Borrar
Nagore Nueva Delhin, poxpolu kaxaz egindako argazki kamerarekin, 'Suzko Irudiak' gauzatzen. MANU BARREIRO
«Koherentea nahi dut izan. Beraz, Indiara ezin eraman luxuzko kamera digitalik»

Hiritarrak | Nagore Legarreta

«Koherentea nahi dut izan. Beraz, Indiara ezin eraman luxuzko kamera digitalik»

Sormenera entregaturiko hernaniarrak urrian plazaratuko ditu bere 'Suzko irudiak'

Begoña del Teso

San Sebastián

Martes, 11 de junio 2024, 07:45

Alcelay du bigarren abizena eta hilaren 3an Verkamin martxan jarri zuen diru (eta adiskidetasun eta animoen) bilketa izugarri ondo doa. Pasa ostegunean, beharrezko zituen 4.000 eurotako %77a edo zuen jasoa. Ez da harritzekoa. Indian hartutako ziento bat argazki liburu soinuduna bilakatuko baitira bertan jende askoren plazererako, harridurako ere. 'Suzko Irudiak' du izenburu proiektuak eta bertan, Mariano Hurtado, Nerea Garrido eta Beñat Iturrioz musikariek hartuko dute parte. Edorta Subijanaren konplizitateaz, liburu soinudun hori bihur daiteke ikusizko objektua. Ikusiko dugu udazkena ailegatzerakoan.

– 'Entregatua' esan duzu. Eta ez 'dedikatua'. Ba al da motiborik?

– Baietz uste dut. Munduan eta bizitzan izateko modua da niretzat sormena. Nirekiko, jendearekiko eta existentziarekiko koherentea izaten saiatzen naiz. Koherentzia horretan defendatzen ditut sormen espazioak. Defendatu sortzaileak eta euren burujabetasuna ere. Defendatzen ditut sortzeko modu koherenteak ere. Sormenera 'entregatua' naizelako, argazkigintza analogiko-esperimentalean naiz murgildua. Bai sortzen bai klaseak ematen, bai...

«Pospolo kaxekin egindako kameraz egin nuen lan Nueva Delhin. Teila Fabrikan nabil dinamizatzaile. Teilak eta pospoluak.... Inguratzen naiz, bai, objektu oso berdaderoekin»

– Hitzez hitz, seguru denok ulertzen dugula 'argazkigintza analogiko esperimentala'-k zer esan nahi duen baina nahi dut nik zuk barneko zentzua azaltzea.

– Egia esateko, espazio infinutu bat dago adiera horretan. Bide batez, konturatzen? 'Infinitua' euskaraz esatean, hitzaren 'u' ireki horrek zera ematen du, justu sekula itxiko, bukatuko ez den zerbaitetaz ari garela.

– Egia! Bai horixe! Segi

– Teknologia berria erabiltzen dut kezkarik, errezelorik gabe. Behin batean deskubritu nuen mugikorra sar dezakezula anpliadorean, handigailuan, eta pantailako irudiarekin jokatu. Alta, kamerak zuk zeuk fabrika dezakezula ikasi nuenean, argi sentitu nuen hori zela nire bidea. Argazkilaritza estenopeikoari buruzko lantegi bat burutu nuen eta berehala ulertu argazkiak ateratzeko modu primitibo hura nire proiektuak garatzeko bitarteko ezin aproposagoa zela...

– Hori diozu bai zure webean baina azaldu, arren, 'estenopeikoa'k zer erran nahi duen.

– Ba, nolabait, gailurik kasik erabili gabe, argazkiak eta negatiboak sortzen ahal izaten duzula. Argazkigintza estenopeikoak edonork edozein ontzi hartuta, kamera bat eraikitzeko aukera ematen du. Honek ekartzen du edozein pertsona kamera bat izatera pasa daitekeela goiz batean, eta bere eraikuntza oso era errazean ulertzera.

– Horixe esaten zenuen Gipuzkoako Argazkilari Elkartean eman zenuen ikastaroaren atarian. Ildo beretik, Egiako Teila Fabrikan geundela, aipatu dizkidazu zer nolako tramankuluak sortu izan dituzun zeuk zerorrek argazkiak ateratzeko.

– Ohiko argazki formatuetatik haratago joateko aukera horrek asko erakarri ninduen. Kontserbetako latak hartuz,adibidez, osatu nuen 'Hysteron' proiektua.

– 'Hysteron-ek ez du 'utero/umetoki' esan nahi grekoaz?

– Bai. Emakumezkoen errealitateaz kezkaturik, baita haserre bizian ere, ekin nion proiektu horri. Esandakoa, argazkigintza estenopeikoaz, kamerak ez diren kamerekin sortzen diren irudi onirikoak eta batere zehatzek izugarri erakartzen ninduten, naute. Oso oso baliotsuak iruditzen zaizkit. Piezaka zatitutako emakumeen irudiekin landu nuen orduan histeria, mendekotasun, oinaze, kastrazio, zapalketa kontzeptuak. Gero lata hori Susak plazaratu zuen.

– Ibaira ere bota zenituen kamerak ez izan arren, kamera bezala funtzionatzen zuten kutxak.

– Hala egin nuen bai baina ideia ez zen gu ibaira begira izatea baizik aldrebes. Jarri nituen bezala, ibaiak begiratzen gintuen gu. Jakiteko zer pentsatzen ote zuen gutaz...

– Mintza gaitezen 'Suzko irudiak' proiektuaz, mikromezenasgoz aurrera aterako duzuna.

– Oinarrian, funtsean, liburua eta soinu banda bat da, Indiara egindako lau bidaiatan sortutako irudi sorta biltzen duena. Artxiboa 700 argazkik osatzen dute, eta orain, lana editatu, txukundu eta pospolo kaxa itxura duen formatu berezian argitaratzea da helburua, proiekturako propio sortutako soinu bandarekin.

– Konplize dituzun musikariak...

– Kontrabaxua, ukelelea, indiarren txirula, darbuka, melodika jotzen dituen Mariano Hurtado, eskarmentu polit eta handiko Nerea Garrido, txalapartaria ezinago ona izateaz aparte, 'Ataun of the Dead' beldurrezko euskal trilogiaren egile ganberroetako bat den Beñat Iturrioz. Erabilitako tresnak hemengoak eta hangoak dira. Alta, batzuk, guretzat sortuak...

– Maite ditut nik pospolo kutxak, txiskeroak baino gehiago.

– Indian konturatu nintzen askoz gehiago erabiltzen zituztela pospoloak metxeroak baino. Eta ederrak zirela kaxak, kolorez beteak. Nik ez nuen nahi hara joan hurrengo belaunaldiko kamera batekin. Horrek ez ninduen batere... eszitatzen. Boteprontoan zera okurritu, poxpolo kaja bat kamera bihurtzea. Hala egin nuen. Eta ezin imajinatu zeinen oparoak diren gaizki eratu/ zulatutako kamera batekin egindako akatsak...

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Koherentea nahi dut izan. Beraz, Indiara ezin eraman luxuzko kamera digitalik»