

Secciones
Servicios
Destacamos
Kondaira ahoz aho ibili da mendeetan zehar; behin batean bazen esmeralda koloreko lur bat, Eire izena zuena. Tokikoak ziren lur horretako noranzkoa erabakitzen eta zaintzen zuten goi-goiko jaun eta andreak. Bertakoak ere haien izaera trumoitsua baretzen saiatzen ziren apaizak; druidak deitzen zien herriak.
Zerbitzari bihurriak zituzten belar guztien sekretuetan aditu horiek; zeruetan behe munduan nola agertzen ziren seinaleak interpretatzen zekiten horiek. Leprechaun (iratxoa) izen zeltaz ezagutzen zituen herriak kreatura horiek, apaizen, deabruen eta goienetan zirenen agindupeko inguma horiek.
Garaietako iluntasunean ezkutatzen diren egun argitsuetako batean (izan zitekeen ere gau beltzetako batean) jainko arrotz baten berri zekarren gizona lehorreratu zen Eiren. Patrick zuen izena eta irla hartako biztanleek berak leial-leial aldarrikatzen zuen goiko jaun atzerrikoa onar zezaten nahi, gura, desio eutsiezinaz zetorren.
Izutu zen herria, zer zela-eta jainko berri batekin itaun berria sinatu beharrik? Asaldatu ziren druidak eta leprechaun guztiek bertan behera utzi zituzten beren maltzurkeriak. Matxinatu zen Eire. Apaiz zaharrek ingumek eta sugeek osaturiko armada magikoa bidali zuten Patricken kontra. Baina fede sendoa zuen itsasotik etorritako ebanjelariak eta ahalguztiduna zen irlara zekarren jainkoa. Menderatu zituen, zituzten, bere, beren, aurka bidalitako gerlari estrainioak eta Irlanda osoak munduko beste iskinetik ekarritako fedea besarkatu zuen, konbertitu guztiek erakutsi ohi duten adore basaz.
Erretiratu ziren druidak, sugeak eta leprechaunak mendietako zuloetara. Jakin bazekiten borroka galdu zutela. Ez ordea, ez alta, Denbora bukatu arte amaituko ez den guda. Patrickek ezarritako jainkoa aldaretan da, bai, baina planeta eta galaxiako iruditerian, zerbetza beltz krematsua eta leprechaunak dira esmeralda koloreko lur horren ikurrak. Are gehiago, fama, ospe, izen, sona handiko ekonomialariek leprechaun hitza erabiltzen dute egun irla horretako diruak, nazio-produktu gordina eta barne-produktu gordinaren izaera berezia azaldu ahal izateko.
Leprechaun Ekonomia, bai. Iratxoen Ekonomia. Egia, segun eta nola interpretatuz gero , adiera horri zentzu gaiztotu bat harrapatzen diozu. Azken finean, ingumek sorturiko edo babesturiko ekonomia bat, mamu-ekonomiatzat jo daiteke. Eta ez pentsa, errealitate kanpoko ukitu magiko bat dute Europako beste herri askoren inbidia diren Irlandako BPG eta NPG –en zenbakiak.
Kontinentan zifra horiek etengabe ari dira beherantz. Eiren, ordea, gorantz. Espainiako BPG %10,8 a jaitsi zen iaz eta Alemaniakoa, 4,9 a. Irlandakoa, ostera, %5,9 a igo. Izan zaitezte zorionekoak Joyce, Wilde, Bram Stoker, Neil Jordan, Bobby Sands edo Sinead O'Connorren herrikideak!
Seguru? Ez egin fido. Bada kontuan hartzeko moduko, ezinbesteko, nahitaezko puntu bat: Egia oso BPG-ko interesagarri eta laudagarria duela iratxoen aberriak, baina ekonomikalari makina baten esanetan, gezurrezkoak dira zifra miragarri horiek. Zer ba? Barruan dutelako Irlandan aterpe duten enpresa teknologiko ororen emaitzak. Baina ez Facebook ez Google, ez Microsoft, ez Trip Advisor, ez Amazon, ez Paypal ez dira bertakoak. Eta ez dute inolaz ere nazional bihurtzeko asmorik. Gustura daude tokiko zergak txikiak direlako. Gustura agintariengandik jasotako tratuaz. Bueltan, beren negozio-zifrek loditzen dituzte iratxoek jolas moduan manipulaturiko estatistikak.
Irlandako ekonomia benetan islatzen duen Nazio-Produktu Gordinari begirada botaz gero, benetako egoeraz ohartuko ginateke. Nazio bezala, Eire beste askoren parean da. Turismoa pikutara joan zaio eta aipaturiko enpresa erraldoi horiek ez dute bertakoentzako lanpostu gehiegi sortzen…
Hori gertatzen da diru kontuetan iratxoekin fidatzen bazara. Hala ere, animoso daude beraiek baso hostotsuetan, mundua bezain zaharrak dira eta ez dute amore emateko asmo handirik.
Handik urrun samar beste bi izaki ari dira munduko oreka desorekatua kolokan jartzen. Errusiako hartzak Ukraina nahi du bereganatu. Oraintxe. Txinako dragoiak ez du horrenbeste presarik. Antza, 2049 arte itxaron dezake baina bere nahi ditu egin Taiwan eta Hong Kong. Estatu Batuetako arranoa nerbioso oso jarri da. Baita Tasmaniako demonioa ere…
Elezaharretan agertzen diren kreaturengan omen, bide, ei da gizakion patua.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La Unidad de Trasplantes de Valdecilla, premio Cántabro del Año
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Recomendaciones para ti
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.