Borrar
Josu Labaka, Mikel Irizar, Iñaki Alegria eta Paul Bilbao.
Hirigintzaren eta euskararen arteko harreman orekatuaren bila

Hirigintzaren eta euskararen arteko harreman orekatuaren bila

Maiatzaren 12an egingo den 'Lurraldea eta Hizkuntza.Oraina&Geroa' jardunaldia aurkeztu dute Donostian, 2014az geroztik egin diren urratsak azpimarratuz

m.i.

Jueves, 28 de abril 2016, 16:38

Gutxitan ikusi da egitasmo bat horren azkar bideratzen eta, neurri batean bederen, gauzatzen. 2014an, Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea jardunaldiak artean inork gutxik aintzat hartzen zuen hirigintzaren eta hizkuntzaren arteko harremanean finkatu zen begirada, ohartuta hirigintzaren aldetiko aldaketek bazutela eragina herrien egoera linguistikoan. Zehatzago, euskararen arnasgune diren herri euskaldunen egoera linguistikoan. Orduko hartan hartu zen konpromiso nagusia izan zen eragin linguistikoa neurtuko zuen tresna, ELE, definititzea.

Iaz egin zen bigarren jardunaldian aurkeztu zen ELE, eta euskararen arnasguneak babestu eta indartuko dituen arkitektura juridiko berri bat sortzeko beharra ikusi zen. Aurreko biak bezala Foru Aldundiak, UEUk, UEMA udalerri euskaldunen mankomunitateak eta Kontseiluak antolatutako hirugarren jardunaldia maiatzaren 12an egingo da Donostian, UPV/EHUren Carlos Santamaria zentroan. 'Lurraldea eta Hizkuntza. Oraina & Geroa' du izenburua, eta aurrera begiratzeaz gain erakutsiko du zenbat aurreratu den bi urteotan: ELE ari da honezkero aplikatzen hainbat udaletan, eta Legebiltzarrean berriki onartu den Udal Legeak bildu ditu arkitektura juridiko berri horren lehen zantzuak.

ELE tresnaren aplikazio zehatzei eta geroari begira jarriko da, beraz, ostegun honetan Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu den Jardunaldiak. Euskaraz egingo dira saio guztiak, doakoa da parte-hartzea eta izena ueu.eus webgunean eman daiteke.

Esperientzia zehatzak aztertu

Hirugarren edizio honetan, hain zuzen, hiru urteko zikloa ixtearekin batera Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) tresnaren oraina eta etorkizuna irudikatu nahi da, esperientzia zehatzak aurkeztuz, balizko kalteak apaltzeko neurri zuzentzaileez hausnartuz, eta ELE tresnaren txertaketa legal posiblea iradokiz.

Mikel Irizarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza berdintasunerako Zuzendari Nagusiak abiatu du prentsaurrekoa: «Hirigintzak edo herri lanek ingurumenean zuten eragina neurtzen hastea zerbait exotikoa izan zen, 70eko hamarkadan. Orain, ordea, legez egin beharrekoa da eraginaren neurketa eta, emaitzen arabera, neurri zuzentzaileak hartu behar dira. Eta gerta daiteke egitasmo bat bertan behera geratzea, eragin hori gehiegizkoa eta saihestezina izan badaiteke. Duela hiru urte lurralde antolamenduaren eta hizkuntzaren arteko loturak aztertzen hasi ginenean, hura ere ezin exotikoagoa suertatu zen. Baina denbora erakusten ari da norabide egokian egindako lana zela, dagoeneko eragin linguistikoa ebaluatzeko lehen saioak egin dira eta aurtengo jardunaldian esperientzia horietaz arituko gara. Gaia dagoeneko euskal agendan dago, Lekarozko Aroztegia lekuko. Eta gure legedian ere sartu da: onartu berri den Tokiko erakundeen legeak eragin linguistikoaren ebaluazioa arautzen du. Eta Galesko Bangor herrian gelditu berri dute 366 etxebizitza egiteko proiektu bat. Han ez da bat ere exotiko.Eta gurean ere eragin linguistikoaren ebaluazioa hasi da exotiko ez izaten».

