Borrar
Ordiziarantz abiatu baino lehentsuago, Zamudion den ring aldera hurbildu zen Pedro Mari. MAIKA SALGUERO
«Marka fuerako kirolariak, garai eta era guztietan lirateke onak»

«Marka fuerako kirolariak, garai eta era guztietan lirateke onak»

Pedro Mari Goikoetxea Linaza ·

Ordizian omenduko dute kirol kazetaria eta euskaltzain urgazalea

Begoña del Teso

San Sebastián

Martes, 16 de julio 2024, 07:17

Luzeago eta patxaratsuago mintzatuko gara aste honetan zehar Boxing Ciclo Clubek Lezaman jaiotako kirol kazetari txit agurgarriari egingo dion omenaldiaz, testuinguru ezin hobeago batean, urteetan zehar Beti Alai Frontoian ospatu izan den boxeo saio arras gogoangarrian, alegia. Egun batzuk lehenago izan genuen Pedro Marirekin solasaldi interesgarri, aberasgarri eta ederra, artean Eurokopa nork irabazi ez genekiela, artean gaur aurkezten den uztailaren 19ko boxeo-kartela ezagutzen ez genuela, artean Pogacar eta Vingegaarden arteko norgehiagokaren azken zertzeladak ez genezkiela..

–Athletic-eko atezain mitikoaz idatzi zenuen 'Iribar, irudia eta eredua' saiakeraz ari ginela sortu da elkarrizketa honen lerroburua. Galdetu dizut ea zer nolako futbolaria litzatekeen, egun, 'El Chopo'.

– Eta nik erantzun, beraien garaietan markaz kanpokoak izan ziren kirolariak gaur egungoetan jarraituko zutela izugarriak izaten, ona dena beti izaten baita ona. Hori bai, indarrean diren estiloetara, moduetara, baldintza eta beharretara egokitu, moldatu behar. Izan ere...

–... zure ustez, futbolean, Iribarren edo Arconadaren garaietatik hona gehien eboluzionatu, eraldatu den postua atea gordetzen duenarena da.

– Hori da bai. Oinak erabiltzen ez dakien edo jokoa sortzen ikasi ez duen atezainak ez du kabidarik gaurko futbolean. Izan daiteke oso ona eskuekin, izan daiteke primerakoa atea gordetzen baina ez badaki taldekideengandik baloia jasotzen, ez bada trebea atetik jokoa bideratzen, alferrik. Bestalde, gauza pare bat esango dizut Iribarrez...

– Zeurea da orrialdea.

– Ona, oso ona izateaz gain, izugarrizko karisma zuen. Jendeak estimu handian zuen Jose Angel. Bilbotik, Bizkaitik eta Euskaditik kanpo baldin bada Athletic-ekiko horren atxikimendu ertsia, Iribarrekiko sinpatiak sortua da. Baina, futbolekoa ez den beste adibide bat jarriko dizut lerroburua argiago gera dadin.

– Otoi.

– Pentsa dezagun Julian Retegikin. Pilotari ezin hobeagoa atxikia erabiltzerik zegoen garaian. Debekatu zuten 1983an baina Julian gauza izan zen arau berrira bere burua egokitzen eta jarraitu zuen txapelketa ugari irabazten. Ikusten? Kirolari ona, mugaz harago dagoena, beti ona.

– Futbolari helduko diogu? Nola ikusi duzu Euro 2024?

– Oso orekatsua, arras parekatsua. Ez da izan diferentzia handirik selekzioen artean. Ez dugu ikusi arerioa suntsituz, gol askoz irabazi duen talderik. Selekzio eta talde guztientzat zaila da egun besteen aldean eta gainetik erraz eta erruz gailentzea denak baitira oson prestatuak. Fisikoan ere, jakina. Berez, futbolariak beti dira atletak bai; alta gaurkoak gero eta atletagoak dira. Horrek, prestakuntza horrek, eragina izan du emaitzetan. Partida asko luzapenean edo penaltietan erabaki dira

«K.Oa da boxeoan, futbolean gola dena. Baina badira golik gabeko partidak arras ikusgarri eta onak eta badira ringean puntuetan bukatzen diren borrokaldi ikaragarriak. Gustuko ditut bai kirol batean bai bestean, lehia parekatsuak, zeinetan bi partaideen artean alde izugaria ez dagoen»

– Kuriosoa golik gabeko partidaz esaten duzuna, K.0 gabeko boxeoarekin alderatze hori...

–Nire irudiko gola da futbolean edo futbolerako boxeoan edo boxeorako K.Oa dena baina golik gabeko partidak interesgarriak izan daitezke. Oso, estrategia dela, taktikak direla. Jakina, K.0 bat ikusgarria da, behin betiko kolpea baina borrokaldi neurritsuetan boxeo ona eta ikusteko moduko lehiak aurkituko dituzu askotan.

– Gainditu izan ditu une larriak boxeoak. Gaur, modan dagoen kirola dela esan genezake, kasik.

– Egia, bai. Gimnasioak mukuru daude; zaletuak lotsa galdu du eta harro aitortzen du gogoko duela. Bide batez, kontu bera gertatu da, neurri batean Espainiako futbol selekzioarekin. Gurean, final erdia %62,8 ikuslek jarraitu zuten. Boxeora itzuliz, sasoian daude gimnasioak eta saioak. Ez horrenbeste konpetizioa. Kerman Lejarraga gailurra ukitu zuenean hortxe ziren Sergio Rey, Oscar Vega eta beste batzuk ere. Kermanek utzi zuela, aldiz, galdu zen pixka bat bultza. Ea Oier Ibarretxek berriro pizten duen grina.

– Oier Ibarretxe?!

– Barakaldokoak Bangkoken gainditu zuen Estatu Bauetako Emilio Garcia, Pariseko Olinpikoetarako txartela lortuz. Aspaldian ez genuen euskal boxeolaririk jokoetan. Gustukoa dut Oier, oso teknikoa da baina, aldi berean, jotzaile ona. Agian, esandakoa, bera Parisen izan da piztuko da beste askorengan ring-era, konpetiziora pasatzeko desira.

– Antzinako maisuak ari da ETB uda honetan omentzen. Betikoez gain, nor aipatuko zeniguke?

– Dudarik gabe, Nassem Hamed. Berezia zen. Oso. Baliteke berezienen artean, bereziena. Harrosko, errespetu falta ikaragarria zien kontrakoei. Baina ringean egiten zuena beste inork ez zuen egiten.

– Euskaltzain urgazlea zara. Zer esango zenuke euskarazko kirol erretransmisioez?

– Inguruko hizkuntzatan egiten direnak baino hobeak izan behar gure emanaldiek. Mintzo aberatsa eta dokumentazio zehatza erabiltzea ezinbesteko da. Igoal ezin ditugu gainditu, ez, handiak direlako besteak. Baina gu onak gara.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Marka fuerako kirolariak, garai eta era guztietan lirateke onak»