

Secciones
Servicios
Destacamos
Igandean, Biba Ardoak Kooperatibak antolaturiko ardo azokan ibili zen jende ugari Hernanin, Euskal Herriko 18 upategiko zuku gozoak dastatzen. 18 ardo gehi Iparragirre sagardoa. Gehi Fede Pacha sukaldariak asmaturiko jakiak. Dantzan ere jardun zuen jendetzak igandean Dia Radio DJa hor bait zegoen. Liburuak orriztatzeko aukera ere izan zuten bertaratuek, Donostiako Kaxilda liburu-denda, jatetxe eta topaleku libreak hara eman baitzituen paperezko proposamen ederrak. Guk pasa ostegunean egin genuen berba eta topa Ziburun Maitenia ostatua izandako Arturorekin, Biba Ardoak kooperatibako arduradunarekin, alegia.
– Badakit luzea izango dela zerrenda baina gustu handiz idatziko ditut mahastizain ardogile horiek guztiek zaindutako, maitaturiko upategien izenak.
– Luzea bai, gero eta gehiago baikara. Gero eta gehiago ardo ekologikoak sortzen dituztenak, arbasoen lur eta mahastiak berreskuratzen dituztenak. Batzuk haratago joan dira beren bizi apostuan eta ardo naturalak elaboratzen dituzte...
– Itxoin, definitu 'ardo naturala'.
– Filtratu gabea. Klarifikatu gabea. Sulfitorik gabea. Ezer ez zaio kentzen mahatsari. Ezer ez zaio gehitzen. Bere legamia propioan irakiten da. Ardo ekologikoak egiten dituzten ekoizleek izugarrizko errespetua diote bai lurrari bai mahatsari, baina ardo naturalek pauso bat harago islatzen dute, Europan zein mundu osoan ematen ari den urrats bat aurrerago.
– Polita apustua, non, nola sortu zen ideia? Zeinek? Zergatik?
– Halako erantzun bihurriak nahi izanez gero, esango nizuke Pariseko 'boho' horiek zabaldu zutela. Badakizu, 'boho' hori 'bohemio'-tik dator. Bertako tabernetan konturatu ziren hartzen zuten ardoa ahalik eta ekologikoagoa, ahalik eta naturalagoa izanda, are eta txikiena, are eta xuabeagoa goizeko bestondoa. Izan ere, ardoa ekologikoa bada, naturala bada, zepelinik ez.
– Zuk esan duzun hori denok frogatu dugu gure ospakizun eta kalitatezko parrandetan, ahalik eta hobea ardoa, garagardoa, sagardoa, txanpaina, patxarana edo ginebra, mozkorrik... ez .
– Edaten duzun hori bizirik baita eta ez hainbat eta hainbat edari komertzialekin, industrialekin gertatzen den bezala, osagarri kimikoek hildako likido bat. Nik gehiago esango nuke...
– Ba esan.
– Nik uste, ardo ekologikoek zein naturalek ongi egiten dizutela edaterakoan, nolabait, ekoizleekin eta beraiek eusten dioten filosofiarekin bat egiten duzula konturatzen zarelako. Are, ardo horiek gure lurrean eta gure jendeak ekoiztuak badira. Ziur naiz ni kontu batez, ardoen bitartez ere herria egin egiten da.
– Dudarik ez
– Pentsa ezazu, Enkarterrietan has gaitezkeela ardoa probatzen eta Zuberoan bukatu. Gure web orrian sartuz gero (bibaardoak .eu) mahastizainak Euskal Herri osoan daudela ohartuko zara. Klima mota guztietan. Beharbada, momentuz, Mendikoan falta zaizkigu bain lasterrean hasiko dira lur zerrenda horretan ekoizten. Eta ziur naiz interesgarriak egingo zaizkigula ardo horiek...
– Zergatik?
– Alturagatik. Haizeak sendoturiko, laztanduriko baita desafiaturiko mahatsak izango dira bertakoak. Beste zio bat, altuera horien arabera badira hantxe bizi, iraun, ezin duten zomorroak, bakterioak. Beraz, osasuntsuak izango dira toki horietako mahatsak. Gurean inolako babesgarri kimikorik ez dugu erabiltzen, beraz gure ardoak sortzeko, ezinbestekoak ditugu mahats osasuntsuenak.
– Botako al ditugu orain kooperatiba zuena aterpe eta borrokagune duten ekoizleen zerrenda?
– Ulibarri. Urkizahar. Gil Berzal. Buscand o Project El Mozo. Hontza. Biruko Gorri, Lezaun Bardea, Azpea, Mendiko, Baztango Xurie, Bordatto, Espila Etxondoa. Ilarria...
– Guztien atzean, istorioa eder bat. Konta ditzagun, kasurako, Makatzak eta Aristi izenekoenak edo Ghaur txakolinarena.
– 'Makatza' hitza zahar-zaharra da. Kasik mahastizaintza existittzen ez zen garaikoa. Makatzak dira larre, basoko mahats basatiak, 'silvestres' gaztelaniaz, 'wild' ingelesez, 'saunvages' frantsesez. Aristi upategia Irunberrin da. 'Amatxi' izeneko ardoarekin 400 botila baino ez dute kaleratzen. Zergatik 'Amatxi'? Ba amatxik utzitako 50 urteko mahastiak ematen duenarekin egindako ardoa baita. Hori ez dugu aipatu, ez da?
– Zer?
– Biba Ardoak kooperatiban bildu garenok ez diogu mahastiari eman dezakeena baino gehiagorik eskatzen, exijitzen, ateratzen. Ez dugu inolaz ere behartzen, Nola bortxatu gure izenean zaintzaren ideia markatua bada? Mahasti zaindariak gara gu.
– Eta Ghaur txakolinaz, zer?
– Hasteko oraindik argitu beharreko kontu bat: txakolina ardoa da. Ardo zuria. Ardo zuri atlantikoa. Ez ahaztu definizio hori. Ez dago gurean, ardo beltza, ardo gorria, ardo zuria eta txakolina. Ez, zuria da. Ardoa. Atlantikoa. 'Ghaur'? Hitz joko bat. Haur bat bezain gazte eta libre eta 'G'... momentuan, gaur bertan kasik egina baita. Biba ardoak! Bizirik dira eta herria bizi dute.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Recomendaciones para ti
Favoritos de los suscriptores
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.