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, berriz, azpimarratu du hain justu hiru urteko zikloaren emaitzaren garrantzia. «Hirugarren jardunaldi hauekin zikloari amaiera emango diogu, baina azpimarratu nahiko nuke jardunaldi hauek, honez gero, arrakastatsuak izan direla eta helburu nagusia bete dutela. EAEn onartu berri den Udal Legeak jaso egiten du Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egin beharra, hain zuzen ere, jardunaldi hauen lehen urtea definitu genuenean geure helburua jarri genion helburuetako bat bete egin da, eta, beraz, hiru urtetako lan honek ondarea utzi du», esan du. Bere ustez, horrek erakustek du «zernolako eragina izan dezakeen euskalgintzaren eta instituzioen arteko konplizitateak eta elkarlanak». Orain arte egindako urratsak gogora ekarri ostean, adierazi du une honetan lehentasuna duela ia inork zalantzan jartzen ez duen «arazoari aurre egiteko neurri zuzentzaileak proposatzeak».

Gaiaren inguruko pedagogia

Josu Labakak, UEMAko lehendakariak nabarmendu duenez, «azken urteotan GFAk, Kontseiluak eta UEMAk abiatu genuen bidea eta egindako lana ari da emaitzak ematen, eta Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien ibilbidea eta horrek izan duen eragina da horren lekuko. Lurraldeak eta hizkuntzak lotura bazutela uste genuen, eta azterketek eta egindako bideak hori horrelaxe zela baieztatu digute. Udalerri euskaldunetan gertatzen ari den hizkuntzaren bilakaeran badu lurralde antolaketak eta hirigintzak zer esanik. Baina hori horrela dela esateaz gain, hizkuntzaren gaia zeharlerrotasunez lantzen hasi, eta egoera berrirako behar genituen tresnak sortu ere egin ditugu».

«Lehenengoz Euskal Herrian, eragin lingusitikoaren ebaluazioa neurtzeko tresna sortu dugu. Iazko jardunaldien ondotik, UEMAk bere udaletan tresna hori erabiltzen hasteko konpromisoa hartu zuen, eta baita bete ere. Eragin linguistikoaren ebaluazioa errealitatea da gaur gaurkoz: Lekarozen, Orion, Alegin, Orexan, Munitibarren eta atzetik tantaka tantaka datozen beste hainbat udaletan aitzindari lana egin dugu. Eta lan horri esker, besteak beste, lortu dugu udalerri euskaldunetan egoera soziolinguistikoan eragina izango duten proiektuetan eragin linguistikoaren ebaluazioa EAEko udal legean bertan txertatzea ere», azaldu du.

Asko egin bada, asko dago egiteko. «Lan handia dugu gai hau jendarteratzen eta gai honen inguruko pedagogia egiten. Udalerri euskaldunetan horretan ari gara. Izan ere, gizarte osoaren sentsibilizazioa ezinbestekoa da, hizkuntzaz ari garenean, ekologian eta beste esparru batzuetan hain ohikoak diren kontzeptuak ulertezinak bihurtzen direlako askorentzat», esan du Labakak

Jardunaldiaren inguruko zehaztasunak Iñaki Alegria UEUko Zuzendariak eman ditu. Aurreratu du hiru zati nagusi izango dituztela. Hala, ELE tresnaren esperientzia zehatzak aurkeztuko dira, balizko kalteak apaltzeko neurri zuzentzaileei buruz hausnartuko da, eta ELE tresnaren txertaketa legal posiblea ere aztertuko da. Bestetik, Iñaki Alegriak aurreratu du datorren ikasturtean antolatzaile guztiek gai honi buruzko graduondoko bat prestatu dutela EHU/UPVrekin batera.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hirigintzaren eta euskararen arteko harreman orekatuaren bila