Borrar
Geldi badago, ez dago arazorik. Martxan jarriz gero, bermatu behar da kartelak ez duela ikuspena oztopatzen. C. MORENO
Autoa hartzean konturatu gabe egiten ditugun 11 huts

Autoa hartzean konturatu gabe egiten ditugun 11 huts

Urraketa oso larriak ez izan arren, gidatzen goazela normaltzat jotzen ditugun hainbat portaerak isuna eta puntuen galera ekar dezakete

m. imaz

Viernes, 24 de agosto 2018, 16:21

DGTren aurreikuspenen arabera, uda honetan 89,3 milioi bidaia egingo dira Espainiako Estatuko errepideetan, iazko sasoi berean baino %2 gehiago. Gipuzkoan ere areagotu egin da uda honetan ibilgailuen kopurua. Uztailean, esate baterako, milioitik gora ibilgailu pasa ziren Irungo ordainleku nagusitik, iaz baino %5 gehiago, Foru Aldundiak emandako datuaren arabera. Aldundiak berak adierazi berri du asteburu honetan 170.000 ibilgailu igaroko direla ordainleku horretatik.

Horietako askok isunen bat eramango dute etxera oporren oroigarri. Oporretan ez dauden gidariak ere ez daude isun handietatik libre. Jaso ditzakete abiadura handiegian gidatzeagatik; segurtasun-uhalak jarrita ez eramateagatik; stop seinariari jaramon ez egiteagatik; semaforoa gorrian pasatzeagatik; alkoholaren edo beste substantzia batzuen eraginpean gidatzeagatik... Badira, alegia, guztiok ezagutzen ditugun urraketa larri eta oso larriak, baina horien ondoan badaude beste zenbait portaera ohikotzat jotzen ditugunak eta, araudia azken urteetan asko zorroztu denez, buru-hauste bikaina bilaka daitezkeenak.

Urraketa handi eta txikiak, ezagunak eta ezezagunak, zentzuzkoak eta xelebre itxura izan dezaketenak, DGTk bere webgunean duen 'Código de Tráfico y Seguridad Vial' 1.000 orrialdetik gorako dokumentu potoloan aurki daitezke, hor bildu baitute, 2018ko abuztuaren 13an eguneratua, araudi osoa. Lana errazteko, ezustean harrapa gaitzaketen zenbait urraketa bildu ditu reclamador.es erreklamazio-plataformak.

Hamaika arau hauetatik, zenbait urratu izan dituzu edo urratzen dituzu huts egiten ari zarela eta garesti ordain dezakezula konturatu gabe?

  1. 1

    Ezin da...

    Kamisetarik edo oinetakorik gabe gidatu

Bero jasangaitzari aurre egiteko kamiseta kentzeagatik, edo hondartzatik zein igerilekutik irtetetan oinetakoak ez janzteagatik 200 eurorainoko isuna jaso dezakezu, autoa gidatzen ari bazara eta harrapatzen bazaituzte.

  1. 2

    Ezin da...

    Whatsappik eta txiorik bidali

Gidatzen den bitartean telefonoz hitz egitea aspaldi debekatu zen eta, horrexegatik, aspaldi sortu ziren eskuak erabili gabe telefonoz hitz egitea ahalbidetzen duten tramankuluak. Hala eta guztiz ere, gidatzea eta telefonoz aritzea bateragarriak direla uste dutenak asko dira, eta areagotu egin da kopurua whatsappak eta, oro har, sare sozialak gure bizitzaren erdigunean ditugunetik. Iaz, autoan eskuko telefonoa ezin dela erabili gogoratzeko abiarazi zen kanpaina baten aurkezpenean, orduko Barne Ministro José Ignacio Zoidok datu adierazgarria eman zuen: gidarien %25k telefonoz hitz egiten dute edo mezuak irakurtzen dituzte gidatzen doazen bitartean, eta %18k mezuei erantzun ere egiten diete, idatziz, autoa gelditu gabe. Une honetan 200 eurorainoko isuna jaso dezakegu, eta 3 puntu galdu, baina luze gabe gogortu egingo dira zigorrak.

  1. 3

    Ezin da...

    'Salgai' kartela eraman autoan

Karteldun autoa geldirik badago, tokian tokiko udalak ikusiko du zer egin batzuetan partikularrenak diren baina beste zenbaitetan eremu publikoa doan erabiltzen duten negozioen esku dauden autoekin. Autoa, kartel eta guzti, errepidetik badoa, baliteke alto ematea ziurtatzeko kartelak ikuspena ez duela mugatzen edo oztopatzen. Oztopatzen badu, 200 eurorainoko isuna jaso dezake jabeak.

  1. 4

    Ezin da...

    Esku bakar batekin gidatu

Ezkerreko eskua bolantean eta eskuinekoa abiadura-palankan; eskuineko eskua bolantean eta ezkerreko besoa, eskua barne, lehiatilan jarrita... Zenbatetan ez ote dugu guztiok horrela gidatu? Bada jakin behar da eskuetako bat bolantetik kentzen bada 80 eurorainoko isuna jaso dezakegula. Bi salbuespen daude: martxa aldatzeko edo tragoxka bat ur edateko bada, aska daiteke une batez eskua bolantetik.

  1. 5

    Ezin da...

    Gorputz-adarren bat inmobilizatuta daukagula gidatu

Eroriko, kolpe edo ebakuntzaren baten ondorioz gorputz-adarren bat, edo horren zatiren bat, igeltsuz edo beste sistemaren bat erabilita inmobilizatu badigute, hobe bolantea ez ukitzea mugikortasuna eta indarra erabat berreskuratu arte. Pentsatu dezakegu oso trebek garela, eta gure abileziak muga guztiak gainditzen dituela, baika zirkulazioa arautzen duten legeek beste iritzi bat dute, eta baldintza horietan gidatzeagatik 300 eurorainoko isuna jaso dezakegu, eta 6 puntu galdu.

  1. 6

    Ezin da...

    Erregai gutxirekin ibili

Erregairik gabe autoak ez dira ibiltzen, hori gauza jakina da. Erregai gutxirekin bai, ordea, eta maiz muturreraino eramaten dugu erregai-tangan gelditzen den erreserba; hori ahitu arte alegia. Komeni da ordea kontuz ibiltzea. Berez erregairik gabe gelditzea ez dago zigortuta, baina bat-batean erregairik gabe gelditzearen ondorio larrienentzat zigorrak aurreikusten dira. Hala, autoa enbarazu egiten edo beste gidatu batzuentzat arriskugarria izan daitekeen tokian gelditzen bazaigu, edo arazo horren ondorioz modu arduragabean gidatzen badugu, 200 eurorainoko isuna jaso dezakegu.

  1. 7

    Ezin da...

    Motorrentzat eta bizikletentzat gordetako lekuan gelditu

Gero eta semaforo gehiagotan, batez hiri eta herrietan, motorrentzat eta bizikletentzat gordetako lekuak daude, bi gurpileko ibilgailu horiek semaforoa gorri dagoen bitartean hor itxaron dezaten, eta berde jartzen denean autoen aurretik irten daitezen. Auto, autobus eta furgoneta gidari askok, itxuraz, ez dute arau horren berri, eta inolako ondoriorik izango ez balu bezala gelditzen dira toki erreserbatu horietan. Komeni da hortaz argitzea 200 eurorainoko isuna jaso dezakegula horrela jokatzeagatik.

  1. 8

    Ezin da...

    Aurreko autoari pega-pega eginda gidatu

Segurtasuneko distantzia uneoro mantendu behar da, baita hirian eta abiadura oso altua ez denean ere. Aurreko autoari pega-pega eginda joateak asko areagotzen du istripu bat izateko aukera, eta horrez gain 200 eurorainoko isuna ere jaso dezakegu, eta 4 puntu galdu.

  1. 9

    Ezin da...

    Orraztu, makilatu, bizarra egin edo jan

Portaera xelebreak iruditzen zaizkigu baina, pentsatzen hasita, zenbaitetan ez ote dugun kotxean eman azkeneko orrazi-kolpea, zenbaitetan ez ote dugun entzun «ni kotxean natorrela pintatzen naiz»... Bidaia mokadutxo baterako aprobetxatzea ere ohikoa da. Kontuz, baina: jarduera horiek distrakzio-iturri izan daitezkeenez, 200 eurorainoko isuna jaso dezakegu, eta 3 puntu galdu.

  1. 10

    Ezin da...

    Semaforoa horian pasatu

Gidari askok, derrigor gelditu beharreko semaforo bakarra gorria dela pentsatuz, argi horia azken segundoraino aprobetxatzen badute ere, araudiak dio horian ere gelditu egin behar dela. Semaforoa kolore horretan dagoela pasatzen bagara, 200 eurorainoko isuna jaso dezakegu.

  1. 11

    Ezin da...

    Musikarekin edo klaxonarekin jendea molestatu

Adi diskoteka ibiltariak gidatzen dituzten eta edozertarako klaxona gogotik zapaltzen duten gidariak... Ohitura horiek molestiak eragiten badituzte, edo gelditzen gaituenari iruditzen bazaio gogaikarriak direla, 80 eurorainoko isuna jaso dezakegu.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Autoa hartzean konturatu gabe egiten ditugun 11 huts