Borrar
Mikel eta Joseba Ordizia tabernan. Barran ziren bokatak eta Real-Anderlecht partida, hastear. LOBO ALTUNA
«Etxekoak gara gu. Etxekoa taberna. Etxekoak bezeroak»

Hiritarrak

«Etxekoak gara gu. Etxekoa taberna. Etxekoak bezeroak»

Joseba eta Mikel Benito Dolado | San Lorenzo kalea ez da edonolako kalea; bertako tabernak ere ez

Begoña del Teso

San Sebastián

Martes, 8 de octubre 2024, 06:44

Ordizia tabernak salgai duen Gabonetako Loteria zenbakia 37826 da. Hor dago, paretan jarrita Tomas Hernández Mendizabal (bezero ona eta lagun fina) zenaren utzitako bi koadro ederraren ondoan. Paretetan, Peña Osasunista Tudelanaren bufanda gorri-beltza Mikel Nafarroako taldearen zale delako. Baita tabernara arrimatu ziren Austriako Sturm Graz futbol taldearen beste oroipen bat ere (aipatzekoa da Grazekoek denboraldi honetako liga irabazi dutela). Enmarkaturik, Arraun Lagunaren, Realeko nesken eta Ordiziako errugbi taldearen elastikoak. Kafetera aldean, lepoko palestinarra. Ordizian tabernan gaude: txanpiak, txipiak, brotxetak, foie, risottoa...

– Fama handikoak zuen txipiroiak plantxan. Zuek sarira aurkeztu gabe ere, saritu zuen Jakitea elkarteak. Uztailean izan zen hori; 'pintxo tradizionala'ren ikurra jaso zenuten.

– Poz handiz jaso ere. Berez, Pedro eta Juanje osabek Ordizian izan zuten Pottolo tabernatik datorren mokadua da. Felix Mari eta Maria Esther gurasoek hau irekitzerakoan, apustu egin zuten txanpiñoiaren alde: urdaiazpikoa, txanpiñoia, otarrainxka eta saltsa. Txanpiñoiaren ordez txipiroia jartzea da gure desberdintasuna.

«Baliteke poteoa bolada batez desagertu izana; berpiztu da baina. Gazteak dabiltza poteoan. Garagardoz eta sagardoz gain, ardo zuria hartzen dute gogotsu»

– Ikusten dudanez, familia osoa ostalari, tabernari, sukaldean.

– Aitak hau hartu aurretik (1980an) Gorritin egin zuen lan inkluso. 1998an alokairuan utzi zuen gu oraindik gazteegiak ginelako tabernaren ardura hartzeko. Lan egin genuen beste tabernetan, bizitza gozatu eta asko bidaiatu: Londres, Ibiza, Mexiko... Joaten ginen hamaika leku horietan beti bilatzen genuen bertakoa zena, etxekoa, auzokoa, herrikoa. Ez zara ba hemendik ez dakit zenbat kilometrora aldenduko turistentzako propio prestaturiko zerbaitean sartzeko.

– Mundua korritu ondoren, ba zineten prest taberna hartzeko.

– Hala pentsatu genuen, bederen 2008an. Jendeak ere eskatzen zigun familiak berriro bere egiteko Ordizia. Eta hemen gaude. Noizbehinka uzteko ideia pasatzen zaigu burutik baina ezin. Zer egingo lukete bezeroek itxiko bagenu? Zer egingo guk bezerorik gabe. Bada kuadrilla bat 14 urte daramana egunero etortzen afaltzera. Etxekoak dira. Haien telefonoak baditugu eta kasualidadez egun batean itxi behar badugu, abisatzen diegu. Plater berezi bat nahi badute, beraiek pasatzen digute abisoa. Etxekoak, auzokoak, kale honetakoak gara denok. Taberna tradizionala. Jateko eta edateko tradizionala. Ohiko tratu tradizionala gure artean. Horrek pozten eta harritzen ditu ailegatzen diren turistak.

– San Lorenzo kaleraino iritsi al dira turistak?! Ai ama.

– Turistak esan beharrean, idatzi 'kanpoko jendea', guk gure bidaietan egiten genuen bezala, bertako jendea dagoen lekuak aukeratzen dituzten 'extranjeruak'. Eta bai, harritzen dira beraiekin hizketan hasten garenean. Eta ez bakarrik gu biok baizik eta barran edo kalean baso batekin den jendea. Beste leku askotan inork ez baitie hitzik egiten.

– Estua da San Lorenzo kalea, ondo gordeta interesatzen ez zaizkigun begiradetatik, Sarriegi plazak, San Juanek eta Fermin Calbetonek babestua. Alta, luzea da, bat egiten duelako, giro aldetik, nortasun aldetik Esterlineskin, Narrika pasatuz.

– Halaxe da, bai. Ez da 'de paso'koa. Hona datorrena zerbaiten bila dator, Sukalden prestatzen den janariaren bila Axierrek eta Elixabetek saltzen duten kabiarraren desioan, Iriondo etxearen saskiak erostera. Hemengo guztiek ezagutzen dugu elkar. Hemengo tabernek betiko giroari heltzen diote Kukurrukuk, Zikutak... Eta bai, egia da, komentatzen dugun giroa, ostalaritza ulertzeko modu hau Gorriti tabernan hasten da eta Esterlines kaleko La Iguana, Burunda eta Intzaraino luzatu. Beste kontu bat esango dizuegu...

– Aurrera, zuena da orrialdea.

– 'De paso'ko lekua ez izatea bezeroen onurako kontua da. Jendetza pasako balitz (gidariarekin doazen turistak barne), ezinezkoa litzateke tabernaren kanpoan izatea, upel gaineko taulan pote bat hartzen eta berriketan.

– Interesantea hor goian diozuen hori, poteoa berpiztu omen da.

– Bai horixe. Hamabietatik ordu bietara, gutxi gorabehera. Hemen poteoa mantentzen da. Lehenbiziko bezeroak kafearen bila datoz. Geroxeago, hemen hamaiketakoa egiten dutenak. Horiek joaterakoan, poteatzaileak agertzen dira. Eta ez imajinatu ohiko txikitero zaharrak direnik soil-soilik. Gazteak poteoan dabiltza eta badituzte beren ibilbide propioak.

– Esaterako...

– Egosarin lan egin zuen Rafak hartu berri duen Narrika klasikoa, Nestorren ondoan dagoen Irrintz, adibidez.

– Zuek esana, zuria da poteatzaile gazteen ardorik preziatuena.

– Bai. Gazteek ez dute ardo beltzarik edaten. Kasik batez. Guk uste, gogorra deritzote, lodia, oretsua. Nahiago dute zuria freskoa delako, xuabea, erraz edaten dena. Erraz eta lasaiago ere.

– Duda bat, Parte Zaharrean iluntzen denean, zer?

– Gau giroa desagertu da ParteZaharretik. Egin kontu, gaueko lokalak zirenak pintxoetara aldatu dira, Mendaur, Zibbibo, kasurako. Guk 22:30erako ixten dugu.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Etxekoak gara gu. Etxekoa taberna. Etxekoak bezeroak»