Borrar
Atotxako Dorreko zazpigarren pisuan bizi da Albaniatik eta Galiziatik bueltatu berri den Joseba. SARA SANTOS
«'Material' (oso) sensiblearekin egiten dugu lan entrebistetan»

Hiritarrak

«'Material' (oso) sensiblearekin egiten dugu lan entrebistetan»

Jon Amutxastegi Muguruza | Eta amona Marivik festen hasiera ikusi zuen udaletxeko balkoitik

Begoña del Teso

San Sebastián

Martes, 13 de agosto 2024, 09:00

Debakoa jaiotzez, Udaletxean denon estimuan lan egindako Raimundoren semea izanik, leku pribilegiatu batetik ikusi ohi zituen festak txikitan. Ikus-Entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Bizkaian eta Zinema/Telebistako Ekoizpenaren inguruko masterra burutu Madrilen. 'Biba Zuek' ETB1eko saio sona handikoan egiten du lan erredaktore. Albanian zein Galiziako Mouran pasa ditu oporrak. Tabakalerako eskaileretan, itzal gozoan, egin genuen berba.

– 'Material (oso) sensiblea'???!

–Bai, jakina, Gizakiekin egiten duzu lan elkarrizketak lortzen eta lotzen saiatzen zarenean. Hori da, hain zuzen ere, nire eginbeharra 'Biba Zuek'-en. Jendeak beti egin dezake ezezkoa emateko hautua. Bestalde, gaia atsegina bada ez da hain konplikatu eta konplexua elkarrizketa kudeatzea. Serioa bada, dena zailtzen da. Bada jendea gustura mintzatuko den agai batzuei buruz. Badira besteak errezelo eta erreparoa eragiten dituztenak. Nire aburuz, errespetuz hurbildu behar duzu beti. Berak du azken hitza eta zuk moldatu behar. Hurbilduko zara ere gaia ezagutuz. Sekula ez duzu esango 'tutik ez dakit zuk darabilkizun eta zu ukitzen, arduratzen interesatzen zaizun gaiaz', itsusiagorik ez baita. Zugan galduko du konfiantza entrebistatu nahi duzun horrek.

«Debako jaien momenturik ziragarriena niretzat? Festak hasi orduko Martxa, jakina. Askoz txundigarriagotzat dut, alta, Bandak hilerria bisitatzen duenekoa»

– Denbora eta hizkuntza bera oztopo bilakatzen al dira?

–Hirugarren bat ere, kamera. Guardia jaitsiz gero, denborak harrapatuko zaitu, bai. Ez ahaztu eguneroko saioa dela 'Biba Zuek'. Euskaraz izateak zailtzen du jendea aurkitze-prozesua, baina pixkanaka-pixkanaka ari da egoera aldatzen, gero eta jende gehiagok daki euskaraz eta gero eta gehiago animatzen da hizketan... kamerari beldurra ez izatea lortzen badu, jakina. Gehienek ez dute begiko beren burua pantailan ikustea. Askotan, pantailan agertzen den hori ez zarela zu pentsatzen duzu ere (edo pentsatu nahiko genuke...).

– Interesgarria egindako masterra ezta? Zinema eta Telebistarako Ekoizpenaren hura.

– Egundokoa bai. Eta interesgarria ere Madrilgo esperientzia. Beharbada ez nuke nire bizitza osoa han emango baina denboraldi baterako leku egokia, aproposa deritzot. Alde batetik, mila gauza egiteko, mila leku eta erakusketa eta saiotara joateko beta ematen dizulako eta beste aldetik, hara doan jendetza, han biltzen diren guztiak zu joan zaren bezala direlako joanak, oportunitate baten bila, kontu berrietan murgiltzera, ikastera. Sekula ez zara arrotza sentitzen.

– Zer jartzen du daramazun poltsan? 'AnimaDeba, Nazioarteko Animazio Zinemaldia'??!!

– Bai, aurten hamazazpigarren edizioa egingo dugu. Egia esatearren, lehenengo saioa, irailaren hirukoa, San Telmo Museoan izango da, baina beste emanaldi guztiak, herrian egingo dugu. Irailaren 7a artekoak, hain zuzen ere.

–Baina Deban ez dago aretorik. Aspaldian itxi zuten Zubelzu zinema eta begi bistan da inori ez zaiola okurritu Debak areto bat merezi/behar duenik...

– Egia. Eta nik, beste askok moduan, haren falta sentitzen dut. Hala ere, badugu Alamedako erabilera anitzeko karpa, 'Kutxa Zuria' izenekoa. Hor egiten dira hamaika kontu, hor ikusten dira animaziozko pelikulak.

– Kontatu gehiago, faborez...

– 'I Said I Would Never Talk About Politics', 'Ur Azpian Lore' laburren egilea den Aitor Oñederra debarraren asmakizun eta ametsa izan zen. 2008an sortu zuen. Egun, antolaketan herria dabil buruz belarri, amore eman gabe.

– Aitor! Berak eginak dira 'Apaiz Kartzela'-ko animaziozko eszenak. Medina del Campoko jaialdian sariak ditu lortuak. Kontatu herriaren parte hartze hori...

– Hasiera batean kuriosoa izan zen. Jendearen ustez, zinema berezia, alternatiboa, independentea ikusi ahal izateko Donostiara etorri beharra zegoen. Deban zinemarik ez eta ingurutako herrietan pelikula majoak baina komertzialak. Apurka konturatu ziren ezetz, Deban ere normalean ertzetan eta iskinetatik egindako zinema ikusterik bazela. Egun, herriko hainbatek egiten dute aukeraketaren lehengo 'kortea'. Ehun labur ikusten du, gutxi gorabehera, bakoitzak. Gero, Komite Aukeratzaileak egiten du azken hautua, sariketarakoa, hori bai.

– Oroipen onik duzu Zubelzu aretoekiko?

– Baita bitxiak ere. Han ikusi nuen lehenbiziko pelikula 3Dan. Betaurrekoekin, jakina. Ez zegoen film osoa erreliebean beraz, betaurrekoak noiz jarri jakin ahal izateko, txistu bat jotzen zuten pantaila edo proiekzio gelatik...

– Albaniatik zara bueltatu berria. Zer inpresio?

– Bitxia. Europan zaude baina ez zara Europan sentitzen. Imajina ezazu Grezia, Turkia eta Balkanen arteko nahasketa. Musulmana da gehiengoa. Kaotikoa da herrialdea. Alde batetik, ez da hainbeste denbora komunismoa euren bizitzatik desagertu zela. Bestalde, turismoa barra-barra ari da ailegatzen... Badirudi bi erritmoko lur batean ibiltzen zarela.

– Eta Marivik balkoitik ikusi zuen iaz festa.

– Aitona ez dago gurekin jada. Normalean, kanpora joaten ziren jaietan. Orain geratu egiten da. Ez da fisikoki gauza plazan izateko. Igo zen udaletxera. Hunkigarria suertatu zitzaigun unea.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «'Material' (oso) sensiblearekin egiten dugu lan entrebistetan»