Borrar

Salbuespenezkoa da dena. Gobernuko askotariko sailetatik ohartarazten dute, egunero, ohiz kanpoko egoeraren inguruan. Egiten dute jasotako zifren eguneraketa; zenbat lagun gaixotu diren, zenbat sendatu, zenbat zendu. Whatsapp-taldeak betetzen dira arau, betebehar eta gomendioz. Txoriak entzuten dira hiriko errepide alboko zuhaitzetan. Gero eta urrutiago sumatzen ditut orain arteko zarata eta abiadura.

Sare sozialetan, emanaldi akustikoak egiten dituzte kantari eta musikagile ezagunek, artistak ikus daitezke zuzenean lanean, eta kirola egiteko ariketa-sortak sareratzen dituzte kirolariek Instagram-en. Adituen moduan, serie eta filmak gomendatzen dituzte lagunek.

Garbitu dut zikin zegoen dena. Urrian hasitako liburuari heldu diot atzera, hasitako irakurgaiak amaitzeko asmo irmoz. Egunen erritmoa aldatu da apur bat, soldatapeko lanak exijitzen dituen orduak gorabehera, eta bizilagunak etxean daudela jakiteak ere bakardade sentsazioa murrizten lagundu dit.

Adituek esaten dute: buruko osasuna zaindu. Ez tematu egin ezin dezakezun guztiarekin. Eta hala ere, 'scroll'. Mugikorreko argazki guztiak ikusi ditut pare bat aldiz. Galeria garbitu dut, eta lagunekin komentatu ditut hondartzara joan ginen hartako itsaso barea, Essaouira-ko portuko kaioen kantu ozena, Habanan busti gineneko euri zaparrada, nautikoan jan genuen izozkia, atera ginen azken gauaren ondoko ajea, auzoko kafetegian jandako gosaria. Orain ezinezkoak diren egoerak denak.

Urrutitik begiratzen diot iazko urteari, eta baita orain arteko errutinei ere. Neurri, muga eta krisi berriak etorriko direla ikasten gabiltza. Salbuespenezkoa da dena, eta hala ere, inoiz baino arruntagoa dirudi bizitzak. Gela txiki ilun honetatik, gero eta argiago ikusten dut non dagoen bizitza.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Oroitzapenetara leihoa