Borrar
Antolatzaile eta Koordinazio Mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariak, ostegun honetan Iruñean. Euskaraldia
Euskaraldiaren laugarren edizioak erronka berriak izango ditu

Euskaraldiaren laugarren edizioak erronka berriak izango ditu

2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den edizioa «euskararen erabilera aktibatzeko mugimenduan» bilakatuko da

Itziar Altuna

Donostia

Jueves, 24 de octubre 2024, 19:25

Laugarren edizioa egingo du Euskaraldiak maiatzean, «euskararen erabileran eragiteko daukagun tresna, bide eta modu masiboenak», Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak ostegun honetan Iruñean egin den aurkezpen ekitaldian definitu zuen bezala. Aurreko edizioetan ez bezala, oraingoan udaberrian egingo da, ikusgarritasun handiagoa lortu nahian. Baina hau ez da datorren edizioko berrikuntza bakarra izango, izan ere, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialetik, euskararen erabilera aktibatzeko mugimenduan bilakatzeko erronka izango du Euskaraldiak.

Nafarroako Antzerki Eskolan erakunde, gizarte eragile, enpresa eta herri batzordeetako ordezkari zein herritarrak bildu ziren edizio berriak izango dituen ezaugarri nagusiak ezagutzeko. Urkijoren esanetan, Euskaraldiak hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial gisa duen eraginkortasuna aski frogatua geratu da edizioz edizio egin izan diren ikerketetan –320.000 herritar baino gehiagok hartu dute parte noizbait–, baina baditu «bere mugak». Hortaz, ekimena «ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzea» proposatu dute antolatzaileek, «berrabiaraztea», herritarrengan berriz ere «ilusioa masiboki» piztuko badu.

Honela, «Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia» aldarrikatu zuten atzoko aurkezpen ekitaldian eta horretarako euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua sortzearen beharra, kaleko euskalgintza, euskaldun eta euskaltzaleak mugiaraziz. Norabide horretan, dagoeneko hainbat txokotako herri batzordeak hasiak dira lanean eta ibilbide horretan lagungarri izango dute Euskaraldiak ondutako gida praktikoa, 'Euskara aktibatzaileen gida-liburua', non herritarren aktibaziorako modu berriak proposatzen dituen.

Hain zuzen, laugarren edizioaren leloak berak –'elkar mugituz egingo dugu'– aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan dugun eraginari egiten die erreferentzia. «Euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz», azpimarratu zuen Urkijok.

Hizkuntza portaerak

Berritasunak berritasun, Euskaraldiaren oinarria mantendu egingo da, «eraginkorra baita». Hortaz, partaideek 'ahobizi' ala 'belarriprest' rola hautatuko dute eta 11 egunez, maiatzaren 15etik 25era, dagokien txapa jantzita egingo dute ariketa. Antolatzaileek txaparen erabileran azpimarra jarri zuten, «txapak ahalbidetzen baitu ariketa bera, norberaren hizkuntza-portaera zein izango den adierazten du». Ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea izango da, eta parte hartzeko modua, maila pertsonalean edo kolektiboan.

Gainera, azpimarra berezia jarriko da Euskaraldiak gizarteratu eta arau sozial bihurtu nahi dituen hizkuntza portaeretan: hala nola, lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskaraz egitea.

Euskaraldian parte hartuko duten herriak dagoeneko hasi dira izena ematen, eta zenbaitetan jada 4. edizioa irudikatzen hasita daude. Entitateek ere izena emateko epea zabalik dute www.euskaraldia.eus webgunean. Herritarren txanda martxoan iritsiko da, orduan zabalduko baita 'belarriprest' edo 'ahobizi' bezala izena emateko aukera.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskaraldiaren laugarren edizioak erronka berriak izango ditu