«Euskararen alde aktibatu nahi baina nola egin ez dakienari laguntzera gatoz»
Jon Kobeaga eta Jon Zapata Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko ordezkariak. ·
Hizkuntzarekiko jarrera aktibo bat izateko proposamenak aztertuko ditu Taupa mugimenduak hilaren 30ean Bilboko jardunaldian maiatzeko Euskaraldiaren atarian
Duela hilabete euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro zenetik, Taupak diskurtso osagarri bat gorpuztu du. Euskaltzaleak aktibatu eta saretzeko proposamenak gizarteratu nahi ditu eta maiatzeko Euskaraldiaren antolaketa bete-betean dagoen honetan, hilaren 30ean jardunaldi bat prestatu du Bilbon euskalgintza osoari irekia. Jon Kobeaga jardunaldiaren arduradunak eta Jon Zapata Tauparen aktibazio arduradunak ekimen honen muina azaltzen digute.
Publicidad
– «Milaka aktibatuko bagina, zertarako gai izango ginateke?», diozue leloan. Erantzungo al zenukete zeuek?
– Jon Zapata: Jardunaldi hauek antolatu ditugu aktibazioaren garrantzian sinesten dugulako. Gizarte aktibo bati esker lortu daitezkeen aurrerapausoak askoz handiagoak direla uste dugulako. Jende asko behar dugu gauza desberdinak egiten, halako bultzada bat behar dutelako bai gure mugimenduak, baita euskarak berak ere.
– Zer esan nahi duzue 'aktibatu' aditzarekin?
– J. Z.: Hitzak berak aldaketatxo bat iradokitzen du. Jarrera kontu bat izan daiteke, mugimendu bat egitea, gauza txiki bat, edo handia, aldatzea. Norbanakoak egin ditzakeen aldaketetatik hasita modu kolektiboan egin ditzakegun aldaketa horiek lortzeko bidea bezala ulertzen dugu aktibazioa.
– Nola aktibatzen da norbera?
– J. Z.: Ez dago modu bakarra. Modu asko daude eta guztiak garrantzitsuak dira. Ez da ezta ere une oro aktibatuta egon behar, modu puntualean ere aktibo egon daiteke. Inplikatu daiteke Euskaraldia datorrenean, edo herriko beste kontu batzuetan. Jarrera aktibo hori lantzen badugu, aldaketak etortzeko aukerak biderkatu egingo dira.
– Euskaltzaleek ba al dakite nola aktibatu daitezkeen?
– Jon Kobeaga: Horregatik, beraiei euskararen aldeko eragile izateko proposamenak luzatu nahi dizkiegu Taupatik. Kaletik entzuten dugu: «Euskaltzale gara, eta euskararen alde gaude, baina ez dakigu nola egin gure ekarpena». Hori diotenei proposamenak luzatu nahi dizkiegu. Eragileak behar baititugu euskarak beste urrats bat eman dezan. Milaka euskaltzale zer izango ginake? Horren inguruan hausnartuko dugu datorren osteguneko jardunaldian.
Publicidad
– 2001. urtetik antolatu duzue jardunaldi hau, baina lehenengo aldia da Taupa sortu zenetik. Zerbait aldatzen al da?
– Jon Kobeaga: Euskaltzaleen topagunetik Taupa izatera helburu jakin batek eraman gintuen, , besteak beste: gizarteari aktibatzeko proposamenak luzatzea, bakoitzaren interes eta gogoetan oinarrituz.
– Botako al zenidateke proposamenen bat oraintxe bertan?
– J. K.: Agian errazena lehen hitza euskaraz egitea da. Epe laburrean, Euskaraldia bezalako egitasmo batean parte hartzea, edota ekimen bera antolatzeko tokian tokiko batzordeei laguntzea. Edo mintzapraktikak...
Publicidad
– J. Z.: Herri askotan euskara elkarteak daude eta bakoitzak burutzen dituzten jardunaldietara hurbiltzea da beste bide bat. Baina gu ere horretarako gaude. Tauparen webgunean aktibatzeko izen- ematea zabalik dago. Gure intentzioa hortik eskaintzak egitea da.
– Nola?
– J. K.: Euskal Herriko edozein txokotako euskaltzale batek euskararen alde aktibatu nahi badu baina ez badaki nola egin, guk horri lagundu nahi diogu. Tauparen webgunearen bitartez bere prestutasuna azaldu behar digu eta guk bere interes guneen arabera aktibatzeko proposamenak egingo dizkiogu. Detektatuta daukagu asko garela, baina ez ditugu ezagutzen aktibatzeko moduak.
Publicidad
– Webgune horretan euskaltzaleak ekarpenak egitera ere gonbidatzen dituzue. Jaso al duzue ideia berritzailerik azken hilabete honetan?
–J. Z.: Batzuk jaso ditugu eta erantzuten ibili gara. Hala ere, abenduaren 14ean egin genuen publiko eraldaketaren mezua eta diskurtsoa gorpuzten egon gara batik bat. Datozen hilabeteetan jorratuko ditugu proposamenak eta hasteko, noski, Euskaraldira bideratuko ditugu indar gehientsuenak. Baina bai, jaso ditugu mezuak eta zabalik dagoen zerbait da gune hori. Jendea gonbidatzen dugu ekarpenak egitera.
– Euskaraldiak laugarren edizioa izango du aurten. Aurrekoak balorazio ona izango zuelakoan, ezta?
– J. K.: Urtez urte ikusi dugu egitasmo arrakastatsua dela. Herriz herri antolatzen den mugimendu bat da. 400 herri batzorde aktibatu izan dira Euskaraldia antolatzeko eta 320.000 herritarrek parte hartu dute ahobizi edo belarriprest moduan edizio guztietan zehar. Ariketaren beharra ezin da zalantzan jarri. Eraginkorra dela esan genezake, kopuruagatik baina baita eragiten duen aldaketagatik eta hausnarketarako ematen duen bideagatik. Aurten, berritasun bezala, udaberrian izango da –maiatzaren 15etik 25era–, kaleak hartzeko urte sasoi aproposa delako. Uste dugu arrakastatsua izango dela, dagoeneko herriz herri aktibatzen ari dira eta batzorde asko.
Publicidad
– Non geratzen da honetan guztian Administrazioa?
– J. Z.: Bi plano bereiziko nituzke. Euskaraldian erakunde publikoekin batera elkarlanean ari gara, eta hortik sortzen da ekimena. Gu gehien bat herrietako aktibazioaz eta sustapenaz arduratzen gara eta lan hori nahiko aitortua dago. Bestalde, Topaguneak historikoki burutu duen sustapen lana osoa ez da soberan aitortutako zerbait izan. Hori ere lantzeko bideak jorratzen ari gara.
– Bukatzen ari gara eta saldu ezazue hilaren 30eko jardunaldia.
– J. K.: Euskaltzale oro animatu nahi dugu gure webgunean izena ematera. 30ean Bilboko jardunaldian zertarako gai izan gaitezkeen irudikatu nahi dugu. Beste mugimendu batzuk (ekologismoa) nola aktibatu diren eta haiengandik zer ikasi ahal dugun aztertuko dugu. Aktibazioak zer nolako eragina duen herritarren emozioetan. Eta saretzeko zein modu berri dauden. Eta unibertsitatean nolako modu berriak dauden ikasleak aktibatzeko...
Noticia Patrocinada
– Sarrera ordaindu behar al da?
– J. Z.: Bai. Taupako bazkideek 20 euro. Gainontzekoek, 25.
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.