Borrar
CodeSyntax-eko Luistxo Fernandez, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Wikilarien Elkarteko Galder Gonzalez, aurkezpenean. usoz
Sakelako telefonoetara iritsi da Txikipedia

Sakelako telefonoetara iritsi da Txikipedia

Wikipedia «handiegia gelditzen zaien» 8-13 urte bitarteko neska mutikoei zuzendutako entziklopediaren erabilgarritasuna areagotuko duen aplikazioa aurkeztu dute

nerea azurmendi

Lunes, 22 de marzo 2021, 13:52

Orain dela ia hiru urte, 2018ko apirilean, Wikipediaren enborrean ernatutako kimu sortu berri gisa aurkeztu zuten Txikipedia. Askoren lanari esker osatzen doan entziklopedia librea ikasle gazteenen beharrerara egokitzea zen proiektuaren xedea.

Etengabe sendotzen ari den adarrari adaxka berri bat sortu zaio: sakelako telefonoetarako aplikazioa, Donostian Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko Galder Gonzalezek eta aplikazioa garatu duen CodeSyntax enpresako Luistxo Fernandezek aurkeztu dutena.

Gerizpe onean jarraitu ahal izango du handitzen Txikipediak, maiz nabarmendu denez, eta Dobaranek gogoratu duenez, ondo egindako lanaren eta arrakastaren adibidetzat jo baitaiteke euskarazko Wikipedia. Dagoeneko 372.000 artikulu ditu –egunero gehitzen zaizkio berriak– eta, artikulu kopuruari dagokionez, existitzen diren 320 wikipedien artean, 32. postuan dago. «Europako hainbat hizkuntza ofizialen gainetik dago artikulu kopuruan, tartean greziera, daniera edo estoniera baino hobeto», zehaztu du sailburuordeak.

Egunero 1.500 ikustaldi ditu batez beste; 553.000 aurreko urtean, 2019an baino %55 gehiago

Txikipediak gainditua du 3.000 artikuluen muga, eta horietako asko ikasleek beraiek sortuak dira

Txikipedia da, gainera, Wikipediaren barruan garatzen ari den haurrentzako entziklopedia libre bakarra. Ander Gonzalezek adierazi du badirela haurrei zuzendutako entziklopediak sarean, eta jarri ditu hainbat adibide, baina bakar batek ere ez du euskarazkoaren eredua, askoren interesa pizten ari dena.

Haur eta gurasoentzat

8-13 urte bitarteko eskola-umeei zuzendutako entziklopediak gainditua du 3.000 artikuluen muga eta, nagusiena bezala, handitzen doa etengabe. Artikulu asko irakasleek sortuak dira, baina ikasleak ere asko inplikatzen dira edukien sorreran. Une honetan, esaterako, hainbat ikastola ari dira emakumezkoen biografiak sortzen Txikipediarako, Ikastolen eta Wikilarien elkarteen lankidetzaren baitan.

«Euskarazko Wikipediak erakunde eta eragile desberdinen lankidetza behar du eta ezinbestekoa izan da hezkuntza sektorearekin izandakoa», adierazi dute aurkezpenean. Lankidetza emankorra izan da: artikuluen edukia bikoiztu baino gehiago egin da proiektua hasi zenetik (%138). Unibertsitateko ikasleek, tarte honetan, bost milioi hitz gehitu dizkiote Euskarazko Wikipediari eta ehunka Txikipediako artikulu sortu dituzte jada. Berariazko egitasmoak dituzte, adibidez, matematikaren eta biologiaren arloetan.

Eduki-sortzailerik ez da falta, eta erabiltzailerik ere ez. Txikipedak, alegia, egunero 1.500 ikustaldi ditu batez beste, 553.000 azken urtean; 2019an 355.000 izan ziren, egunean 968. Alegia, %55 igo da ikustaldi kopurua urte batean. Telefono mugikorretarako aplikazioak, arlo horretan, irisgarritasuna areagotuko du, eta erabilera erraztu, aukera bikoiztu delako: interneten (txikipedia.eus) erabil daiteke, edo aplikazio erara Android eta iOS gailuetan. Webgunetik bertatik jaitsi daiteke CodeSyntaxek garatu duen aplikazioa, eta sistema eragile bakoitzari dagokion zerbitzuan ere bai.

Luzerari, terminologiari edo sintaxiari dagokienez, ikaslee gazteenei egokitzen zaizkie Txikipediaren artikuluak baina, Galder Gonzalezek esan duenez, «gurasoen bizitza ere erraztuko du», asko baitira seme-alaben galderei erantzuteko laguntza behar dutenak. Are gehiago etxea maiz eskola bilakatzen den garaiotan. Pandemiak, alegia, euskarazko edukien beharra areagotu du. «Iazko martxotik aurtengo otsailera 129 milioi orrialde zerbitzatu dira euskaraz, aurreko urtean baino %34 gehiago», zehaztu dute.

Ekimen irekia

Wikipediaren barruan egotean, horren ezaugarriak ditu Txikipediak. Entziklopedia libre eta irekia da, alegia, komunitateak osatzen duena. Euskal Wikilarien Elkarteko Ander Gonzalezek adierazi duenez, baldintza orokorrak bete behar dituzte Txikipediarako artikuluek: «Errelebantzia minimoa eduki, modu neutralean idatzi eta copyright-a ez urratu». Hori guztia, jakina, «Wikipedia handiegia gelditzen zaien eta sakonegia den» neska-mutikoentzat idazten dela ahaztu gabe. «Komunitatea bereziki ari da zaintzen artikulu horien egokitasuna», ziurtatu du, Wikipedian ez baitago zentsurarik, baina bai zuzentasuna bermatzeko mekanismoak. Gaiei dagokienez, nahasten dira curriculumaren arabera lehenesten direnak eta «guztiz aleatorioak».

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen lankidetzatik beste proiektu batzuk ere ari dira sortzen, hala nola irakasleentzako baliabideak eskaintzen dituen Hezkuntza Ataria. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan Wikipedia erabilita egin daitezkeen ariketa sorta handia biltzen du, baliabide pedagogikoekin eta bideo tutorialekin. Momentuz garatze eta osatze bidean dagoen ataria da baina etorkizunean hezkuntzan elkarlanak egiteko baliabide nagusia izatea du helburutzat.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Sakelako telefonoetara iritsi da Txikipedia