Jose Antonio Aduriz (Oiartzun, 1949) hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina hil da astearte honetan. Langile «fina, leiala eta apala», asko dira euskararen alde egindakoak bai Jakin taldean zein UZEIn. Ia 30 urtez izan zen euskaltzain urgazle eta ugari izan ziren parte hartu zuen batzordeak zein hiztegigintzan egindako ekarpenak.
Publicidad
Adurizek Deustuko Unibertsitatean egin zituen Euskal Filologiako ikasketak eta ostean Arantzazura joan eta fraide ordenatu zen, frantziskotar hain zuzen. Urte luzez Jakin taldeko kidea izan zen, nahiz eta euskara batuaren aldeko lanaren jardun nagusia UZEIn egin zuen. Hala, 1991ko urtarrilaren 31n euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak eta ordutik euskararen akademiako hainbat egitasmotan hartu zuen parte. Andres Urrutia euskaltzainburuak zein Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Iker sailburua eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak gorazarre hitzak izan dituzte oiartzuarrarentzat, ekarpen ugari eta garrantzitsuak egin zituela nabarmenduz. «Bi hitz datozkit burura: leialtasuna eta apaltasuna. Asko zor dio Euskaltzaindiak, eta Euskaltzaindiaren hiztegiak bereziki. Langile fina eta asperrezina zen Jose Antonio, euskal lexikografiaren habe gotorra», azpimarratu du Urrutiak. Era berean, Urkiak Euskaltzaindiaren Hiztegia aurrera eramateko ardura izan zuen euskaltzaina izan zela oroitu du, «isileko lana» askorentzat, baina argi utzi du «hari esker gaude gaur gauden tokian».
Ekarpenak zerrendatzea beti da arriskutsua, egindakoetatik asko kanpoan gera daitekeelako. Nabarmenetakoa Euskaltzaindiaren hiztegia osatzeko irizpideen sisteman egindakoa da, besteak beste hitzen estandarizazioan eta hauen finkatzean. Irakurleak uler dezan 'titulo' edo 'titulu' zalantzan zein zen egokiena eta zergatik, kasu honetan bigarrena, edo 'errenka'-k h hizkiz hasi behar zen ala ez.
Horretaz gain batzorde anitzetan egin zuen lan, besteak beste Lexiko Irizpideen batzordean, Egungo Euskeraren Bilketa Sistematikoaren batzordean, Hiztegi Batuko lantaldean eta Euskaltzaindiaren Hiztegiko lantaldean.
Urte luzez elkarlanean jardun zuen Andoni Sagarna euskaltzain emerituak Aduriz «gure bihotzean» izango dela adierazi du. Haren jardunetik Arantzazuk izandako eragina ere goratu du. «Frantziskotarren apaltasuna inork izan badu, Jose Antoniok izan du. Gizon jakintsua eta apala izan da. Uztartzen hain zailak diren bi bertute horiek goren mailan izan ditu. Euskal filologiako lizentziadun egin zen eta bizitza osoan euskararen ikerketan eta lanketan jardun du, UZEIn eta Euskaltzaindian». Ekarpenak ere balioan jarri ditu Sagarnak, 1987az geroztik eginak «batik bat lexikologian eta lexikografian. Beti sakon, beti zorrotz».
Publicidad
2018ko apirilaren 27an ohorezko euskaltzain izendatu zuten eta lanetik erretiroa hartu ostean Tolosako komentuan bizi izan zen, harik eta osasun-arazoek behartuta Bermeoko komentura aldatu zen arte.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
La artista argentina Emilia, cabeza de cartel del Música en Grande
El Diario Montañés
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.