
Hiritarrak
« Sorpresaz hartu nuen, bai; begiak ikusten ez duena ikusten du kamerak»Secciones
Servicios
Destacamos
Hiritarrak
« Sorpresaz hartu nuen, bai; begiak ikusten ez duena ikusten du kamerak»Familia-jatorria Nafarroako Lakuntzan duen Jose Mari, erretiroa aspaldian hartua den Aieteko bizilaguna, Bretxara jaitsi zen ostiralean erosketak egitera. Ramon Vizcaino enpresan egin zuen behar denbora luzez eta lan kontuak zirela, Australiaraino iritsi ere. Eguerdi partean bildu ginen tabernan, aperitifa orduan. Txakolina eta tortilla pintxoa hartuz, argazkigintzaz egin genuen berba. Izan ditu Jose Marik hainbat erakusketa garrantzi handiko. Azkenak 'Itzalaren gorazarre' zuen izenburu. Eskuratu ditu 80 urteko artistak sari ugari.
– Argentinako idazle handi eta misteriotsuak badu 'Itzalaren gorazarrea' izeneko poema...
– Bai eta esaten du bertan ilunantzak baduela zeozer eternala, eternitatearena.
– Japoniako maisu paregabeak badu liburu itzaltsua, justu izenburu berekoa...
– Ikaragarria da. Saiakera poetikoa, gai ugariz mintzo dena. Argiaz ere, jakina. Iluntasunaz ere, nola ez. Eta bien artean den mundu horretaz.
– Tanizakik itzala bizitzaren gidaritzat har dezakegula dio, gure beldurrak, desirak eta irritsak ulertzen laguntzen baikaitu.
– Idazten du ere, eta hori oso deigarri gertatu zitzaidan, Mendebaldean edertasuna distirarekin lotzen dugun bitartean, Ekialdean erraz asko ulertzen dute itzaletan, ilunean, ere edertasuna dagoela. Horrek baieztatu zuen, zidan, nik nuen ideia, inpresioa...
– Zein? Zertaz?
– Pentsatzen nuen nik argazki bat ateratzean nahitaezkoa zela ikuspuntua, ikusmira; kameraz hartu nahi zenuen hura, disparo, tiro egin aurretik buruan izan behar zenuela. Pentsatzen nuen ere gauzak begiratzeko moduan zegoela sekretua (sekreturik bada ere....). Tanizakiren liburuak beste ikuspuntu bat gehitu zion nire zaletasunari. Beste zerbait irakatsi zidan ere poltsan, kamerarekin eta tripodearekin batera , daramadan liburu honek...
– Gauza inperfektuen gaineko zerbait, igual?
– Horixe, bai. 'Wabi-sabi' hitzaren esanahiaz jabetu nintzen.
– Zeuk berri esandakoa, inperfekzioaren aitortza, iragankortasunaren errekonozimendua.
– Objektu 'arruntetan' ere edertasuna aurkituko duzula sinestea. Entziklopedietan agertzen den bezala, horren inguruan bada jarrera filosofiko bat, gauzen, bizitzaren eta gure iheskortasunean oinarri duena; iheskortasunean eta iraunkortasun ezean.
– Horrek bultzaturik, behin baino gehiagotan Naturan zein gure eguneroko bizitzan oso ohikoak diren objektu, gauza, produktuak hartzen dituzu helburu eta bitarteko. Piperrak, esaterako. Tipulak. Kandelak. Telebista itzaliaren pantaila. Oihalak kasik kiloka saltzen dituzten dendetako batean erositako trapuak...
– Horrelaxe nabil bai. Alde batetik, esandakoagatik, ikuspuntuak duen garrantziagatik. Bestetik,esperimentuak gustuko ditudalako. Ez dit inporta 'prueba/error' bidea hartzeak, ez zait nekoso egiten bitan, hirutan saiatu beharra. Eta bai, benetan uste dut, sinetsi ere: inguratzen gaituzten gauzetan ezkutuko zerbait dago. Argiarekin, itzalekin eta haien artean diren ñabardura guztiekin jolas eta joko egitera ausartzen bazara, ustekabean hartuko zaituzten emaitzak baietz lortuko. Sukaldean ibiltzen naiz ni asko...
– Eta?
– Ba, derrepentean, egun batean argia ikusten duzu tipularen azalak zehartzen, zulatzen. Eta burutazioa datorkizu, egingo al dut prueba? Beste batean, Edward Westonen lanari buruzko liburua hartzen duzu (asko irakurtzen dut argazkigintzaz). Bere hasieretan piktoralista samarra zen, baina pixkanaka joan zen aldenduz eta argazkigintza zuzenaren alde egin zuen apustua. Famatuak dira piper batzuei aterako argazki bereak, bat, '30 zenbakia' izena duena, bereziki. Gauza bera egitea okurritu zitzaidan. Baina kontu bat aipatu behar dizu.
– Aurrera.
– Begiak ikusten ez duen hori ikusten du kamerak. Eta bere begiradak beti harritzen zaitu.
– Zu ere? Ez al duzu ba esaten kameraren botoia sakatu aurretik baduzula argazkia buruan?
– Eta badut. Nik ez ditut gero zuzenketak egiten. Nik klik egin orduko prestatu dut kamera; exposizioa dela, belozidadea dela, argia dela, ISO delakoa dela. Nik ez dut itsumustuan mila klik egiten eta gero gerokoa. Ez, nik konposizioa aldez aurretik dut asmatua, amestua. Eta hala ere, berriro diotsuet, kamerak ikusi duen horrek harritu egiten nau...
– Mintza gaitezen zure arrosa zimeldu eder horiez...
– Tanizakirengana eta Wabi-sabi joerarantz jo behar dugu berriro. Arrosak ederrak zirenean hartzen nituen nik kameraz. Ikasi nuen gero zimeldurik direla zenbat ñabardura ikusgarri ematen duten.
– Ez duzu zure buruaren gorazarrerik egiten baina esaguzu zure dohainetako bat kameraz.
– Zuri-beltzez ikustea. Ez da gaitasun itzela baina, koloreak harrapaturik gaudenez, erraza da galtzen. Nik badut, zuria. Beltza. Eta haien arteko grisak, itzalak, argia... iluntasuna.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Recomendaciones para ti
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.