Borrar
EGK
«Ez dago historiaz ikasteko modu hoberik, lekukoen testigantzak entzun genituen lehen eskutik»

«Ez dago historiaz ikasteko modu hoberik, lekukoen testigantzak entzun genituen lehen eskutik»

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Etikasi programaren deialdi berria ireki du giza eskubideen urraketez hausnartzeko eta memoria jorratzeko

Jon Agirre

Donostia

Viernes, 25 de febrero 2022, 10:48

Ez da bakea eta bizikidetzarekin lotura duten gaiak gazteekin lantzeko Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) egindako lehen ekimena eta Etikasi deituriko programa honen funtsean horixe dago, partaideen asmoa eta eskaria. «Aurrekoetan jasotako erantzun onarekin pausu bat gehiago ematea erabaki genuen», azaltzen du EGK-ko presidenteak, Maialen Olabek.

1986an sortu zen EGK eta ordutik gazteei eragiten dieten esparruetan sortu ditu proiektuak gazte eta administrazioen artean zubi-lana egiteko. Gizartearen isla, jorratutakoa eraldatuz joan da eta azken urteotan, krisi ekonomikoa bitarte, gai sozioekonomikoak izan dira nagusi, baita emakume eta gizonen arteko berdintasunari lotutakoak. Hala ere, Olabek defendatzen du bakea eta bizikidetzaz hitz egiteko espazioak sortu diren bakoitzean gazteek interesa erakutsi dutela. «Enplegua edo etxebizitzarekin harremana dutenak lehen lerroan daude, feminismoarekin lotura duten gaiek oihartzun gehiago dute, baina bake eta bizikidetzarekin loturiko proiektuak ere eskatzen dizkigute, horrelako gehiago behar direla adierazten digute».

2014an sortu zuen EGK-k lan-arlo propioa eta 2015ean 'Bakehizketak' aste-bukaerako topaketa egin zuten memoriaz, gatazkaz, giza eskubideez eta gazteek jakin nahi zutenaz hitz egiteko. Ildo horretatik doa Etikasi programa, funtsean «hezkuntza-proiektu» bat, EGK-ko presidentearen hitzetan. Enpatiaren aldeko apustua egiten du, etikari eta Giza Eskubideei buruz ikastea du helburu eta, horretarako, hauen urraketek markatutako tokiak bisitatzen dira, besteak beste Belfast, Auschwitz eta 2021eko ekitaldian Pasaia, Errenteria eta Lemoiz.

Maialen Olabe, EGK-ko presidentea. EGK

«Ez daude horrelako ekimen asko. Hasieran sorpresa hartzen dute gazteek, honelakoak ez direlako ohikoak», azaltzen du Olabek. Horregatik egonaldiak egun batzuetakoak izatearen aldeko apustua egiten du EGK-k. «Gazteak gogoz azaltzen dira eta hobe da denboran luzeagoa izatea. Ikusi eta ikasitakoa digeritzeko hobe da, denbora gehiago uzten zaie eta pausuak motelago ematen dira». Eta filosofia hori mantentzen da egonaldietako metodologian ere.

Sukalde lana, gakoetako bat

Etikasi bezalako programa bat sortzeko laguntza behar zela argi izan zuen EGK-k, ezin zutela zerotik abiatu eta dena modu teorikoan soilik planteatu. «2018an diseinatutako hiru faseak, gazteei eskainitako aurretiko formakuntza, bidaia bera eta osteko ebaluazioa, lehen eskutik kontrastatzea funtsezko ikusi genuen», azaldu du Olabek. Horretarako bi izan ziren pausuak: lehenik, SOS Arrazakeriak Auschwitzera gazte-talde batekin egindako bidaia baliatu zuten; eta, ostean, Belfastera joan ziren. «Formakuntzan zer landu eta nola eman aztertu genuen, bidaietan ikus genitzakeen lekuak bisitatu eta bertako eragileekin harremana egin genuen eta azkenik ebaluazio irizpideak kontrastatu genituen».

Lehen bidaia hura proba pilotua izan bazen ere, Olabek oso balorazio positiboa egiten du. «Noski, beti dago zer hobetu, baina gazteentzat oso aberasgarria izan zen. Etikasi programa oso eraldatzailea da, guretzat ere oso interesgarria izan zen». Bat datoz bai Uxue Artigau zein Ubay Morin. Lehenak Historia ikasten du eta bitan hartu du parte Etikasin, bigarrenak kazetaritza eta 2021ean Pasaia eta Errenterian egindako aste-bukaeran izan zen. Batak zein besteak aurrez interesa zuten memoria eta giza eskubideekin zerikusia duten gaietan eta programan ikusitakoak perspektiba berri bat eman zien.

Uxue Artigau eta Ubay Morin, Etikasi programan parte hartu duten bi gazte.

«Ikastetxean gaiaz irakurri nuen eta Etikasiren berri izatean ez nuen zalantzarik izan. Kontua da gerora perspektiba guztiak gainditu zituela». Formakuntza saioetan lehen gakoak jaso zituztela dio Artigauk, baina benetako ikaskuntza Belfasteko bisitan jaso zuela. «Ez dago historiaz ikasteko modu hoberik, lekukoen testigantzak entzun genituen lehen eskutik. Biktima eta biktimen familiarren lekukotzak. Gogorra da, oso diskurtso ezberdinak entzun genituen eta barrua asko mugitzen du. Baina ez nuke zalantza egingo eta edonori gomendatuko nioke izen ematea».

Antzeko hitzak ditu Morinek. «Euskadiko gatazkaz gehiago jakin nahi nuen, horregatik etorri nintzen Leioara Kazetaritza ikastera. EHUko korreo bat jaso eta segituan eman nuen izena». Bere kasuan ez zuen bidaiarik egin. «Pasaia eta Errenteriako aste-bukaeran jende mordoa ezagutu genuen, profil oso anitzekoak. Ahots asko entzun genituen, baina ez zen diskurtso edo txapa izan. Oso dinamika parte-hartzailea izan zen, oso aberasgarria».

Biek nabarmentzen dute hautatutako metodologia, espazio seguruak lortzeko balio baitu. «Talde txikietan geunden, ez genuen beldurrik edo lotsarik galderak egiteko. Konfiantza esparru bat sortu zen», dio Morinek. Eta ez da maiz ematen hori. «Normalean, ezezagunekin, bestelako gaiak jorratzen dira. Ordu gutxian halako giro on bat sortu zen eta gatazkaz, memoriaz edo giza eskubideen urraketez jardun ginen». Esparru hori eskertu zuen ere Artigauk eta horrek eraman zuen 2021ean berriro ere izena ematera. «Oso une hunkigarriak bizi genituen, perspektiba berri bat ematen dizu Euskadin gertatutako guztia ezagutzeko».

Covid-19aren kolpea

Bizitzako beste hainbat esparru bezala, 2020an eztanda egin zuen Covid-19aren pandemiak kolokan jarri zuen Etikasi. «Kolpe handia izan zen guretzat, 2019an baino askoz gazte gehiagok eman zuten izena. Pena handia eman zigun, baina bertan behera utzi behar izan genuen». Eusko Jaurlaritzarekin adostuta hartu zen erabakia eta une oro harremanetan egon ziren zer egin zitekeen erabakitzeko. Ez zen posible izan ekimena berreskuratzea eta 2021ean bidaiatzeko arazoak manten zitezkeela aurreikusita Etikasi birpentsatu zuten. «Gure beldurra proiektua estankatzea zen, bidaiak zirelako hanketako bat eta beste herrialdeetara joateko arazoak oztopo handia ziren. Horregatik, egoera luzatzen ari zela ikusita, proiektuaren muinera joan ginen». Hau da, giza eskubideen urr

EGk

Hala, 2021ari begira bi deialdi egin ziren: batetik, aste-bukaera bat Pasaia eta Errenterian; eta, bestetik, egun bateko topaketa Lemoizen. Eta 2022an osasun egoera desegonkorra ikusita, antzeko planteamendua egin du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak: deialdi orokor batean hautatuko dira gazteak eta bi egonaldi egingo dituzte. Batetik, uztailean Belfasten bost egun igaroko dituzte; eta, bestetik, urria-azaroan Pasaia eta Errenterian egindako aste-bukaera biziko dute.

Etikasi programan izen-emate epea martxoaren 13an amaituko da. Berau 18 eta 30 urte bitarteko ikasleei bideratuta dago, bai Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako Zikloetakoei zein Unibertsitateko graduko ikasleei. Informazio guztia eskuragarri dago EGKren webgunean.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Ez dago historiaz ikasteko modu hoberik, lekukoen testigantzak entzun genituen lehen eskutik»