Urgente Las 10 noticias clave de la jornada

«Euskarak behar duen jauzia» eragiteko taupada berria

Aktibismoaren egungo joerak aintzat hartuz Euskaltzaleen Topagunea 'Taupa euskaltzaleen mugimendua' izango da eta elkarteez harago Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretuko ditu

Jon Agirre

Donostia

Sábado, 14 de diciembre 2024, 13:02

«Euskarak behar duen jauzia» eragiteko, aro berri honek sortutako erronkei behar bezala «erantzuteko», Euskaltzaleen Topaguneak «gauden tokitik mugitzea» funtsezkoa dela ebatzi du. Hala, aurrerantzean, 'Taupa euskaltzaleen mugimendua' izango da. Erabakiaren atzean, noski, ez dago soilik izen aldaketa hutsa, funtzionamendua ere moldatuko baita. Hau da, euskara elkarteez gain harago iritsi eta Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretuko baititu aurrerantzean mugimendu zabala izateko.

Publicidad

Hasiera berri hori irudikatu dute larunbat goizean Bilboko Kafe Antzokiaren aurrean egindako ekitaldian. «Gauzak aldatzeko sortu ginen, eta gauzak aldatzera goazelako, eragin nahi dugun tamainako eraldaketa gorpuztea dagokigu», ondorioztatu du Jasone Mendizabal koordinatzaile orokorrak

Ez da euskararen bueltako elkarteak batzen dituen mugimenduak izandako lehen eraldaketa, betidanik izan baitu bere DNAn unean uneak eskatzen zuenera egokitzeko sena. 1996an jaio zen Euskara Elkarteen Federazio gisa eta 2013an jaso zuen larunbat honetara arte izan zuen deitura, Euskaltzaleen Topagunea. Presidente karguan, nola ez, izan dira ere izen ezberdinak: Mikel Irizar, Elena Laka abokatua (2014-2019), Kike Amonarriz (2019-2023) eta Irati Iciar 2023ko irailetik.

Bide horretan hainbat izan dira kongresuak eta zenbaitek norabide moldaketa hori islatu edo markatu dute, esaterako 2011n egin zen oinarri filosofikoak zehaztu zituen Oinarriparrak edo 2023ko azarokoa, «epe labur eta ertainera iparra» zehaztu eta aurretik zetorren hausnarketa prozesua hauspotu zuena. Honen baitan «jendartearekin konektatzeko bokazioz» euskararekin harreman ezberdina duten Euskal Herri osoko ia 200 lagunen bizipenak eta iritziak entzun dituztela xehatu du Jasone Mendizabal koordinatzaile orokorrak bi bidetatik. Batetik, Batera Jauzi jendarte laborategian euskararen erabilera biderkatzeko baldintzak aztertu dira; bestetik, Nafarroari begira herritarren artean euskararen aldekotasuna indartzeko diskurtso eta praktiken inguruko azterlana egin da 'Gero eta aldeko gehiago' izeneko taldearen eskutik.

Topagunetik mugimendura

Jon Zapata Taupako Aktibazio arduradunak azaldu du euskara elkarteak izan direla eta izango direla mugimenduaren muina, baina aurrerantzean, elkarteetan antolatuta egon gabe ere, euskararen alde ekarpena egin nahi duten herritarrek euskaltzaleen mugimendura batzeko aukera izango dutela, eta elkarterik ez dagoen herri eta eskualdeetan bizi diren euskaltzaleek nazio mailako erreferentzia berri bat izango dutela: «Euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro gara, eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osoan antolatzera».

Publicidad

Era honetara, komunitategintzan indarra jarriz, euskararen aldeko konplizitateak orain arte baino esparru gehiagotara zabaldu nahi ditu Taupa mugimenduak. Bide berean, datorrena «erabileraren aroa» izatea jarri dute jomuga bezala eta, horretarako, «baldintzak sortzea» aldarrikatu dute.

Euskaraldian begirada

Irati Iciar Taupako lehendakariak euskaltzaleak saretzeko eta aktibazio ildoa garatu ahal izateko denbora beharko dela argitu du eta, bide horretan, Euskaraldia mugarri izan daitekeela iritzi du., milaka herritak akribatzen dituela oroituz. «Datozen hilabeteetan, taupada guztiak Euskaraldiaren erritmoan jarri behar ditugu, berriz ere, erraldoia izan dadin. Pentsa, 320.000 herritar baino gehiago dira noizbait ahobizi edo belarriprest gisa parte hartutakoak; 10etik 1 euskaltzaleen mugimendura batzea lortuko bagenu, zertarako gai izango ginateke?»

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad