Borrar
Paniculata lorez eta arrosa txikiez eginiko sorta ederra besoetan duela, Su, bere atelierreko sofan. LOBO ALTUNA
«Baliteke gaur Artea den Kokedama behar gorriko garaietan hasia izatea»

Susana García Lobo

«Baliteke gaur Artea den Kokedama behar gorriko garaietan hasia izatea»

Leitza-Tolosa Hiribideko 17tik (Berastegi) Igeldoko Benta Aldera joko du martxoaren 16an

Begoña del Teso

Martes, 20 de febrero 2024, 07:30

Aurreko larunbatean Susana Behemendik Donostiako auzoz auzo antolatzen duen azokan izan zen. Inauteriko egunak, berriz, lagun batekin eman zituen Leongo Riosequino de Torio meatze-herrian. Handik ez oso urrun ditu sustraiak euskara ederki ulertzen duen, Facebooka euskaraz duen eta hitz egiten moldatzen den andre honek. Aitona Zamorako Molezuelos de la Carballeiran hasi zen oihalak saltzen eta Asturiasetik Zumarragaratu zen familia batekoa zen amona. 28 urteko eskarmentua du lore eta landare kontuetan Berastegiko Leitza-Tolosa Hiribidean etxea eta tailerra eratu dituen Susanak, Igeldoko Tradición Caballar izeneko Hipikan den etxetxoan, kokedama zer ote den lasterrean azalduko duen lorezain, lore saltzaile, lore maitale honek. Bere L' Atelier de Su'n istorio pila suertatzen dira eta hamaika junta atseginak. Xaboiak egiteko, esaterako.

– Aitona bezala zu ere azokaz azoka, saltzaile. Berak oihalak, zuk landare, lore, terrarioetan zein arrainontzitan sartzen dituzun mundu begetalenak...

– Egia, bai. Donostialdea Bidasoako Landa Garapenerako Behemendi Elkartekoekin Easo Plazan, Hernanin, Grosen eta Antiguan zabaltzen ditut hilean zehar lore eta landare proposamenak nire postuan. Aste Santuan eta Gabonetan, Bulevarrean. Bestela, hemen nago, nire tailerrean, goroldioa lehortzen eta tindatzen sutondoan. Hemen, besaulkian, aireko landareentzako paisaiak sortzen; kokedama teknikan ezinbestekoak diren hariak aukeratzen. Eta kafe on batekin, gozo erreko ditudan zigarroak biltzen.

« Jakina, landareak ontzeko teknika zahar eder hau aspaldikoak ere diren bonsai, ikebana edo kusamono izenekoekin aldera daiteke. Horretaz mintzatuko gara martxoaren hirugarren larunbateko ikastaroan»

– Hitz eta esamolde batzuk azaltzea nahi dut, 'aireko landareak'? 'Terrarioetako landareak'? 'Rosen Kostbarkeiten Florische Kunst'?

– Azkenetik hasita, alemanezko esaldia, Lore Artearen gaineko liburu on baten izenburua da. Arrosa ederrak ahalik eta erarik ederrenen erabilitzen irakasten dute bertan. Horrela, hain galkorrak ez diren lorebitxiak sortuko dituzu. Nola? Adibidez, kokoaren oskolaren barruan sartuz... 'Aireko landareei dagokielarik...

– Bai?

– Urrutiko garaietan bizirauten ikasi zuten landareak dira. Ez dute lur beharrik. Airea eta ur pixka bat, besterik ez. Sustraien bitartez pega pega egiten dira arboletan, arroketan. Behar dituzten mantenugaiak eta ura airetik hartzen dituzte, hostoen bitartez. 'Tillandsia' dute izen generikoa. Terrarioena azaltzea nahi?

– Arren.

– Horietan eta tamaina zein neurri desberdinetako arrainontzitan nire paisaia eta espazio begetalak asmatzen ditut. 'Terrario' txikienak tapa eta guzti daukate (kortxoa erabiltzen dut) baina zaila da, oso zaila tapa, tapoi, estalkirik duten kristalezko poteak aurkitzen. Eszenarioak konposatzerakoan saiatzen naiz plano ezberdinekin jokatzen, perspektiba diferenteak bilatzen

– Urez bete eta arraintxo bat sartuz gero, akuario benetan ikusgarria osatuko zenuke.

– Baliteke baina ezer gutxi dakit uretako landarez.

– Udaberria hastear izango den martxoaren 16an Igeldon zaitugu. Kokedamaz ikastaro trinko bat emango duzu itsasoa frentean den etxetxo batean. Zaldiak daude bertan. Bi txakur handi eta etxejaun den katua, larruan tigrearen marrak eta kolorea dituena. Zer ote, kokedama?

– Ez pentsa, duela hamar urte nik ere kokedama zer zen ez nekien. Bonsaiak zer ziren, bai. 'Ikebana' hitzak 'lore biziak' esan nahi zuela, ere. Banuen 'kusamono'-ri buruzko berri txikirik. Entzuna nuen basoko lore eta landareekin sortutako konposizioak direla. Alta, inork ez zidan, artean, kokedamaz hitz bat ere esan. Egun batean, Tolosan senar ohiarekin urtetan zehar izandako loradendako bezero batek aipatu zidan zeozer ikusi izan zuela interneten 500 urteko tradizioa zuen lore/landare mota batez. Eta ni segituan informazio zabalagoaren bila hasi...

– Zer aurkitu, zer ikasi?

– Hasteko, 'goroldio bola' esan nahi duela. Gero, beste lore eta landare arte guztietan gertatzen den bezala, xedea, helburua, asmoa zera dela, etxean naturaren isla, zatitxo bat, errekuerdo izatea. Baina Naturari kalte egin gabe. Era ekologiko batez, ezinbestekoa den errespetua gordez.

– Jarrai ezazu, mesedez. Ederra dirudite erronka eta desirak.

– Japonian, kokedama egiteko guk erabil ditzakegun goroldio, zohikatz eta ibai hondarrez gain, bertan baino beste inon ez dagoen buztin bolkanikoa darabilte. Aukeratu izan duzun landarea ontzitik aterako duzu eta ureztatua, busti-bustia, kasik urez blai izan behar duen erro-lurra maite maite, kontu handiz forma ematen hasi... Eskuaz.

– Forma, zer forma mota?

– Pilota batena, biribila. Goroldioz estaliko, babestuko duzu eta hari batez estutu... Horrela lasai, ederto hazten hasiko da zure arbolatxoa, zure palmeratxoa, zure landare 'crasa', zure... Inork ez daki seguru nola hasi zen landareak hazteko modu etxeko hau. Niri gehien gustatzen zaidan azalpenak zera dio, dirurik ez omen zen ontziak erosteko eta nola edo hala babestu behar landarea...

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Baliteke gaur Artea den Kokedama behar gorriko garaietan hasia izatea»