

Secciones
Servicios
Destacamos
Bere Hernaniko etxean bi zituen harturik. Durango aldean txigorturiko bi kapsula kafe. Autobusetik jaitsi orduko, hirugarrena hartu zuen, basamortuko ibiltariak biltzen diren kanpamenduetako izena duen Caravanserain. Laugarrena, kafea mimatzen duten leku batean, Ezkurran, dastatu zuen. Balea Zuriaz mintzo ginen hantxe 'Hostoen hezurdura unatua' poema liburuaren egilearekin.
– Ordu bata da eta zuk, dagoeneko, lau kafe hartu dituzu. Marka ona. Kafezaleok elkar antzematen ditugu gure kastakoak.
– Hiru lehenak, gorputzak eskaturik. Laugarrena, plazer hutsa. Gormanta naiz kafe kontuetan.
– Literaturakoetan nola. Askok esango dute ez dela ez zilegi, ez egoki ez politikoki zuzena Jon Mirandek ('Haur besoetakoa'ren autorea...) sorgindua izatea baina beti hobe, nik uste, egile baten atzaparretan erortzea. Horixe baita Balea Zuriaren bilaketa desesperatuarena bezain abentura eder eta malapartatua...
– Usabal auzoan jaio ginen ahizpa eta biok. Tolosako Laskorain ikastolan ikasi genuen. Bertan izan nuen literatura irakasleak, Izaskun Etxeberriak, sakon markatu ninduen. Berak aurkeztu zizkidan Faulkner eta Proust. Aurkeztu baino gehiago, askoz gehiago. Ez genituen soilik irakurtzen, ez. Leitu eta aztertu ondoren, euren moduak edo eredu harturik, zeozer idatzi behar genuen geuk. Idatzi. Sortu. Literaturaren xendan sartu ninduen Izaskunek. Filologia hispaniarra ikasi nuen gero Deuston. Egiari zor, nik Literatura Konparatua egin nahi nuen baina orduantxe ikasketa horiek ez zeuden garatuta. Deuston topo, estropozo, talka egin nuen, bai, Miranderen obrarekin baita Txillardegirekin ere. Miresten dut, arras, 'Elsa Scheelen'en autorea. Sumatu nuen pasio bera, lilura bertsua igorri nahi diet nire Hernaniko ikasleei.
– Non zaitugu irakasle?
– Oso proiektu polita eta oso errealitate anitza duen Aratz ikastetxean. Errobotika irakasgaiak badira, ikasleek beraiek lantzen dute solidaritatea (eta Euskadi Irratian elkarrizketatu zituzten hori zela eta). Euskara hor dago baina denbora utzi behar dugu kanpotik etorritakoak uler dezaten hizkuntza ederra dela. Eta beharrezkoa hemen bizi nahi izatera. Gogorrak dira beren egunak, garratza askotan egunerokoa...
– Kontatuko?
– Ez da zaila imajinatzea. Beraiena ez den mundu batean daude. Bizi diren baldintzetan ez dira, ez horixe, gureak. Gurasoek orduak eta orduak ematen dituzte etxetik kanpo, lanean. Zakarra izan da beti bizitza migrari batentzat. Hemen, hor eta han.
– Hala ere, zuk esanda, askok literaturan aurkitu dute babesleku.
– Goian aipatzen dudan Albert hori Camus da. Akaso sinestezina irudituko zaio jendeari baina bere 'Sisiforen mitoa' irakurri, arakatu eta eztabaidatu egin dugu klasean eta kontu interesgarri eta sakon pila jarri dute agerian ikasleek. Suizidioaz jakina. Ez ahaztu lan horretan, Camusek bizitzaren zentzua aurkitu nahian, suizidioa filosofiaren benetako arazo bakarra dela esan zuela. Ikasle bat baino gehiagok, klasean landu ostean, liburua du erosi. Hala, nire nire ikasleekiko badut kezka handi bat.
– Zein?
– Munduan zer pasatzen den ez dakite. Eta ez dute egunkaririk irakurtzen. Non informatuko dira? Sareetan? Arriskutsu samar, ote?
– Segun.
– ??!!
– Munduko egunkari guztiak ziberespazioan daude. Betikoak eta berriak ere, beraz....
– Zer esan nahi didazu? Irakasleok irakatsi beharko diegula...
– Interesatzen zaien munduari buruzko informazio ona non aurkitu, bai. Akaso nahiko lukete jakin baleak non dauden...
– Udan irakurtzeko eta gozatzeko gordeta dut, altxor moduan, Frantzian atera berri duten MobyDick-en edizio ilustratua. Maite dut Melvile, bai.
– Eta Gabriel Aresti pasealekutik ez hain urrun den Sibila kaleko Balea Zurian argitaratu dute zure 'Hostoen hezurdura unatua'.
– Mimo handiz eta testura ederraz kaleratzen dituzte lanak, bai. Zentzumen guztiez irakurri dut kuadrilla poetiko horrek plazaraturiko Baudelaireren 'Gaitzaren Loreak', Patxi Apalategik euskaratuak. Eta Felipe Juaristiren 'Itzultzeko etorri naiz'.
– Baudelaire berrirakurtzean galdetu al diozu zure buruari Gaizkiaren edertasunaz?
– Baliteke halaxe suertatu izana. Baita gaizkileek guregan sorrarazten duten liluraz ere. Beste kezka bat dut, sufrimendutik lan egin behar/ahal du sortzaileak?
– Baietz uste dut nik.
– Baita nik ere. Maite dudan autore askok sufrimenduan aurkitu dute inspirazio, akuilu eta kontsolamendu. Igual hitzak, nire irudiko, bizitza islatu behar duelako.
– Eta nortzuk zure poemetara ekarritako egile horiek?
– Joan Margarit. María Zambrano ('Halabeharrez, gure gaua argituko duen lehen zerua gaua bera da'), Nick Cave, Leonard Cohen, Anari bera. Gustukoa dut Jabier Muguruzaren 'Mundo Café'n ezagutu nuen Fran Perez ('Narf') galiziarraren poema bat. Eta horrexegatik irekitzen du nire liburuaren 'Zarata' izeneko atala.
– 'Automatikoki noa abestera'.
– 'Xeométricamente vou pensar'.
– 'Informatikaren bidez naiz maiteminduko'
– 'Estatísticamente vou contar'.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.