrekoak aurtengo honetan ikusiko ote ditugun eta heriotza duin baterako erabat prestatuta geratuko ote garen. Beldur dira zeruak aurtengoan emakumezko eta gizonezko donostiarrak, biak ere, nagusi izango ote diren. Egun gorri!

Gogoan, oraindik, nola gizonezkoen traineru donostiar bateratu eta indartsu baten beharrera iritzia bakarrik makurtzen zela, ez jendeak, ez arraun jendeak. Gogoan nola hiriaren dirua jarri zen, nola gehiagoren eske abiatu ginen, nola hasierak atzera erortzeko modukoak izan ziren, nola oraindik ere, lotsa guztien gainetik, irauten duten norberekeriak azaleratu eta nagusi-tzen ziren. Nolako tratu txarra, merezi ez zutena, hartzen zuten Donostiak eta donostiarrek. Haiek burlak eta isekak traineru historikoen prepoten-tziaren izenean, dopinaren aurkako diskurtso moral hipokritenarenean, nola ukiezin egiten zituen legenda batetik erori izanaren sentipena zuten, hiriburua, bizitza eta historia eman zien hiriburua mendean hartu eta makurtzeko asmo ozena. Eta gaur hemen, Donostiarra hatz puntekin bandera ukitzen. Gaur hemen, arraunak guztia zor dion hirian irabazteko beldur. Eutsi! Donostia! –tangoan bezala eta gaztelera eta guzti– ¡Te proclamo mi ciudad!

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Donostiarra!