Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Nerea bere Basauriko estudioan. Ari da komedia baterako musikarentzako oinarriak sortzen. MIREYA LÓPEZ
«Intuizioa ez da hutsetik agertzen. Entzun, ikusi, ikasi, bizi duzun guztia da»

Hiritarrak

«Intuizioa ez da hutsetik agertzen. Entzun, ikusi, ikasi, bizi duzun guztia da»

Nerea Alberdi Etxebarria | Film baten musika sailean ofizio oro (bat izan ezik) bete duen musikaria

Begoña del Teso

San Sebastián

Martes, 26 de noviembre 2024, 07:07

Basauri utzita, Pasaira arrimatu zen larunbatean. Zergatik? Ikuskan, Pasaiako Badiako Film Laburren Erakustaldi Nazioartekoan, hots, Lusoren 'Céntrico' izeneko lanak Gazteriaren saria irabazi zuelako. Eta Nereak musika jarri dio beldurrezko fabula sozial horri. Zuzendariaren izenean garaikurra jasotzera hurbildu zen badiara. Nereak Ikus entzunezko Komunikazioa ikasi zuen eta gero, hamaika beka bildurik, zinemarako musikagintzan graduatu zen arras famatua den Berklee College of Music-en. Bere webean sartuz gero, entzungo duzue Londoneko Air Studios garrantzi handikoetan (Michael Jacksonek eta Dire Straitsek grabatu dute bertan) grabaturiko bere 'The Lake, justu graduatu orduko ('Excellence' sariarekin apainduriko graduazioa...) sortu zuen lana. Nereak 'Robot Dreams' film paregabean aritu zen musika ekoizle. 'Ane' eta 'La ermita'n, berriz, orkestratzaile jardun izan du.

–Biolina jotzen hasi zen dena...

– Biolin-jotzailea izan nahi nuen, bai. Okerreko erabakia hartu eta utzi. Hala ere, biolina da nire tresna, nahiz eta konposatzen hasteko pianoa erabili.

«Ez saiatu pelikula baten soinu bandari erreparatzen. Ezta aztertzen ere. Galduko du zu manipulatzeko, zu istorioan zehar laguntzeko duen boterea»

– Hamaika musika talde interesgarritan harrapatu dut zure izena. Markaz fuerako atrebentziak. Esaterako, R&B eta western swing jotzen duen Dr. Maha's Miracle Tonic. Edo rockari bere burua eskainia zion Zenttrico.

– Hamaika baino gehiagotan ibilia naiz, bai. Baita folkeko Alann.-Biquen ere. Edo Vitoria-Gasteizko Orkestra Sinfonikoan. Jardun izan dut Josu Bergararen bandan. Jazzeko zein ganbera taldeetan ere. Izana naiz , inkluso, talde batzuen 'manager' edo antzeko zerbait Gogoan dut Berkleek Valentzian duen egoitzan ikasten nuenean, ordu libreetan, herriz herri joaten nintzela hainbat bandetan. Gogoan dut ez nuela bi alokairu, hemengoa eta hangoa, pagatzeko diru nahikorik. Beraz, honerako autobusean egiten nuen lo. Gogorrak ziren ikasketak baina izugarriak. Ez naiz damutzen, ez naiz kexu edo penatan. 30 urterekin egindako master hark bizitza aldatu zidan. Erabat.

– 'Bikaintasun-Excellence' saria eskuratu zenuen bukatzean. Zergatik uste duzu hain zorrotzak ziren irakasle haiek zu aukeratu zintuztela?

– Badakit egin beharreko guztia, jarritako baldintzak, emandako aginduak, onartutako konpromisoa bete nituela. Baita luzaturiko aukera guztiak aprobetxatu ere. Baina hori nire ikaskideek ere bete zuten ederki. Nik uste, beste prestakuntza mota nuelako hautatu ninduten epaileek. Prestakuntza edo 'background'-ezaguera-'bagaje'-jakinduria musikala.

– Zer nahi duzu esan 'background-ezagutza' horrekin?

– Nire ikaskideak ni baino urte batzuk gazteagoak ziren eta garaiko musika baino ez zuten kasik ezagutzen. Nik berriz, Ikus-entzunezko gradua nuenez, zinema pila nuen ikusita eta entzunda. Ikusita, entzunda, ikasia, dastatua. Maite nituen Alex North, Miklos Rozsa, Bernard Herrmann, Nino Rota. Gustuko nituen 50,60ko hamarkadetako soinu bandak. Baita hastapenetako jazza ('early jazz', alegia). Ikertua nuen jazza zineman sartzen noiz hasi zen. Aspaldian nituen barneratuak Ravelen eta Rotaren arteko konexioak, biak baitira oso koloristak. Hor ziren, nire barrenetan, nire belarrietan, Debussy, Holst, Stravinski bezalako musikari sinfonikoak. Horrek guztiak eman zidan 'Bikaintasun' saria, nik uste.

– Ez duzu 'intuizioa' aipatu.

–Hor dago. Beti belarri bistan. Ez da, baina, askok pentsatutakoa, derrepentean agertzen zaizun inspirazioa, ezeretan oinarri ez duen zerbait kasik magikoa. Esan dezakegu intuizioak eman zidala negar bizi batean hartu nuen saria; eskarmentuz beteriko intuizio horrek, aditu duzun guztiaz eraikitakoak.

– Nahasketa ingeniaria ez zara sekula izan film baten musika sailean. Beste zeregin guztiak bete izan dituzu. Aipatuko?

–Ez naiz nahasketa ingeniaria izan horretako ezagutza ez dudalako baina beste guztiak bai, bete egin ditut. Izan naiz konpositore nagusia 'Lanbroa' eta 'Hiri ibiltaria' laburmetraietan. Izan naiz bigarren konpositorea, musikari nagusiaren aginduetara dagoena eta falta den musika egiten duena. Vanessa Garderekin batera konposatu nuen Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen 'Josefina'ren musika. Oso lan polita da hori. Batzuetan, norberak musikatzen du bere aldetik eta gero bi lanak egokitu. Bestetan, aldi berean konposatzen dugu. Izan naiz orkestratzailea. Beste batek sorturiko musika orkestrara ekartzea esan nahi du horrek.

– Itzultzailearen lana dirudi...

–Antza badu bai. Trasladatu. Egokitu. Baita aldatu ere. Kendu. Gehitu...

–Eta ¡Go!azen'? en, zer?

–Musika intzidentala deitzen zaionaz arduratu. Telesail musikal horretan, ezagunak ziren kantak hartzen genituen eta beste aire bat eman, gure gaurko garai eta belarrietara ekarriz. Zergatik ez diozu rock kanta bati tonu punk edo saltsero bat jarriko?

–Zergatik ez? Esan, nola sortu duzu 'Céntrico' rako musika?

–Izuaren kodeak gordez (sokak erabiliz, etsenplu) baina gaurkotuz. Bestela, urtetsu geratuko zen, komiko edo burlati ere. 'Puñales por la espalda'ren estiloan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Intuizioa ez da hutsetik agertzen. Entzun, ikusi, ikasi, bizi duzun guztia da»