Borrar
Zutik, ezkerretik eskuinera, Amaia Azkue (Berastegiko alkatea), Miren Segurola (UEMAko koordinatzailea) eta Manuel Labaka (Beizamako zinegotzia). Eserita, Eneka Maiz (Etxarri Aranazko alkatea), Josu Labaka (UEMAko lehendakaria) eta Joxe Mendizabal (Zestoako alkatea).
Udal Legeak arnasguneen zaintzan lagun dezake, UEMAren ustez

Udal Legeak arnasguneen zaintzan lagun dezake, UEMAren ustez

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak dio testuak udalei hizkuntza politikan aitortzen dizkien eskumenek «hainbat leiho» irekitzen dizkietela «politika ausartak» garatzeko

N.A.

Martes, 19 de abril 2016, 16:26

Hiru hamarkada eta erdiren ostean, hilaren 7an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Udal Legea, EAJ eta EH Bilduren arteko akordioari esker. Honezkero indarrean dagoen testuak udalgintzaren alor asko zehazten eta finkatzen ditu, eta dagokien tokia ematen die herritarrengandik gertuen dauden erakundeei EAEko mapa instituzionalean.

Besteak beste, euskarari dagokionez dio udalek eskumena dutela «euskararen erabilera sustatzeko eta beren eskumeneko zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintza egiteko», zehaztuz eskumen horiek baliatu ahal izango dituztela «ordenantzak, erregelamenduak eta jarduera-planak» onartzeko. Era berean, «beren arteko harremanetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako administrazio publikoekiko harremanetan euskara gero eta gehiago erabil dadin» sustatzeko, «adostasuna bilatzeaz gain», erabili ahal izango dute «hizkuntza ofizial bat nahiz bestea, beste hizkuntza ofizialerako itzulpenik aurkeztu beharrik izan gabe».

Zehaztapen horiek, hain zuzen, lege aldetiko babesa ematen diete maiz auzitegietan bukatu duten, eta hainbat kasutan bertan jarraitzen duten, zenbait udal erabakiri. Jakina denez, euskaraz bizitzeko erabakia hartua duten hainbat udalen aurkako helegite ugari jarri izan ditu Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, eta berriki sententziaren baten seko ukatu du udalek hizkuntza politikan eskumenik dutenik.

Urrats garrantzitsua

Legeak ohikoa den garapena beharko badu ere testu orokorreran jasotzen ez direnak zehazteko eta jardunbideak finkatzeko, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak positibotzat jo du urratsa. Orioko udaletxean egindako agerraldian, UEMAko lehendakari Josu Labakak azaldu duenez, «lege berri honek hainbat leiho zabaltzen dizkie udalei, euskararen inguruko hizkuntza politikan erabakiak hartu ahal izateko». Inguruan zuzendaritza batzordeko zenbait kide zituela, Azpeitiko zinegotzi den Labakak gogora ekarri du «Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, 25 urtean euskararen aldeko politika ausartak garatzen arituta, oztopo handiak ezagutu ditu antzeko lege batek ematen duen lege babesik gabe».

Izan ere, «udalerri euskaldunek, euskararen aldeko hizkuntza politika ausarta garatzeko, beharrezkoa zuten lege honek hainbat arlotan ematen dien babesa». Legearen balorazio positiboa egiteaz gain, «lege hau onartzeko denbora luzean sukaldean aritu diren alderdien lana aitortu eta eskertu» du, UEMAren izenean. Legea «udalerri euskaldunetan abian ditugun hizkuntza politikentzat urrats garrantzitsua» dela ere azaldu du, «derrigorrezko elebitasun orekatua» arindu duelako eta udalei hizkuntza politika zehatzetarako eskumena aitortu zaielako. Horrez gain, legeak UEMAn sartzeko aukera legez babesteu du, eta kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak txertatzeaz gainera, «euskara hutsezko akta, agiri eta dokumentuei balio juridiko argia ematen die behingoz».

Arnasguneen zaintza

Legeak dakartzan beste bi nobedade dira udalerri euskaldunak, lehen aldiz, subjektu gisara aipatzea, eta lege babesa ematea Eragin Lingustikoaren Ebaluazioari. Horrek, hain zuzen, hirigintza planek hizkuntzan izango luketen eragina neurtzen du, eta tresna oso garrantzitsutzat jotzen da arnasguneak, euskara sasoi onean dauden guneak alegia, zaintzeko.

Agerraldian gogoratu dute «Udal Legeak euskararen inguruan bildu dituen hainbat artikulu, arnasguneen zaintzarako UEMAk egindako bidearen eta lanaren isla» direla. UEMAren ustez, alor horretan egin beharreko lana ez da amaitu, Labakak gogoratu baitu udalak euskaldunagoak izan arren «udalerri euskaldunak erdalduntzen» ari direla. Hori dela eta, «euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egitea» beharrezkoa denez, UEMAk azaldu du zein den Mankomunitatearen egitekoa: «Bidea zabaltzen segitzea, elkarlanean, udaletatik herri honen orube nagusia zaintzeko eta sendotzeko ahaleginean, euskara baita herri honen oinarri eta orube nagusia, beste alor batzuetan gehiegitan ahazten den arren».

Udal Legeak, UEMAren ustez, ematen du horretarako aukera. Nahiz eta ez jaso Mankomunitatearen aldarrikapen denak, «aurrekari oso garrantzitsua» da. Zentzu horretan, Nafarroan dozena bat kide dituen UEMAk Nafarroako Gobernuari ere antzeko urratsak eskatu dizkio, «bertako udalerri euskaldunak zaintzeko».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Udal Legeak arnasguneen zaintzan lagun dezake, UEMAren ustez