Borrar
'Ponsoltasuna' erakutsiz, Joxan Oiz Arruti Ponsol kapelagilearen ondorengoen denda aurrean pausatu zen gau hartan. LOBO ALTUNA
«Entero da nire biografia, nire autofikzioa, nire neurak; Donostiakoak ere»

Hiritarrak

«Entero da nire biografia, nire autofikzioa, nire neurak; Donostiakoak ere»

Joxan Oiz Arruti | Izango al da bere 'Amazurtza' saga baten lehenbiziko atala? Izango al du 'spin-offik'?

Begoña del Teso

Martes, 18 de marzo 2025, 07:27

Irabazi zuen bere bigarren nobelak Baztango udalak eta literatura kriminala adoratzen duten Baztango friki hainbatek sortutako Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko VII. (H)ilbeltza beka. 2024ko irailaren 28an, hain juxtu karlistek Donostia ia lau hilabetez bonbardatzeari ekin eta 149 urtera, bukatu zuten diseinatzen, konposatzen eta maketatzen Bilboko Artizarra atelierrean Txalaparta argitaletxekoek. 2025 honetako hainbat aste darama Jai Alaiko klinika batean jaioa, Amara Berriko Amara Zaharreko semetzat bere burua duen filologo, poeta, idazle eta Zurriolako ikastolan irakaslea den Joxanek, berripaperetan ere jardun izan duenak, neologismoak sortzea gustuko duenak, futbolean aritu ondoren, bere edadeari ederki egokituko zen kirol baten bila dabilenak.

– 'Entero'?! Zuk uste Euskaltzaindiak eta antzeko erakunde txit agurgarriek onartuko dutenik?

– Galdera bera egiten nion nik nire buruari. Aurkitu nuen hitza Baudelairen 'Les fleurs du mal'en Patxi Apalategik egindako itzulpenean. Behar zuen 'entero' hitza errima osatzeko eta lasai asko erabili zuen. Gustatu zitzaidan zeharo eta nire liburuaren 9 orrialdeko bigarren esaldian sartu nuen. Baieztatu nuen gero Euskaltzaindiaren Orotariko Hiztegiak ontzat ematen duela hitza. Inork ez daki benetan zergatik hitz batzuk sartzen eta irauten duten gure hizkeran eta beste batzuk ez. Badira konexio estrainio eta mirakulutsuak. Nire amoñak 'urrutizkina' deitzen zion telefonoari baina sekula ez zion egunkariari, 'ispingarria' deitu. Zergatik? Auskalo. Ziurrenik, urruneko garai haietan telefonoa ikusi zuen lehendabiziko aldian horrela zuela izena esan ziotelako. Batek daki zergatik gordetzen ditugun hitz batzuk eta besteak baztertzen.

«Betetzen dira aurten 150 urte karlistek hiria bonbardeatzeari ekin ziotenetik. Ez litzateke batere gaizki (Hernani herriarekin batera, akaso) nola edo hala horretaz akordatzea eta hiriaren erresilientzia aitortzea»

– Hasiko al gara laster 'ponsoltasunez' esaten, 'adeitasunez', 'elegantziaz' adierazi nahian?

– Polita litzateke, poz handiz hartuko nuke. 'Amazurtza'n ez nuen nahi protagonista uniformedun poliziarik. Nahi nuen ikerlari-detektibe zibila. Nahi nuen garai hartako Donostiako gizartean ezaguna izatea. Behar nuen hirian presentzia izango zuen pertsona. Merkataria. Fina hitzetan eta jokamoldetan. Oraindik zutik eta martxan dirauen Ponsol dendaren kapelagilea aukeratu nuen. Narrika kalean nahi nuen Parte Zaharrean (baita Zurriolan eta hainbat Donostiako sagardotegitan ere) suertatzen baitira kontatzen ditudan pasadizoak. Nahi nituen ezaugarri moral eta fisikoz osatu nuen pertsonaia. Eta bai, bere estiloari 'ponsoltasuna' deitzen diot. Izan dadila gure bandera 'Amazurtza' hau saga baten hasiera bihurtzen bada eta Agapito Ponsolek beste hainbat kasu argitzeari ekiten badio.

– Ez litzateke batere arraro izango benetan existitu zen norbait detektibe bilakatzea. Bitxiagorik ikusita gara... 2012ko pelikula batean Abraham Lincolnek banpiroak ehizatzen zituen!

– Eta Loiolako Martin Lladeren 'El misterio Razumovski'n, Beethovenek berak krimen bat ikertzen du 1814ko Vienan.

– Buelta gaitzen hitzen magiari. 'Amazurtza' zuk sortutakoa da.

– 'Umezurtz' bada gurasorik gabeko umea, nola izendatu semerik gabe geratu den (diren, nire nobelaren kasuan) emakumea(k)? Neologismoak ditut gogoko nik. Horrexegatik omendu egiten dut nire liburuan Manuel Larramendi, euskaraz erabiltzen ditugun zenbait hitz sortu zituena. Batzuk, komentatu dugunaren haria, ez ziren errotu hizkuntzan; besteak bai, ordea. Manuel Larramendik da 'mugikorra' asmatua.

– Benetan?

– Hitz berriak behar zituen filosofiaz aritzeko. Nola itzuli 'inmóvil' eta 'móvil' kontzeptuak? 'Mugikorra' deliberatu zuen. Pentsa zelako ibilbide izan duen hitz horrek poltsikoko telefonoa edo 'unitate mugikorrra' adierazi arte.

– Aipatu dugu jada, Ponsol jauna protagonista izango luketen beste nobela batzuen okasio balizkoa baina bada ere zurean, 'spin-off' anitzetarako aukera. Badira nagusiak ez izan arren, protagonista bihur zitezketen pertsonaia dexente.

– Bertan agertzen diren emakumeez ari zara pentsatzen ez da? Nobelaren azken orrialdean 442ko kalibreko Bulldog errebolberra txarolezko poltsa batetik ateratzen duen Teresa Iribas, Ponsolen emaztea bera eta Nikolasa Erkizia. Nik, izan ere, spin-offa egingo nuke azken honekin, Bilintxen emaztea zen honekin. Nolako bizitza berea! Poeta zuen senarrak sakon maite zuela esaten zion baina bere bertsopaperetan argi asko irakurtzen zuen Nikolasak nesketan zebilela. Beharrean bizi ziren eta 'pepino' batek (karlisten granada batek , hots) birrindu zizkion senarra eta etxea...

– Goiburuan diozu nobela hau, garai hartako Donostiako erretratu zehatz eta bizia izateaz gain, zure biografia, zure autofikzioa eta zure neurak agerian jartzen dituen liburua dela. Ziur?

– Bai. Nire lagun on batzuek (Kike Amonarrizek, esaterako) nire arrastoa segitu eta aurkitu dute lerro artean nahiz eta jarri ditudan 'kameo'ak besteenak izan (bila ezazue, nahi izanez gero, Beñat Sarasolarena, kasurako). Aizu, buka dezagun Serafin Barojari aipamena eginez. Badakizu berak asmatu zuela 'Jai Alai' hitza?

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Entero da nire biografia, nire autofikzioa, nire neurak; Donostiakoak ere»