Borrar
Irati Iciar eta Aitor Bengoetxea, UEUren Udako Ikastaroen aurkezpenean. UEU
Hilabetez «gogoeta gune» izateko ikastaroak
UEUren 51 Udako Ikastaroa

Hilabetez «gogoeta gune» izateko ikastaroak

UEUk ekainaren 13tik uztailaren 12ra antolatuko ditu 51. Udako Ikastaroak

I. Mendia

Viernes, 26 de mayo 2023, 12:38

Ekainaren 12an hasi eta hilabetez «gogoeta eta hausnarketa gune» bihurtzea helburu duen Udako Ikastaroak aurkeztu ditu Udako Euskal Unibertsitateak (UEU). Orotara 17 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu hainbat eragileekin elkarlanean Eibar, Baiona, Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Errenteria, Tolosa eta Usurbilen, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko. Antolakuntzatik nabarmendu duten bezala, ahalik eta jende gehiagok parte hartu dezan, 10 euro balioko dute matrikula guztiek.

2023ko saioak, 51. edizioa izango dena, «arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune» bezla definitu dituzte Aitor Bengoetxeak, UEUko Zuzendariak eta Irati Iciarrek, UEUko Udako Ikastaroen arduradunak, Iruñean egindako aurkezpenean. Jardunaldi guztiak neurrira egindakoak direla azaldu du UEUren Udako Ikastaroen arduradunak: «Udako Ikastaro hauek lankidetzan oinarritzen dira, eta hainbat eragilerekin batera antolatu ditugu aurten: Kontseilua, BadaLab, JAKIN, ALDEE, GEZKI,... Eta jende multzo zabalak izena eman dezake bertan: alorreko profesionalak eta adituak, gaian interesa duenak eta azken finean, euskaldun guztiek».

Aitor Bengoetxeak hartu du lehendabizi hitza: «UEUren Udako Ikastaroek 50 urteko bete zituzten zituzten iaz. Donibane Lohitzunen egin ziren lehen Udako Ikastaro horiek hainbat euskaltzalek eta erakundek bultzatuta, euskara unibertsitatean ere erabili zitekeela sinetsi zutelako. Orduz geroztik, urtero-urtero, bost hamarkadetan zehar UEUren Udako Ikastaroek ez dute hutsik egin udako beraien hitzordura (1977tik aurrera Iruñean), eta jakin izan dute urte hauetan guztietan gizartearen beharretara egokitzen. Hasieran hitzaldi irekiak ziren, ondoren jakintza-alor espezifikoak, barnetegi moduan Larraonako garaian, laburragoak eta aditu eta profesionalei begirakoak azken urteetan, eta iazko urteurrenaren hariari jarraiki, hausnarketa eta gogoetarako gune dira orain. Besteak beste, hori baita UEUren funtzioetako bat: Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gai eta eztabaidentzat gune akademiko euskaldun bat eskaintzea gure gizartea aberatsagoa izaten laguntzeko asmoz».

Irati Iciarrek, UEUren Udako Ikastaroen arduradunak Udako Ikastaroen izaera aldaketa azaldu du: «Iaz, 50. Udako Ikastaroek UEUren ibilbidea eta egindako lana ospatzeko aukera eman ziguten, baina baita Udako Ikastaroen inguruan hausnartzeko parada ere. Hori dela eta, iaz UEU zein gure gizartearentzat estrategikoak ziren gaiak landu genituen hainbat jardunaldien bidez. Aurten, nahiz eta zenbaki borobila ez izan, bide horri eutsi, formazio-esparrua gainditu (hori urtean zeharreko eskaintzarekin bideratuko dugu) eta Udako Ikastaroak gogoeta gune bezala finkatzea erabaki dugu».

Hala ere, udakoen ezaugarriak bere horretan mantenduko direla azpimarratu du Iciarrek: «Aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa da udakoetan, jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburua. Horietaz gain, kalitatea da beste ezaugarrietako bat. Gure antolatzaileak adituak eta arituak dira proposatzen dituzten gaietan eta horiek mimatzen saiatzen gara. Udakoak arnasgune akademikoa dira bertara hurbiltzen direnentzat eta baita euskaldunen topagunea ere».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hilabetez «gogoeta gune» izateko ikastaroak