Ane Elordi (AEK-Korrika), Idurre Eskisabel (Kontseilua) eta Irati Iciar (Topagunea), euskalgintzako ordezkariez inguraturik. Kontseilua
Korrikatik Euskaraldira

«Hizkuntz eskubideetan sakontzea justizia soziala da»

Euskalgintzak agerraldia egin du Baionan administrazioei pausoak aldarrikatzeko eta herritarrek emandako bultzada aintzat hartzeko

Jon Agirre

Donostia

Miércoles, 15 de mayo 2024, 16:30

Txanponaren bi aldeak azalarazi dituzte asteazken honetan Baionan Askatasunaren Plazan euskalgintzako eragileek egindako agerraldian. Batetik, pasa den martxoaren 14tik 24ra 23. Korrikak utzitako irudiak gogora ekarri dituzte, non «milaka euskaltzalek euskararekin bat» egin zuten; baina aldi berean errealitateagatik arduratuta azaldu dira, oraindik euskara «hizkuntza minorizatua» delako. Ildo horretan, administrazioei «herritarrek emandako bultzada» aintzat hartzeko eskatu diete eta eskariei erantzuteko pauso eta politika publiko «ausartak» eskatu.

Publicidad

'Korrikatik Euskaraldira, herritarren bultzada euskararen aldeko politikei' lelopean egindako bilkuraren lekua zein data ez dira ausazkoak izan. Lehena, euskararen aldeko martxaren amaiera gunea izan zelako; bigarrena hura amaitu eta hilabete igarota, urtebete justu falta delako 2025eko maiatzaren 15etik 15era izango den IV. Euskaraldirako. Bertan izan diren Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Ane Elordi AEK-Korrikako koordinatzaileak eta Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak adierazpen bateratua irakurri dute

Aldarrikapen eta eskarien bitartez batu dituzte eragileek «euskararen aldeko bi ekimen jendetsuenak», bide batez «euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderka daitezen, aktibatuta segitzeko» gizarteari eta euskaltzaleei dei eginda. Eskisabelek esan bezala, «herritarren bultzada ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberritzeak aurrera egingo badu». Hori bai, era berean argi utzi du horrekin soilik ez dela «aski» eta aurrera egiteko «hizkuntza politiketan jauzi bat egin eta euskararen aldeko politika publiko sendoagoak indarrean jartzea ezinbestekoa» dela.

«Estres linguistiko» gabe

Ildo berean mintzatu da Iciar, «euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak» Euskal Herri osoan «biderkatzeko» gizarte aktiboaren «indarra» funtsezkoa dela iritzita, besteak beste martxoan euskararen aldeko martxak herri eta hirietan barrena, errepide bazterrean zein Baionan amaieran osteko festan egin zuen bezala. «Oztopo eta traba guztien gainetik euskararekin dugun konpromisoa aldarrikatu dugu». Ildo horretan kokatu dute ere hemendik urtebetera egingo den Euskaraldia eta hartan egin bezala deia egin diete «euskal hiztun izan ala ez» parte-hartzera eta ariketak iraungo duen 11 egunetan «estres linguistikoa» ahaztera. «Edizio are eraginkorragoa izan dadin nahi dugu, jendeak euskaraz hitz egiteko leku eroso gehiago izan ditzan, kalean euskara gehiago entzun dadin», adierazi dute. Hala, 2025ean ere ahobizi eta belarriprest figurak izango dira erabiltzaileen «hizkuntza ohiturak» aldatzeko eta «inertziak apurtzeko».

Eskisabel, Iciar eta Elordiz gain agerraldian hainbat erakundetako ordezkariak izan dira, besteak beste Bixente Claverie (AEK Ipar Euskal Herria), Aize Otaño Lizarralde (AEK), Jasone Mendizabal Altuna eta Zilia Heredia Irigoyen (Euskaltzaleen Topagunea), Goiatz Urkijo Castañares (Euskaraldia), Sébastien Castet eta Jakes Bortayrou (Euskal Konfederazioa), Nekane Artola Labordeta (Euskal Herriko Ikastolak), Joanmari Larrarte Telletxea (Elkar), Amagoia Mujika Tolaretxipi eta Iban Arregi Epelde (Berria), Jon Abril Olaetxea (Elhuyar), Aitor Bengoetxea Alkorta (Udako Euskal Unibertsitatea), Ibon Leibar Belastegi (Euskal Herrian Euskaraz), Josune Arruabarrena Arruabarrena, Laida Begiristain Apaolaza eta Iñigo Igartzabal Bidegain (Maizpide Euskaltegia), Maite Asensio Iparragirre eta Asier Gorostegi Aliri (Hezten Aisialdi Euskaltzalea), Joseba Aurkenerena Barandiaran (Karmel Aldizkaria), Biga Bai, Elorri Arin Elizagoien (Konkolotx) eta Oihana Galé Zamponi (Eusko Ikaskuntza).

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad