Borrar
Musikeneren atarian Jagoba, Ødei eta Iñar. Joango ziren gero barraketako katxarroak diren plazara. LOBO ALTUNA
«Bakoitzak bere modua bizi ditu usaiak. Bizi dugu garaia, bizi gaitu garaiak»

«Bakoitzak bere modua bizi ditu usaiak. Bizi dugu garaia, bizi gaitu garaiak»

Jagoba, Ødei, Iñar | Non Imotzeko esku dantzak bat egiten duen Andoni eta Anttonen mugikorrarekin

Begoña del Teso

San Sebastián

Martes, 23 de enero 2024, 06:54

Elkartu ginen Antiguo Berriko terraza batean. Bakoitza Euskal Herriko mutur batetik zetorren eta beste punta batera joatekoa zen ikaragarri anitzak baitira euren konpromisoak. Bildu ginen txikitan musikaren marmitan erori zen Jagoba Astiazaran txistulari ziento bat aldiz sarituarekin. Juntatu ginen musika guztiak (tradizionala, garaikidea, inprobisatzen dena, inprobisatzen ez dena, klasikoa...) bere dituen Iñar Sastrerekin. Batu ginen plazan bertsotan eta rapean aritutako Ødei Barrosorekin. Bagenuen hitz egiteko, kantatzeko, jotzeko, inprobisatzeko asko. Jagobak eta Iñarrek osaturiko Arineketan taldeak 'Zaharrak berri' diskoa kaleratu berri baitu. Diskoa eta kantuen hitzez eta partituraz gainezka egiten duen liburuxka.

– Topa egingo al dugu enkontru honetara arrimatu ez diren zuen azken atrebentzia/balentrian esku hartu duten beste guztien errekuerdoan? Plaza honetan bailiren, ezohiko danborrada oso bat osatzeko adina lirateke...

– Egigun topa, bai. Kalitatezko jendetzarekin ibili gara 'Zaharrak berri' honetan. Izenik nahi?

«Neoklasikoak ohi dira euskal armoniak baina gure kantak ahozko transmisioaren bidez iritsi zaizkigunez, zergatik ez utzi une batez txistua eta abesti bat txistuka kantatu, lagunarteko afalostean bageunden bezala?»

– Otoi.

– Ainara Ortegak...

– Hernaniko aktorea, musikaria, abeslaria, klake dantzaria, banjo jolea...

– 'Zaharak berri', 'Ene maitea', 'Xurian beltz' eta 'Belea eta azeria' kantuetan hartzen du parte.

– Aitona bertsotan eta amona zein ama beti kantutan izan dituzten Ansa ahizpak, non aurkituko zuen diskoan?

– Ahozko transmizioan lan sekulakoa egiten duten Maider, Ainhoa eta Arantxa 'Ama begira zazu' eta 'Amak emandit' horietan dituzu

– Norekin egingo dut estropezu polita 'Beltzarana'-n?

– Idoia Asurmendirekin, Musikenen Musika-pedagogia ikasitako abeslaria da, badakizu..

– Bikaina eta zirikatzailea 1862an jasotako kantu honi eman diozuen buelta. J. Ignazio Ansorenaren aburuz, antzinako gure zortziko bihurria gehiago ere bihurritu duzue. Baina horretaz gain, azalaren zuria estimuan zegoen garaietakoak ziren bertso horiek hartu eta kristoren buelta eman hitzei. Bibliako 'Kantarik ederrena'-ren hasiera buruan al zenuten ba?

– Salomonen amoranteak bere buruaz egiten duen aldarrikapenaz ari zara?

– Bai, 'Nigra sum sed formosa'.

– 'Beltzarana naiz, baina ederra, oi Jerusalemgo neskatxak, beduinoen oihal etxeak bezain beltzaran'. Bai, gogoan genuen kantuaren musika eta hitzak gaurko gure egunotara (emigrazioa, arrazakeria...) ekarri nahian geundela.

– Horrexegatik hauxe erantsi diozue, 'Beltzarana naizela Zuk neri esateko. Lehenago zan denbora Erreparatzeko. Beltzak eta zuriak Mendian ardiyak...

– ... 'Zuk ere ez dituzu Bentaja guziyak (,,,) Beltzarana naizela Esanagatikan Parra egiten det nik Inorengatikan Zuri tristea bañan Hobea da beltxaran(...)

–... Denen aurrez ibili Niteke patxaran'. Zoragarria zaplaztekoa, lagunok. Handiagoa kasik Beñat Gaztelumendi Añorgako bertsolari eta idazleak aspaldi zaharrean sorturiko Anttoni eta Anttonen arteko 'amodio kanta'-ri eman dion errepasua.

– Eta ez bakarrik guk uste bederen, Anttoni eta Antton haiek Andoni eta Antton bilakatu dituelako (neurri batean hori 'ortodoxia politikoan' jokatzea litzateke) baizik eta hitzetan sare sozial garaikideak agertzen baitira. Estrofetan 'like', 'Twitter', 'Tik tok' eta antzekoak aipatzen dira. Gehi photoshopa eta Instragrameko hormak... 'Loak hartu nau berandu, mugikorraren pantaila hotza laztandu eta laztandu'.

– Musikari dagokionez, txistuaren errepertoriora horren ondo egokitzen den fandangoaren erritmoarekin lagundu duzue baina oso era energiko batez.

– Bai, txistu eta pianorako doinu berri bat tartekatu dugu, momentu askotan hitzek duten garraztasuna areagotzen, indartzen, laguntzen duena, gure irudiko. Gustuko dugu probokatzea, maltzur jokatzea... betidanik.

– Ez dut dudarik. Broma serioetan aritu zineten 250 urte baino gehiago duen Iztuetaren 'Guipuzcoaco dantza memorangarriak condaira edo historia' hartu zenutenean: jolasean, txantxetan eta txistu eta pianoaren arteko ihesan hasi zinetenean.

– Badakizu,... doinu zahar askori hautsak kentzen saiatuz beti. Horrexegatik hain garrantzitsu genuen Ødeirekin partekatzea abentura. Bertsotan ibili den raperoa delako. Berak idatzi du 'Zaharrak berri'. Berak abestu Ainararen konplizitateaz. Bera agertzen da Igartza jauregian grabaturiko bideoklipan, non Aitor Arruti izan den argazki zuzendaria. Bertan jotzen dugu Iñarrek eta biok. Konpainia ederrean. Xabier Zeberio biolinarekin, Agata Amilibia biolontxeloan, Julia Volvova eta Leire Romero dantzan.

– Ødei, sakratu bihurtzen dugun tradizioa, fosilizatu egiten al dugu? Bai hitzez, bai musikaz?

– Zer da tradizioa? Sekula ez al da (dugu) aldatu, mendeetan zehar? Transmisioa ia beti ahozkoa izanda, artxiboetara jotzerik al zuen herriak? Atzoko trikititxak zertan ez luke gaurko trapean, rapean,jazzean ibiltzerik? Zergatik ez sanpleatu, txakatun, past, txakatun!

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Bakoitzak bere modua bizi ditu usaiak. Bizi dugu garaia, bizi gaitu garaiak»