Borrar
Judas Priesten elastikoa jantzita, Xanti H.R. Giggerrek sortutako 'xenofago' batekin jolasean. AITOR RODRIGUEZ
«Mugimendu inozenteek talka egiten dute inguru krudel batekin 'Gizaki'-n»

Hiritarrak

«Mugimendu inozenteek talka egiten dute inguru krudel batekin 'Gizaki'-n»

Xanti Rodriguez Zumarraga: Azpeitiko argazkilariak EITBeko saria lortu zuen Beldurrezko Astean

Begoña del Teso

San Sebastián

Martes, 12 de noviembre 2024, 07:16

Maite du, biziki maite ere Akira Toriyama mangaka izugarriaren lana. Beraz, gozatu egin du aurtengo Beldurrezko Astean 'Dragoi Bola'-ren sortzaileari egin zaizkion omenaldi guztietan. Aro analogikoan bizi ginenean, orduak ematen zituen Antzoki Zaharraren atarian sarrerak lortu nahian. Sitgesen aukeratu zuten aspaldi batean bere 'Lekaime' laburra baina askoz gehiago piztu zioten bihotza 'Gizaki' Victoria Eugeniako agertokian aurkezteak eta euskal lanik onena laudatzen duen EITBeko garaikurra jaso izanak.

– Kokatu zure burua, arren, argazkigintzaren, zinemaren, marrazkien multibertsoetan.

– Gurasoek (Angel, Maria Jesus) egun Aitor anaiak kudeatzen duen Foto Angel izeneko argazki denda zuten Azpeitian. Garai haietako estudio horietako bat; karneta fotoak, ezkontzakoak, komunioetakoak, bataiokoak egiten ziren bertan. Niri betidanik gustatu izan zait marraztea. Horrenbeste nuen gogoko ze aitak eta amak Komikigintza, Aerografia eta Marrazkigintza ikastera bultzatu ninduten.

«Fotomontajeak nituen begiko Photoshop agertu baino askoz lehenago. Orain flipatzen nau mugimendua harrapatzen duen Mocap teknikak»

– Ara! Normalean gurasoek ez ohi dute nahi semeak 'muñekitoak' marrazten pasa dezan bizitza.

– Suertea izan dugu Aitorrek eta biok, gureak bestelakoak ziren.16 urterekin Bartzelonan nengoen, komikiak eta arte bisualak lantzen dituen Joso eskola famatuan.

– Eta nola, mila demonio, ikasten/irakasten da komikiak sortzen? Ez du ematen ikasketa oso arauturik izan daitekeenik.

– Ba oso serio eta aldi berean poz handiz ikasten genuen. Diziplina guztiak jorratzen genituen, gidoia, teknikak eta beren hobekuntzak, tramak erabiltzea...

– Tramak?

– Aro analogikoan inprentan erabiltzen ziren adhesiboak, alegia. Garrantzitsuak eta garestiak.

– Zertarako erabili?

– Itzaletan testurak lortzeko.

– Aerografiaz egiten zenuen ilustrazioa. Eta ikaskideekin... fanzineak. Nolakoak?

– Oso 'underground'-ak, pentsa Makoki eta 'Creepy' genituela eredu.

– Arkatz urdina tradizionala baino gustukoagoa zenuen urte haietan.

– Arkatz urdina komikietan erabili ohi zen(da) trazoak, irudiak, sortzeko. Tintaztatu aurretik ibiltzen zara lapitz horrekin. Kontu handiz, tentuz ibili ere. Ez ahaztu, pasa garaietan 'Kontrol Z' teklari ematerik ez zegoen, ez zenuen hain erraz ezabatzeko modurik. Berriro diot, analogikoak ziren urte horiek.

– Iritsiko ziren ba digitalak.

– Eta 3D teknika. Software guztiak. Photoshop. Azpeitian nengoen ordurako bueltan, ezkontzen erreportajeak, jaunhartzeak eta bataioak egiten. Marrazten ere. Eta bideo kameraz labur 'kasposoak' filmatzen (edo). Maitatzen nituen ere fotomontajeak, 'collage'ak. Eskuz egindakoak. Gogoan dut...

– Zer?

– Ba Joko Olinpikoetan piszina batera jauzi egiten zuen kirolari baten irudia hartzen nuela eta hiri bateko 'skyline' gainean jarri. Izugarri maite nituen joko horiek. Photoshop agertzean, ulertuko duzunez, esnetan sentitu nintzen. Akabo jolas eder txuskeroak. Hor nuen nire desioko tresna.

– Izenez denok ezaguna da, azaldu alta photoshopa zer den.

– Argazkiak eta irudiak konpontzen dituen softwarea, imajinak manipulatzen dituena.

– 2012an Fernando Morillok idatziriko 'El fuego de las sombras/Itzalen sua' ilustratu zenuen eta Gaumin argitaletxeak plazaratu.

– Hor ziren, hor daude. Mari jainkosa, Sugaar dragoia, Gaueko, Aker, Sorgin, Basajaunak... Betiko euskal mitologiako izaki oro. Hor ilustrazio zinematikoa eta interakzio artistikoak, infografia eta musika, estilismoa. Badaukat beste liburu bat; teknikoagoa izan arren, izenburu magikoa jarri nion. 'Creando el país de las maravillas'. Anayak kaleratu zuen.

– Ordurako, animazioa, zinema, 3Dak eta CGI, ordenagailuz generaturiko irudiak nahasten zenituen. Plazer handiz.

– Bene benetako kamera zinematografikoa erosi nuen eta zinemari ekin. Fantasiako zinemaren zale amorratua izanik, nire lan guztiek izuzko eta misteriotsuak dira. Lehenbizikoan, 'Lekaime'-n, naziak eta mojak nahasi nituen. Sitgeserako aukeratu zuten. Ez ordea Donostiako Beldurrezko Asterako. Ez dakizu zenbatekoa izan zen nire pena.

– Hamaika gau pasa duzu Antzoki Zaharrean ikusle, nolatan ez dut zure tristura ulertuko?

– Egin nituen (genituen, talde bat, ekoiztetxe bat garelako) 'Pasaia' eta 'Ospel' aurkitu nuen 'mocap' teknika, mugimendua harrapatzen, 'kapturatzen' duena. Baina sinetsi ala ez, aspaldiko 'matte painting' horiekin naiz nostalgikoa. Era berean, horren hobekuntza handia jasan duen kromakia erabiltzen ez zait ahaztu.

– 'Lekaime' ez zuten aukeratu Astean, egia, baina aurten saria eskuratu duzu. Mendeku edo erreparazio gozoa, alajaina.

– Ohorea ere. 'Gizaki'-k gazteen nahietan barrena bidaiatzen duen kreatura baten istorioa kontatzen du. Mutiko bat nahi du lagundu baina ezin helduok sortutako mundua garratz eta latza oso delako. Nik uste, epaimahaiak hori izan du kontutan, inozentea da animazioa. Ez ordea kontakizuna.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Mugimendu inozenteek talka egiten dute inguru krudel batekin 'Gizaki'-n»