Borrar
Aitor debarra, Bilbon irakasle eta auzoko, gozatzen ari zen jaietan. Aste Nagusi 'autentikoan'. MAIKA SALGUERO
«Luze bat filmatu nahiko nuke baina ez da tenorea. Hobe buruari bueltarik ez»

Hiritarrak | Aitor Oñederra Agirre

«Luze bat filmatu nahiko nuke baina ez da tenorea. Hobe buruari bueltarik ez»

Debako Arena tabernetako paretak, bideo, musikalak; luze bat ametsetan

Begoña del Teso

San Sebastián

Martes, 27 de agosto 2024, 07:09

Oporretatik etorri berria murgildu zen Bilboko Aste Nagusiko zorabio benetako eta gozoan. Debakoa jatorriz, ziento bat sari bereganatu du bere 'Ur Azpian Lore' edo 'I Said I Will Never Talk Politics' labur animaziozkoekin. Bilboko eromena eta gero, salto egingo du irailaren 3tik 7 arte berak sortutako AnimaDeba jaialdira. Nahi du bere herria erreferente izatea, galdu ezinezko topalekua nazioarteko mailan. Bidean da. Aurten, gonbidatuen artean, Argentinako Zaramella maisua eta Esloveniako Animateka festibalaren zuzendaria. Ametsik? Bi, burutik uxatu nahi duen bat, film luzea egitea, alegia, eta akaso zailagoa den beste bat: Oskarra duen Alberto Mielgo Debara ekartzea...

– Luze bat filmatu nahi duzu baina ez omen da momenturik egokiena. Beraz, nahiago horretaz ez pentsatu. Lortzen al duzu?

– Irakaslea naiz unibertsitatean, Arte Ederretan. Eskola esperimentalagoak dira, Ikus-entzunezko Komunikaziokoekin alderatuz gero. Irakaskuntzak denbora pila eta esfortzu handia eskatzen dizu. Izango dut, badakit izango dudala, une eta tarte egokiagoa luzea aurrera ateratzeko, amets (gaizto)etan buru belarri murgiltzeko. Momentuz ez. Beraz , buruari debekua jarri diot, ez dut horretaz pentsatu nahi. Are, iristen zaidan inspirazioa uxatu egiten dut. Ahalegindu, bederen.

«Familiak ez zuen pentsatzen horrenbeste marraztu behar nuenik pelikula bat egiteko. Uste zuten dena zela digitala. Ba ez. Inola ere ez»

– Zaila izan behar inspirazioari uko, errefus egitea. Inspirazioa airean baita;izan daiteke, behinik. Nondik harrapatzen zaitu zu, tupusteko bada ere?

– Edonondik. Egunkarietan irakurtzen dudanetik, kasurako. Horrela iritsi zitzaidan 'Ur azpian lore' lanerako burutazioa. Ikusten ditudan bideo musikaletatik, zinematik baino gehiago. Debako Arena tabernan, gaueko leku horretan, paretetan dauden zinema erreferentzietatik eta bertan entzuten den musikatik, Baina esandakoa, orain, errefus egiten diet erreferentziei. Badaukat, hori bai, beste labur bat egiteko asmoa. Oraindik gidoirik ez badut ere... Baina luzearenak, luze joko du. Batzuek esaten didate hori bezalako abenturan ez sartzeko. Hamar urte kostatu zitzaion Isabel Herguerari lehen luzea egitea.

– Alta, zorioneko suertatu zitzaion erronka, ahalegin eta sufrimendua, Donostiako Zinemaldiak aukeratu zuen 'El sueño de la sultana' sail nagusirako eta saritua izan zen hamaika jaialditan.

– Bai, egia da. Horretaz eta mila gauzez mintzatuko gara Deban egingo ditugun bilkuretan. Bai ofizialetan bai gaueko ordu txikietan gertatu ohi diren horietan, non maiz bai zinemagileak bai jaialdien kudeatzaileak negarrez amaitzen dugun, elkarri animoak emanez. Nahi dut nik AnimaDeba denentzako erreferente bilakatzea. Bai sortzaile, bai ikusle, bai zinemaldien programatzaileentzako. Industriarako ere. Ez nuke gogoko industria bera kanpoan uztea... Ezinbestekoa baita.

– Horretaz, industriaz, nahiko zenuke mintzatu etorriko den Juan Pablo Zaramellarekin eta, hain lan eta konpromiso handiak dituenez, etorri ezin duen Alberto Mielgorekin.

– Biak dira markaz kanpokoak, sortzaile izugarriak. Mielgok Oskarra lortu zuen 'El limpiaparabrisas' lanagatik eta animaziozko antologia izugarria den 'Love, Death & Robots' esku hartua da. Zaramellak ez du parekorik mugimenduaren ilusioa sortzerakoan. Bere 'Luminaris' lanak munduko marka guztiak hautsi zituen eta Historian sari gehien (324) dituen film laburra da. Sortzaile ikaragarria izateaz gain, gizon praktikoa da oso eta badaki mota askotako produkzioak gobernatzen. Horretaz ere egingo nuke berarekin berba. Luzez. Nik ere beste eskarmentuak baititut; dirua ematen duten lanetan naiz ibilia, ez bakarrik sorkuntza kontuetan...

–Esaterako...

– Mecanoren 'Hoy no me puedo levantar' musikalean, adibidez, nire bideoek bat egiten zuten hainbat pertsonaiarekin, nik sortzen nituen haien gaineko animazioak. Ekoizlea naiz eta industriak dituen kodeak ezagutzen ditut. Mecanoren kasuan oso estilo amerikarrean egiten genuen lan. Oso eskola ona izan zen.

– Aipatu duzu lehen, bideo musikaletan zineman baino inspirazio handiagoa jasotzen duzula. Bazara bideo musikal anitzen autorea. Primerakoak...

– Loopstage kolektiboaren 'All I Need Is You', Sukarraren 'Izarren bila', Doctor Deseoren 'De chocolte y vainilla'... Urteak pasa dira baina gogoan dut Bilboko BBK aretoan muntatu zen Karibu Festa hura. Nahi zen CongokoLubumbashi hiriko Kultur Zentrorako soinu ekipamendu bat lortu eta horren asmoz bildu ziren Ordorika, El Drogas eta beste makina bat musikari agertokian. Nik grabatu nituen agerpen guztiak...

– Zure ibilaldia oso luzea da. Ba al da oraindik ere ezustean harrapatzen zaituen sortzailerik?

– Nola ez?Adimen Artifizialaren garaiotan, oraindik film pila ikustean 'nola arraio egin du hori'?! galdetzen diot nire buruari. Badira sortzaile zeharo berritzaileak. Naturalistak, pintura akrilikoa abstrakzioa lortzeko erabiltzen dutena, Time Laps (denboran banatuak diren sekuentziak softwwareak lotuak) teknikarekin jokatzen dakitenak, pertsonaiak metamorfoseatzen dituztenak... Nola arraio egiten dute, nola!?

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Luze bat filmatu nahiko nuke baina ez da tenorea. Hobe buruari bueltarik ez»