Borrar
'Glittering Misfits' filmeko fotograma
Lur-azpiko New Yorken konpainia perilosoetan

Lur-azpiko New Yorken konpainia perilosoetan

Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen. Harro. Ahobero. Ahoan bilorik ez. Gorputza(k) agerian. Gorputza tresna, arma, agertoki. Diskurtsoan ez beldurrik, ez men egiteko asmorik. Ez banderarik, ez legerik. 'Glittering Misfits' burlesque berriaren ispilu gauekoa

Begoña del Teso

Donostia

Domingo, 6 de octubre 2019, 09:54

Glittering hitzak distiratsu esan nahi du. Neonezko argiak sortzen duen dirdira. Gauez. Hiri handiko lur-azpiko gauetan neonak eragindako dirdira hori, hain gardena ez dena. Misfits hitzak, berriz, moldatu gabea ideia dakar barruan bai, baina badu ere ukitu erromantikoa, erreboltaren aldekoa. Misfits zuen izena Marilyn, Montgomery Clift eta Clark Gablerekin John Hustonek, Arthur Miller gidoigilea zela, egin zuen filma ilunabarrekoak, herioak markatu hark. 1961 urtekoa. Bada ere izen bera duen telesaila. Britaniarra, bastante basatia. Bada bere burua misfit-tzat hartzen duen musika banda. Metalezkoa. Horror punkekoa.

Ez da ez nolanahikoa, ba, Iban del Campo zinema zuzendari Arrasatekoak filmaturiko pelikularen izenburuak duen oihartzuna; zaleongan, mota anitzeko beste misfitengan sorrarazten duen oroipen olatua.

Bada ordu eskasa dirauen dokumental berean beste kontzeptua, arras garrantzitsua, filma osatzen, betetzen, egituratzen duena: burlesque. XIX mendean Europako antzoki gau-gautarretan, barraketako taula gainean agertu zen arte mota honek badu antza handia kabaretarekin. Elkarri zor diote franko: mizto zorrotza, gizarte esanonekoari luzaturiko desaireak, soberako makillajea, boterearen kontrako jarrera, nahita bilatutako sexu-anabasa.

Agintean zeudenek arerio jotzen zituzten bai kabareta bai burlesquea. Gizartearen moralaz arduratzen ziren buruzagi itxurati guztiak, bai politikoak bai erlijiosoak saiatzen ziren beti kabaret eta burlesqueko artistak aldamenetatik uxatzen. Bufoien moduan, bereak eta asto beltzarenak esaten baitzizkieten goian zeuden aurpegi biko horiei.

Saiatu bai, lortu sekula ez. Nahiz eta bolada luze luzeetan artista horiek lur-azpian sartu behar izan ziren (ez ahaztu 'Cabaret' filmak kontatzen duena). Nahiz eta maiz(egi) urkamendian, kontzentrazio esparruetan edo erbestean bukatu.

XIX. mendean jaio eta XXI. honetan irmo, trinko, lotsabako, ahogaizto iraun. Ilunpean. Gauetan. Undergrounden jo ta fuego. Misfitek osaturiko lagunartekoa, ermandadea. Gizarteak inoiz onetsiko ez duen jendaia markaz kanpokoak sorturiko kofradia. Euren mitoak, euren idoloak, euren isilpeko mintzaira eta elkartasun propio eta berezkoa dituena. Gauez bizi dena. Antzokiak gauez betetzen dituena. XIX. mendean sortua, Milurteko honetan behar beharrezkoa, ezinbestekoa.

Mundu honetan, neonezko argiek eragindako itzalen artean sartu da Iban del Campo. Hamar urte pasa du bertan. Kamera analogiko batekin. Zintaduna. Dokumentalaren aspaldiko maisuek zerabilzkienen antzekoa, iguala kasik. Trumpen aroan, Putinen garaietan, ortodoxia politikaren egun ziztrin hauetan, inoiz baino garrantzitsuagoa, inoiz baino beharrezkoagoa da burlesque zutik, irmo, trinko, ahoan bilorik ez, irautea. Ondoan lekuko, testigu, kontalari bat duela.

Arrasatekoa. Eskarmentu handikoa zinema kontuetan, Iban. Del Campo. Egile, irakasle, epaile diru laguntzak banatzen dituzten hainbat eta hainbat mahaietan. Zinema industriaren merkatuetan borrokalari sutsua. Filmaketa batean Txinan izandakoa Burlesquek testiguak behar ditu. Eta ikusleak. Iban, lekuko. Ikusleak, gu.

Eta lur azpiko anai-arrebatarte honetako kofradeak nortzuk? Neurriz kanpoko kreaturak. Esaterako, Dirty Martini. Esaterako, Tigger! Undergroundeko izarrak. Politikaz, sexuaz, erlijioaz, gutaz, gaur egungo eta biharko munduaz zer esateko, zer salatzeko, zer erakusteko franko dutenak. Ahaztu barik unibertso ezberdin baten aldeko militanteak izateaz gain badirela artistak, sortzaileak, umore garratzaren maisu maistra ezin hobeak.

Ahaztu barik ikuskizunak aurrera egin behar duela. Lur azpian. Perilos. Kamera analogiko bat lekuko. Gu, aho bete hortz, begiak bete distira, ikusle. Denok Glittering. Denok Misfits.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Lur-azpiko New Yorken konpainia perilosoetan