Borrar
UEMAko bazkide diren udaletako ordezkariak, larunbatean Seguran egin zuten Batzar Nagusian. uema
Estrategia demografikoan euskararen ikuspegia txertatzea proposatu du UEMAk

Estrategia demografikoan euskararen ikuspegia txertatzea proposatu du UEMAk

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hainbat ekarpen egin dizkio asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko den 'Erronka Demografikoa: 2030erako Euskal Estrategia' dokumentuari

m. imaz

Martes, 17 de mayo 2022, 13:31

Asteazken honetan, Eusko Legebiltzarrak osoko bilkura monografikoa egingo du Jaurlaritzak prestatu duen 'Erronka Demografikoa: 2030erako Euskal Estrategia' dokumentuaren inguruan. Izan ere, duela egun batzuk gaiaren inguruan egindako jardunaldi batzuetan Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkari Nagusiak azaldu zuenez, «Euskadiko, Estatuko eta Europako panorama demografikoa lehen mailako erronka estrategikoa da gure etorkizunerako» eta, erronka horri aurre egiteko, 2021az geroztik sailarteko eta erakundearteko prozesu bat egon da abian, aipatu dokumentua osatzen joateko.

Legebiltzarrera heldu aurretik eztabaidagai egon da lan-dokumentua hainbat astez, eta hori oinarritzat hartuta hainbat ekarpen egin ditu UEMAk, uste duelako «hizkuntza-politikaren ikuspegitik ere giltzarria dela» Estrategia Demografikoa. Horregatik, «lan-ildoetan euskararen normalizazioarekin lotutako neurriak txertatzeari ere ezinbestekoa» iritzi dio.

UEMAk, lehenik eta behin, nabarmendu du «estrategiaren zimendu»-tzat jotzen diren oinarrietan (eraldaketa sistemikoa eta progresiboa, genero ikuspegia, aniztasuna, erantzukidetasuna, adinekoen eskubideak eta gazteen emantzipazioa) ez dela agertzen euskararen normalizazioa.

UEMAren ustez hori «ezinbestekoa» denez, proposatu du oinarri horietan honako hau txertatzea: «Euskararen normalizazioaren ikuspegia. Estrategia honetan jasotako neurriek kontuan izango dute euskararen normalizazioa. Helburua da euskararen erabilera indartzeko mesedegarriak izan daitezkeen neurriak hartzea eta balizko eragin negatiboak prebenitzea. Arreta berezia jarriko da arnasguneetako garapen endogenoa sustatzean».

Ekarpen zehatzak

Horretarako, lan dokumentuak proposatzen duen jarduera planaren zati bakoitzean ekarpen zehatzak egin ditu UEMAk. Jarduera planaren lehen zatian, epe laburrerako inpaktua lortzea helburu duenean, esaterako, gazteak udalerri euskaldunetan errotzeko laguntzak eta haur eskolen zerbitzua bermatzeko neurriak proposatu ditu.

Jarduera planaren bigarren zatian, berriz, ibilbide luzeko eraginari dagozkion neurrietan, etxebizitzak eskuratzeko baldintzetan udalerriko bizilagunen lehentasuna finkatzea edota udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa bultzatzeko tokiko planak diseinatzea dira abiapuntuak UEMArentzat, baita adinekoentzako zerbitzuak bermatzea eta zaintzaileen prestakuntzan euskara txertatzea ere, migratzaileei harrerarekin euskara eskaintzearekin batera.

Azkenik, jarduera planaren hirugarren zatian, zeharkako ildoei dagokienean, hiru proposamen egin ditu UEMAk: landa ingurunean herri horietako biztanleak bertan gera daitezen neurriak sustatzea, dokumentuak planteatzen duen diagnostiko tresnen eta prospekzio azterlanen programan udalerri euskaldunen errealitatea ere txertatzea, eta erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa, baliabide gutxien duten herrietan arreta berezia jartzeko.

Lankidetza eta koordinazioa

Azken batean, UEMArentzat, erronka demografikoari erantzuteko ezinbestekoak izango dira bi oinarri: batetik, zeharkakotasuna, har daitezkeen neurriek beste eremu batzuetan eragin dezaketelako, euskararen kasuan, esaterako, egoera soziolinguistikoan; bestetik, eragile guztien arteko lankidetza eta koordinazioa.

UEMAren arabera, «hizkuntza politikan pauso handiak eman dira urteotan, baina agerian geratu da ebidentzia bat: hizkuntza politika ez da berariazko politikekin egiten, beste eremu batzuetan hartzen diren neurriek zuzenean eragiten baitiote euskararen egoerari».

Horregatik, UEMAk «ezinbesteko» ikusten du estrategia demografiko honetan ere kontuan izatea euskararen indarberritzea, eta bereziki aintzat hartzea udalerri euskaldunen egoera, haien garrantzia eta zaurgarritasuna ikusita. «Estrategia honetan soilik ez, udalerrien garapenean eragina duten proiektu guztietan hartu beharko litzateke aintzat errealitate hori», dio UEMAren ekarpenak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Estrategia demografikoan euskararen ikuspegia txertatzea proposatu du UEMAk