Borrar
Baserritarrak nagusi Donostian
Jantzi-lehiaketa

Baserritarrak nagusi Donostian

Umeak, helduak eta taldeak lehiatu ziren Gero Axular Dantza Taldeak antolatutako seigarren edizio honetan

Martin Ruiz Egaña

Domingo, 22 de diciembre 2024, 01:00

Euriak Santo Tomas goiza errespetatzea erabaki zuen atzo. Hala aritu ziren gipuzkoar ugari Donostiako kaleetan, txistorra gora eta behera. Santo Tomas egunean, txistorraren eta Kaxilda txerriaren atzetik, baserritar jantziak nagusi. Dotore-dotore prestatuta atera ziren kalera atzo baserritar heldu nahiz umeak, Donostiako kaleak eta plazak betetzera.

Gipuzkoa eta Konstituzio plazak baserritarez lepo zeuden, sagardo botila eta txistorra talo artean solasean. Hala ere, jantzi onenak Boulevardeko kioskoan lehiatu ziren, eta baita saria jaso ere, Donostiako Baserritar Jantzien VI. lehiaketan.

Iaz bezala, Gero Axular Dantza Taldeak antolatu zuen lehiaketa, baina aurten berritasun bat gehitu diote sari banaketari. Iazko edizioak bost sail desberdin eduki zituen. Aurtengoak, aldiz, sei. Taldeen, haurren (neska eta mutila) eta helduen (gizona eta emakumea) kategoriak mantendu dira, baina helduen sailean sari berri bat gehitu da.

Seigarren edizio honek aipamen berezia izan du gizonezko jantzietan. Janzkera onenetaz aparte, jantzi berritzaileena ere saritu zen atzo.

Eguerdi aldera, gainerako lehiaketetako sariak eman ondoren, Donostiako Baserritar Jantzien VI. edizioa ospatu zen Boulevardeko kioskoan. Jende mordoa bildu zen Donostiako Alde Zaharrean Santo Tomaseko jantzi dotoreenak ikusteko. Eszenatokain prest Eneko Goia alkatea, edizio honetako protagonistak saritu eta zoriontzeko.

Lehenik eta behin taldeen saria eman zen. Sail honetan Lucía de la Fuente, Rosa Gisasola eta Larraitz Artetxe izan ziren sarituak. Beren baserritar jantziekin igo ziren oholtzara eta poztasun handiz jaso zuten trofeoa alkatearen eskutatik.

Hurrengo sailean, 5 eta 12 urte arteko haurren kategorian Hegoi Madina (gizonezko jantziak) eta Maddi Galarraga (emakumezko jantziak) izan ziren sarituak. Lehenengoak txapela jaso zuen eta bigarrenak, zapia.

Azken sariak helduen sailekoak izan ziren, eta kasu honetan Nora Bárbulo (emakumezko jantziak) eta Unai Unanue (gizonezko jantziak) atera ziren garaile. Haurren sailean bezala, Bárbulok zapia jaso zuen eta Unanuek txapela.

Helduetan, aipamen berezia

Aurtengo edizioak berritasun txiki bat izan du. Helduen sailean, irabazleez gain, aipamen berezi bat egin zitzaion Aritz Irazustari. Gero Axular Dantza Taldeko epaimahaiaren hitzetan, «baserritar jantzi klasikoa saritzen dugu, horregatik irabazi du Unai Unanuek, baina ezin dugu Aritzen jantzia aintzat hartu». Orduan, Irazustak aipamen berezia jaso zuen aurtengo edizioan. Iaz ez zen aitorpen hau eman, baina aurten jantziaren ezaugarri bereziak saritzea erabaki dute.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Baserritarrak nagusi Donostian