
Hiritarrak
«Errondailak jendeari egiten dio erronda, jendea alaitzen du»Secciones
Servicios
Destacamos
Hiritarrak
«Errondailak jendeari egiten dio erronda, jendea alaitzen du»Laster beteko du Laguntasuna errondailak 65 urte eta antzeko ospakizun ederretan dabilen Gipuzkoako bestearekin, Legazpikoarekin, hain zuzen ere, elkartuko dira bertakoak musikaz blai izango den festa handian. Ordizian izan ginen merkatu egun batean; gazta eder bi erosi jardunean 40 urte bete izan duten Patxi Atienza eta Rakel Artolaren postuan eta errugbiko Hagape sozietatean, hamaiketakoa (boletus nahaskia nafar erara) bukatu orduko hasi ginen hizketan eta kantuetan.
– Nortzuk zaituztet?
– Erramun, Goierriko Lanbide-Heziketa Eskolako irakasle ohia, zinegotzi ohia, sukaldaria eta Musika Eskolan, kantu ikaslea. Klara Mendizabal dut bertan irakasle prestu. Marian Cendon, Lazkaon jaioa baina ordiziarra nahiaz eta bihotzez. Donostian bizi naiz. Paki ahizpa nagusia hasi zen txikitan karmeldarren errondailan, Lautea jotzen zuen, nik heredatuko nuena. Alta, gure Laguntasuna errondailak bandurria jole bat behar zuenez, ni aukeratu ninduten posturako. Ari naiz orain lautea berreskuratzen. Hain da tresna fina... Ni Raul Burgos naiz, ile-apaintzailea. Flamenkoa dut izugarri maite. Donostiako 'El duende de la Sol'-en tablaon askotan aritzen naiz gitarraz. 12 urteko Pepe nire semea sarri etortzen da gurekin jendeari erronda egiteko.
– Jende aparta gehiago izango da errondailan...
– Pila bat. Amelia Novo, Granadako Otivarren jaiotako ordiziarra, J. J. (Gómez), Mendizabal, 'Kiskitza', Izaro Nieto, Imanol Urkiola, Julián González, Teo Caballero, Aiora Zurutuza... Oso formazio dinamikoa da gurea, batzuk joan egiten diren bezain pronto, beste batzuk sartzen dira.
– Errepertorioan, zer?
– Irakurleek irudika ditzaketen kantu guztiak eta gehiago: 'Clavelitos', 'Rosa roja', 'El amor humano', 'Xalbadorren heriotza', 'O Sole mio'... Ez ahaztu, jakina, Bernardo Alberro musika maisuak Ordiziarako propio sortutako kantak... 'Ordiziarrak gara gu....' 'Nahi zaitut beti maite, Ordizia'.
– Nola hasi zen dena? Noiz?
– Aspaldi samar . Joan den mendeko 60ko hamarkadan. Aipatu beharko dugu Ameriketara joan zen Victor Mendizabal. Argentinan egin zuen etxe eta bertan enpresak eta fundazioak sortu. Baita ahaztu ez zuen bere sorterrian. Ordizian ere, 60ko horietan, bere Fundazioako egoitzan bazen letoizko plaka bat zera esaten zuena espainolez: 'Se dan clases de vascuence, esperanto, ajedrez y txistu'. Ez zegoen gaizki baina badakizu nolakoak ziren urte haiek, triste samarrak, gris kolorekoak. Aste Santuan ezin musika jo, ezin dantzatu. Gazte batzuei, hala nola German Telleriari, Alfonso Carlosi, Julian Etxeberriari otu zitzaien errondaila sortzea, beraiek eta jendea alaitzeko. Gu gaituzu haien ondorengoak.
– Luzea duzue ba ibilbidea eta anitzak bidaiak eta aitortzak.
– Errondailak gauza bat du ukaezina: herriari erronda egiteko, maite duzun horri kantuz gortean aritzeko musika taldeak dira; beraz, jendea alaitzeko sortuak, jendea festa giroan dagoela arrimatzen direnak, edo giro hori pizten dutenak... Horrela izanda, denek hartzen gaituzte kontent. Dantzarako deia egiten dugu, ospakizunetan parte hartu. Ez gaude inoiz triste. Ezta kantu malenkoniatsuei ekiten diegunean ere.
– Interesgarria ere hortik komentatzen duzuen hori, Victor Mendizabalen Fundazioan 'rondalla' klaseak proposatu zirenean, baziren musika tresna hainbat Ordizian jaiotakoek apenas ezagutzen zituztenak...
– Bai, halaxe suertatu zen. Orain gure egin ditugu, orain badituzte sustrai sendoak gurean baina orduan ez. Orduan ez genekien egoki jotzen lautea. Ezta bandurria ere. Maisu bikainak, izan genituen, ordea. Andaluziatik, Gaztelatik edo Extremaduratik etorritako auzoek ederki ezagutzen zituzten beren jaioterrikoak baitziren. Beraiek izan genituen irakasle ezin hobeagorik. Guk geuk orain badakigu jotzen. Nahiz eta gutako gutxik solfeoa jakin. Ikusi al dituzu gure partiturak?
– Ez. Erakutsiko, faborez?
– Ez dugu notarik. Zenbakiekin idatziak dira abestiak. Zenbakiekin gidatzen gara. Hori bai, abeslariok, J. J. eta biok Erramun, kantu klaseetara goaz. Pentsa, ikaskideak jende gazte oso dira. Guk berriz, hamarkadak pasa ondoren, 'repitiendo primero' gaude.
– Buelta gaitezen musika tresnetara, mesedez. Zer egiten du bandurriak? Nolakoa da lautea?
– Biak dira familia berekoak eta aitzinean dute jatorria, Jesu kristo aurretiko Grezian. Hartu zituzten gero arabiarrek eta berbereek eta guk ezagutzen ditugun tresnak bilakatu. Lauteak badu soinu dotorea, bandurriak melodia markatzen du. Kontrakantuak jarriko dio gero behar eta merezi duen apaindura. Gitarrak, berriz, erritmoa ematen du. Ezinbestekoa dugu bere akonpainamendua.
– Bukatzeko edo, gastronomia zertzelada pare bat. Korrikan zein, esaterako, Ordiziako Errugbi Talde txit goreneko ospakizunetan sukaldari gisa zabiltzala denek dakite herrian, Goierrin, Erramun; esango nola prestatu duzu plazan goizean erositako onddo nahaski gozoa?
– Sagarra botatzen dut kipularen gozotasuna garraztasun puntu batez oreka dadin.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La sede del Reina Sofía estará lista a finales del próximo año
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.