Borrar
Maider eta Mireia topa eginez Zarauzko Rezabal Txakolindegian. DV
«Hamaika botaniko ditu 'Reginak'; haien artean erramu eta kardamomo»

Hiritarrak

«Hamaika botaniko ditu 'Reginak'; haien artean erramu eta kardamomo»

Maider, Mireia, Ander Reizabal Osinaga | Zarauzko Asti auzoan lorez eta mahatsez egiten da ginebra

Begoña del Teso

San Sebastián

Martes, 4 de junio 2024, 08:05

Mahastiak ditu Rezabal-Osinaga familiak Zarauzko Asti auzoko ekialdean, Getariako eremu harritsu batean, Aian eta Aizarnazabalen. Rezabal Osinaga sozietate mugatuak hainbat edabe delizios du merkatuan. Euskal Herrian Finlandian edo Kalifornian nola. Badu txakolina klasikoa, jakina asko baina baditu beste atrebentzia batzuk ere, rosé bat, 'Arri' urdina, Brut , bermuta eta... Donostiako jatetxe eta taberna goi mailakoetan dastatzen hasi den Regina izeneko... ginebra, Madrilgo Mario del Rosso kaleko Distilling Housek destilatua. Rezabal Osinagatarren etxaldera arrimatu ginenean, 'Leo artzakurra' zaindari zen eta Maider zein Mireia garua eta diosma loreak landatzen, eztei-oturuntza baterako.

– Enologoa zaitugu, Maider.

– Bai, Logroñon ikasia.

– Gitarra jotzaile eta abeslaria izana zara zu, Mireia, fama handiko musika talde batean, Ander senarrarekin batera...

– Baiiii. Berbenetan eta plazaz plaza ibiltzen ginen Izadi taldea arekin.. Ni gitarrarekin eta Ander bateriarekin. Egan, Basakabi, Akelarre musika banden garaikoak gara gu.

– Lanetan, obretan, ari zarete Rezabal Osinaga upategian.

– Pabiloia ari gara zabaltzen, andel (depositu) gehiago jartzeko. Bai egurrezkoak, haritzekoak, bai altzairu herdoilgaitzezkoak. Gure txakolinetan onenentzako,%80 altzairuzkoetan sortzen da eta %20 haritzekoetan.

– Leku ezberdinetan dituzue mahastiak. Lur sail bakoitzak esentzia, izaera, ezberdina emango die bertan sortzen den Hondarrabi zuri eta Hondarrabi beltz mahatsei.

– Jakina. Aizarnazabalgoak gordetzen ditugu Anderren amarenak ziren lursail batzuetan sortutakoak direlako. Aiakoek bertako altuaren onurak jasotzen dituzte. Getariakoak mahatsondo zaharrenak dira eta lur harritsu batean daude. Junto daude han Hondarrabi zuriak eta beltzak. Hemen, aldiz, saiatu gara separatzen. Getariakoekin egiten dugu 'Arri' izeneko txakolina, botila urdinean aurkezten duguna, oso ardo 'atlantikoa' justu itsasoa horren hurbil dagoelako. Zarauzko lursail hauek ekialdean daude, ditugun sailik eguzkitsuenak dira. Bai, kokapen bakoitzak balio eta balore ezberdinak eransten dizkie guk sortutako ardoei.

«Txakolina oinarri harturik, edari zoragarriak sor daitezke. Esaterako, apardunak; adibiderako bermuta. Bai beltza bai zuria»

– Hemen zaituztet, loreak landatzen, edari harrigarriak aurkezten, negozioa gobernatzen; etxekoandreak, jefak, nagusiak zarete zuek, gora emakumeak!

– Garaiak aldatzen ari direlako seinalea da hori. Iraganean, urrutiko urteetan, ez zen hola gertatzen baina orain bai, orain emakumeok mahastizainak izan gaitezela egiaztatu dugu. Jakina aita eta senarra dugun Anderren abizena dela gure upategiko deitura baina sozietate mugatua sortu dugu eta jada botiletan Rezabal Osinaga izenak agertzen dira. Eta erreparatu gure bermutaren etiketari...

– Ederra oso, neska dotore baten irudia. Txapela ('le béret basque') jantzita, 'diva' edo izar baten begirada. Belarritako ditu mahats-lukuak. Elegante pintaturiko hazkazalako ditu, eraztun distiratsua eta eskuan... bermut gorriz gainezka egiten duen kopa fina. Letrak, berriz, euskal tipografia klasikoan dira idatziak.

– Gure lagunak diren bi emakume braboek sortuak dira etiketa eta letrak, Arantxa Beobidek eta itsasoa etxetzat duen Izar de la Hozek. Borroka bizian dihardu emakumeok itsasoan marinel zein arrantzale izateko eskubidearen alde. Askotan bera ez dute onartu itsasontzietan emakumeok suerte txarra dakargula esanez...

– Ikasiko dute beldurti alen horiek... Gozoak dira zuen bermutak. Bai gorria bai zuria...

– Ez gara ez lehenak ez bakarrak txakolina oinarri harturik bermuta egiten (hor daude, kasurako Astobiza...) baina ziur gaude hemengo mahatsekin, hemengo botanikoekin, bertako loreekin, hemengo ardoarekin beste produktuak sor daitezkeela; produktu gozoak, bai kanpoko jendea bai hemengoa sorpresaz harrapatuko dutenak. Produkto eleganteak, lur honetan errotuak... Esaterako gure aparduna. Esan dezakegu Brut Basque Country hori Anderren aitari zor genion omenaldia dela.

– Nolatan?

– Behin eta berriz esaten zuen berak Hondarribi Zuri mahatsekin kalitate goreneko brut bat egin zitekeela. Urteak eman genituen probetan. eta azkenean, Zarauzko lursail oso berezi bateko mahatsekin, elaboratu. Blanc de Blancs da, mineralizazioa badu bere esentzian baina baita ere, lore zurien zetazko leuntasuna.

– Ni zuengana ekarri nauena, berriz, Getariako sor-markatik at den edabea izan da, 'Regina' izeneko ginebra. Badakit badirela beste euskal ginak baina ez dute horren izen berealdikorik.

– Getariako jatorri-deituratik at ez baitute destilaturik onartzen bertan baina gura, atsegin, laket genuen guk horrelakorik sortzea. Gainera, bada beste ginebra ugarietatik bereizten gaituen zerbait.

– Zer?

– Gurea mahatsez da egina eta ez zerealez. Horrek freskotasun handiagoa ematen dio eta aldi berean, aroma sakonagoa. Loraketa garaian loreak eta hostoak mahastienak hartzen ditugu. Kontu handiz. Txakolinaren aguardientaz beratzen ditugu gero, hamaika botaniko (limoia eta laranja azala, jengibrea, ipurua...) erantsiz. Bai, bada gurea erreget-gina.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Hamaika botaniko ditu 'Reginak'; haien artean erramu eta kardamomo»